«Nekazaritzatik ezin dela bizi esateak bidea errazten die inbertsio funtsei sektorean sartzeko»

«Nekazaritzatik ezin dela bizi esateak bidea errazten die inbertsio funtsei sektorean sartzeko»

Urte asko egin ditu Nafarroako EHNEn teknikari gisa, eta orain idazkari nagusi arituko da Felipe Etxetxikia (Azpirotz, Nafarroa, 1971). Maiatzaren 30ean VIII. kongresua egin zuen nekazaritza sindikatuak, eta zuzendaritza berritu zuen. Fermin Gorraizek jarraituko du presidente gisa, eta Etxetxikiak Patxi Irisarriren tokia beteko du, ordezkaritza eta lan teknikoa uztartuz. 

Nafarroako EHNEk 40 urte bete ditu. Zenbateraino aldatu da erakundea?

Asko. Batez ere esne sektorearen inguruan sortu zen, iparraldeko baserrietan behi esnea saltzen hasi zirenean, inbertsio handirik egin gabe. Gure etxean ere hala izan zen. Etxeko ukuiluetan hamabost behi jarri, eta horrek baserriak altxatu zituen. Lehen, behi bat edo bi zeuden gehienez, eta belardiak zirenak alorrak ziren. 1.500 nekazari zebiltzan esnea ateratzen, eta orain 150 izango dira. Azkenean, porrot bat da, lehen familia asko bizi baitziren, eta orain gutxi.

Esnearena da gehien pairatu duen azpisektorea?

Bilakaera handiena izan duena. Sufritu? Boladak dituzte. Duela bi urte, orain daudenak 30 zentimo ari ziren kobratzen esne litroa, eta gero bikoiztu egin zen… Boladak dituzte. Bilakaera handia izan du: abereen genetika, zenbat pentsu ematen zaion… dena dago neurtua. 

Belaunaldi aldaketa irudikatu nahi izan duzue zuzendaritzan. Sektorean ere gertatzen ari da aldaketa hori; zer zentzutan?

[Europako Batasunaren] Nekazaritza Politika Bateratuan izena emanda daudenen erdiak baino gehiago jubilatuak dira. Sektorean ikusten dugu oraindik belaunaldi aldaketa arriskuan dagoela. Nahi izan dugu berritu, eta zenbat eta jende gazteagoa izan, orduan eta hobeto. Ez sektorean gertatu delako, hala gertatu delako baizik.

Kostatzen da gazteak sektorean sartzea. Nekazaritzaren egoerarekin du zerikusia, ala gaur egungo gazteentzat ez da erakargarria?

Sartzen diren gazteek familian badute babes bat edo esplotazioa, zuzenean pasatu baitio gurasoak semeari. Hutsetik hastea oso zaila da hainbat sektoretan. Nekazaritzako lan unitate batek (UTA) lan egiteko adinako lur eremua neurtzen du. Gazteei eskatzen zaie UTA batera iristea bi urtean. Sektore batzuetan errazagoa da, besteetan zailagoa: zerealetan 100 hektarea behar dira; esnean, 250 behi edo 500 ardi. Familia izanda ere, ehun hektarea lortzea zaila da. Belaunaldi aldaketarik ez dago, baina, lurrari dagokionez, metro karratu on bat ere ez dago. Nekazaritza Politika Bateratu honek erraztu egin du laguntza kobratzea, eta horrek zaildu egiten du uztea: jubilatu askok jarraitzen dute esplotazio txiki horrekin, eta ez du erraztu lur hori askatzea.

Kongresuko leloa 5.000 baietz izan da, sektoreak behar dituen profesionalei erreferentzia eginez. Zer adierazi nahi izan duzue zehazki?

Orain 3.100 inguru dira %100ean sektorean aritzen direnak; ez jubilatuak edo fabrikan lan egin eta beren ehun ardiak dituztenak, alegia. Ez da erraza zehatz-mehatz kalkulatzea, zeren nekazaritzan 2.500-2800 pertsona fisiko daude erregistratuta, eta gero 600 pertsona juridiko edo sozietate daude. Estatistiketan nekazaritzako 14.000 lan unitate inguru daude, eta, UTA horietako batek pertsona batek bizitzeko adina ematen badu, adierazi nahi genuen badagoela tokia nekazaritzatik bizitzeko.

Mezu baikor bat, alegia. 

