Espainiako Kongresuak atzera bota du Bardeako tiro eremua ixteko eskaera

Espainiako Kongresuak atzera bota du Bardeako tiro eremua ixteko eskaera

Bi urte barru amaituko da Espainiako Defentsa Ministerioaren eta Bardeako Komunitateko Batzordearen arteko kontratua. Hala, abagune hori baliatu eta tiro eremua desegiteko eskea egin dute EH Bilduk, EAJk, Sumarrek eta Podemosek Espainiako Kongresuan. Legez besteko proposamenak zenbait alderdiren babesa eskuratu badu ere, gehiengotik urrun geratu dira, kontra azaldu baitira PP, PSOE, Vok eta UPN.

Zehazki, lau puntu zituen egindako eskaerak. Lehen hirurek lotura zuzena dute Bardean Espainiako armadak egiten dituen ekintzekin: exijitu dute tiro eremuko «jarduera militarra eteteko», eremua alokatzeko kontratua ez berritzeko, eta Defentsa Ministerioak lehentasunezko interesgunearen izendapena desegiteko. Azken eskaerak, berriz, Erriberako eremu haren etorkizunarekin du lotura. Proposamenaren egileek Espainiako eta Nafarroako gobernuei eskatu diete «eraldaketa osorako plan bat» garatzeko, inguruari bultzada ekonomiko bat emateko, finantzaketa bermatuta.

EH Bilduko Bel Pozuetak, EAJko Maribel Vaquerok eta Sumarreko Lander Martinezek defendatu dute proposamena. Hirurek gogoratu dute diktadura frankista betean ireki zela eremu militar hura, duela 75 urte, eta ordutik kalte nabarmenak eragin dituela eremuan: akustikoak, ingurumenari dagozkionak eta herritarren egunerokoan eragin dutenak. Besteak beste, tiro eremuko jardunaren ondorioz 70 istripu baino gehiago jazo dira; 30 inguru, propio armadak hartua duen espaziotik kanpo.

Bardeako eremua parke natural bat da; zehatzago, Unescok biosferaren erreserba natural izendatua du espazioa. Eta han dago 2.200 hektareako tiro eremua. Vaqueroren eta Pozuetaren hitzetan, bi erabilerak ez dira «bateragarriak».

Horiek horrela, Vaquerok adierazi du «Nafarroako gizarteak epe berri bat» abiatu nahi duela, eta beharrezkoa dela eraldaketa plan bat abiatzea, tiro eremuarekiko «menpekotasuna» atzean utzi ahal izateko: «Zama horretatik libre uztea eskatzen dugu». Izan ere, gaur egun 17 milioi ordaintzen ditu Espainiako Gobernuak tiro eremuko espazioa erabiltzeagatik, eta, EAJko diputatuak zehaztu duenez, udal batzuen aurrekontuen %20 inguru osatzen du bertatik jasotzen duten diru funtsak.

«Berariaz sustatutako dependentzia ekonomiko bat da», salatu du Pozuetak, auziari helduta. Hala, egoera bideratzeko, «bultzada ekonomiko bat» eskatu du, uste baitu ekonomikoa dela inguruko zenbait erakundek tiro eremuaren jarraipenaren alde egiteko arrazoi bakarra.

Hain zuzen, Martinezek argudiatu du «alternatiba faltsu bat» bat aurkezten zaiela inguruko udalei, tiro eremua inguruaren garapenarekin lotuta. «Erriberako herritarrek eskubidea dute haien etorkizuna ez dadin izan tiro eremuaren jardunaren araberakoa», gehitu du.

«Benetan norbaitek nahi du hori izatea Bardeako errealitatea hurrengo hamar edo hogei urteetan?», galdetu du Sumarreko kideak, eta gehitu du kontratuaren amaiera gerturatzeak «hausnarketa» bati bide eman behar diola.

Hausnarketa egiteko eskaera zuzenean PSOEri zuzendu dio EH Bilduk. Izan ere, Pozuetak salatu du tiro eremuko jarduna ez dela bateragarria «bakearen aldeko balioekin»: «NATOri ez, eta gerrari ez. Nafarroan, gure lurraldean, gerrak entseatzen dira, eta gerra horiek suntsiketa dakarte hemendik urrun. Nafarrok ez dugu horren konplize izan nahi».

Argudio horrek, baina, ez du konbentzitu PSOE. «Gerrari ezetz esateak ez du esan nahi Defentsari ezezkoa ematea», erantzun dio Caridad Rives sozialistak. Haren esanetan, defentsa eta armada oinarrizko elementuak dira ongizate estatua bermatzeko. Hala adierazi dute PPko eta Voxeko ordezkariek ere, EH Bilduri zuzendutako birao artean. Biraoez gainera, UPNko Alberto Catalanek proposamenaren egileen «hipokrisia» salatu du, esanez Nafarroako eta Erriberako erakunde gehienak tiro eremuaren alde daudela, eta espero du bihar Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako mozioak ere ezezkoa jasotzea.