«Injustizia kronikoek zartatutako munduari» kritiko mintzatzea izanen dute xede Iruñeko Topaketek, urriaren 2tik 12ra

«Injustizia kronikoek zartatutako munduari» kritiko mintzatzea izanen dute xede Iruñeko Topaketek, urriaren 2tik 12ra

Albistegiak ikusi besterik ez dago. Hala uste du Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek berak ere. «Aski da albistegiak ikustea ohartzeko halako topaketa batzuk ezinbestekoak ditugula», esan du, zehazki. Iruñeko Topaketak nazioarteko kultur erakustaldiaren hirugarren aldiaren aurkezpenean, hitza hartzen azkena izan da Txibite, eta, hortaz, harena izan da aurretik mintzatu direnen azalpen eta gogoetei errematea emateko ardura. Baluarte kongresu jauregian eginiko ekitaldi arranditsuan, determinazioz ahoskatu du topaketak antolatzeko premiari buruzkoa presidenteak, eta, hain justu, puzzle batean elkarren ondoan kokatu beharreko bi piezaren antzera egin dute bat baieztapen horrek eta aurretik Ramon Andresek esandakoek. Iruñeko Topaketen programa zuzendaria da Andres, eta soseguz baina zorrotz plazaratu du Iruñeko egitasmoak duen bokazioa. «Guztiz azeleratua dagoen mundu bat dugu begien aurrean, eta, gainera, batzuek propio egiten dute ahalegina hura distortsionatzeko, guri ulergaitza izan dakigun. Totalitarismoaren goraldi betean, injustizia kronikoek zartatutako mundu honetan, hari kritiko begiratzeko erremintak ematea dute helburu topaketek 2022tik; aurten, berriz». Programazioa aletu, eta datak gogora ekarri dituzte: urriaren 2tik 12ra eginen dituzte topaketak. 

1972an Iruñean izandako arte topaketak akorduan, 2022an antolatu zituzten lehenbiziko aldiz Iruñeko Topaketak gaur egungo formatuarekin, eta, biurteko erakustaldi bilakatuta, 2024an ere egin zituzten berriz. Eta hirugarren aldia dute aurtengoa, hortaz. 

Egitasmoa urtetik urtera indartu egiten ari delako ideia nabarmendu dute antolatzaileek aurkezpenean, eta, besteak beste, horren erakusle da aldi honetarako ondu duten programazioa ere. Guztira 11 ibilbide antolatu dituzte —2024an bederatzi izan ziren—, eta dozenaka hitzaldi, tailer, esku hartze artistiko eta musika emanaldi programatu dituzte horietan. Jarduera gehienak doakoak dira, eta irailaren 7an zabalduko dute horietarako gonbidapenak eskuratzeko bidea. Aldiz, ordainpekoak diren emanaldietarako sarrerak gaurtik eros daitezke

Egitarauan parte hartuko duten emakume kopuruan ere egin dute azpimarra aurkezpenean. Programaren zuzendariorde Berta Aresek egin du aipamena, besteak beste, eta erakustaldiaren inaugurazio ekitaldia ekarri du hizpidera, segidan. Ez zoriz. Urriaren 2an, 19:00etan, Victoria Cirlot eta Blanca Gari Erdi Aroan adituen arteko solasaldi batek emanen die hasiera topaketei: Hildegarda de Bingen eta Margarita Porete mistikoei buruz arituko dira, —«izpirituari buruzko pentsamendu mendebaldarraren sustraiak ezarri zituzten emakumeak» dira, Andresen hitzetan—. Capella de Ministrers musika taldeak girotuko du saio hori, Carles Magranerren zuzendaritzapean. 

Caminos de otro hacer izeneko ibilbidean kabiarazi dute solasaldi hori topaketetan, zehazki. Antolatzaileek iradoki gisara, emakumeek historian izan duten garrantziaren eta memorian kolektiboan betetzen duten tokiaren arteko kontrastea azaleratzea eta «zuloa» betetzeko ekarpena egitea du ibilbide horrek helburuetako bat. «Baita pentsatzeko eta mundu hau habitatzeko bestelako proposamenak ekartzea ere», erantsi du Andresek. 

Izen zerrenda zabala

Programa zuzendariak banan-banan eman ditu egitarauan bereizi dituzten ibilbideei buruzko azalpenak. Idazketa, inperialismoa, adimen artifiziala, demokraziaren eta nihilismoaren arteko oreka, zinemaren pentsamendurako ahalmena, ahotsa… horiek eta beste jorratuko dituzte ibilbideotan.

Jardunaldietara gonbidatu dituzten intelektualen zerrenda osoa aletzeak luze hartuko liokeela ere esan du, gainera, Andresek. Edonola ere, hona hemen nabarmendu dituenetako batzuk: Irina Xerbakowa, Ray Brassier, Barbara Stiegler, Barbara Cassin, Victoria Szpunberg, Chiara Bottici, Sonia Contera, Angela Schanelec, Emili Gentile eta Adania Xibli. 

Eta euskal herritarrik ere bada zerrendan. Esate baterako, Miren Agur Meabe poesiaz ariko da urriaren 7an, Maria Negroni, Fermin Herrero, Antoni Clapes eta Aitana Monzon idazleekin batera. Urriaren 8an, Victor Erizek hitzaldi bat emanen du Jose Luis Guerinek lagunduta, eta Xabier Erkiziak eta Beñat Axiarik soinu esku-hartze bat eginen dute —data zehazteko dago oraindik—. 

Topaketen karietara irekiko dituzten zenbait erakusketa ere jakinarazi dituzte antolatzaileek. Iruñeko Ziudadelan paratuko dituzte gehienak, hala nola Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bildumako lanetatik tiraka Jone Rubio BERRIAko arte kritikariak eta Elena Obanek komisariatu dutena. Arma aretoan zabalduko dute hori, zehazki, eta azaroaren 15era arte izanen da ikusgai.