Eutsi behar zaio horri. Arrisku handiena enpresa handien eredua da. Caparrosoko behitegiaren adibidea nabarmena da. Ikusten ari gara dirudun jendea eta inbertsio funtsak interesatuak daudela sektorean. Nekazaritzatik ezin dela bizi esateak bidea errazten die lurra erosteko eta sektorean sartzeko. Ez genuke nahi sektorean jabe indartsuak egotea eta haiek langileak kontratatzea. 5.000 nekazari nahi ditugu, ez langileak.

Caparrosoren moduko etxalde handiek lur eremu handia behar izaten dute, eta gazteak sartzeko lurra behar da. Hor talka bat dago?

Oso zaila da lehiatzea. Zuzendaritzan Villafrancako mutil bat dugu, eta inguruan lur bat enkantean atera den bakoitzean ezin da haiekin lehiatu. Ez dakit nondik sortzen duten dirua, baina lur on gehiena haiek eramaten dute. 

Eta eredu hori sartzen ari al da?

Bai. Nafarroatik gertu, Aragoin [Espainia], inbertsio funts batek lur sailak erosi ditu almendrondoak jartzeko. Milaka hektarea erosteko gai dira. Hemengo nekazaritza ez da hori, eta eredu horren kontra gaude. Eutsi nahiko genioke, herrietan nekazariak egon daitezen. Gutako asko handiak dira beste batzuentzat, baina jauzi bat dago munduko beste eredu horrekin alderatuta.

«Estatistiketan nekazaritzako 14.000 lan unitate inguru daude. Badago tokia nekazaritzatik bizitzeko»

Duela bi urte, laborari talde handi batek kaleak eta errepideak moztu zituen, eta haien kritiken jomugan zeuden nekazaritza sindikatuak ere. Zuek nola ikusi zenuten fenomeno hori?

Gure nekazari batzuk egon dira hor. «Orain arte non izan zarete?», hori galdetzen diet. Ezagutzen ditut EHNEko presidenteak: Fermin Gorraiz, Imanol Ibero, Fermin Irigarai… Badakit zer pertsona mota diren, zenbat denbora eskaintzen zioten sindikatuari soldatarik gabe. Europa mailan, sektorea nahiko eskuinekoa da, eta nahasi egin dira informazioak. Badakigu informazioa nola mugitzen den Whatsapp taldeetan: batek bideoa egiten du, sekulakoak esaten ditu…

Politikarako erabili zuten?

Hori ere bai. Eta ezjakintasuna handia izan zen. Europan errepideak moztu zituzten, eta irudi horrek indarra du. Arrakasta horrek kutsatu zituen. EHNEko batek «arrakastaz hilko zarete» bota zien. Guk esaten genituen gauza asko esaten ari zarete, baina baita onartzen ez ditugun beste gauzak ere. Nafarroako EHNEren kongresuan, ELBko Panpi Sainte-Mariek hitz egin zuen, eta esan zuen mobilizazioak ongi daudela, baina iparrorratz bat behar dela. Jakin behar dugu nora goazen.

Nekazaritza erakundeek gogor kritikatu duzue Mercosur eta EBren arteko hitzarmena. Uste duzue EBren lehentasunen artean ez dagoela lehen sektorea?

Guk ere baditugu kontraesan handiak. Handik ekartzen den soja oinarrizko elikagaia da hemengo azienda guztia gizentzeko. Ez zaigu hainbeste inporta soja etortzea, baina bai haragia. Guretzat argi dago batez ere nekazari handiei egingo diela mesede. Ziurrenik han ere nekazari txikiak egongo dira, eta handiak txikia jango du han ere.

Badator hurrengo Nekazaritza Politika Bateratua. Bruselak egin du bere proposamena. Zer aldaketa nagusi ditu?

Diru gutxiago egongo da. Ateratako finantzaketa markoaren lehen datuak nahiko eskasak izan dira. Ziurtatuta dagoen atalean lehen baino franko gutxiago dago, eta bestean borrokatu beharko da beste sektoreekin funtsak nekazaritzara ekartzeko. Gobernu batzuek gehiago lagunduko dute eta beste batzuek gutxiago. Europako NPBren marko hori asko kritikatu bada ere, gauza onak zituen. Ezin da esan dena txarra denik, eta segur aski hurrengoan ere ez da dena txarra izango. Baina ikusten dugu dirua gutxituko dela, kezkagarri izateraino. Nekazaritza berdeagoa egin nahi badugu, gazteak sektorean sartu, inbertsioak egin… dirua beharko da. Orain ziurgabetasuna da nagusi.