«Euskara, jalgi hadi plazara». Hala dio Bernart Etxepareren olerki ezagunak, eta, haren aginduari jarraikiz, astigar handien itzalak babesturik, ehunka lagunek euskaltzaletasunaren zutabea osatu dute gaur arratsaldean Askatasunaren plazan. Irakurritako pregoian nabarmendu dute euskarak leku guztietara hedatu behar duela, muga fisikoak gainditu eta sare sozialetako plaza digitalean ere lekua hartu behar duela. Horregatik, han ere tokia egiteko eta elkarrekin aritzeko deia egin dute zutabearen buruan jarri diren sareetako euskarazko komunitateko kideek.
Malen Amenabarrek diseinatutako kartel koloretsua buru izan zutela, jende multzo handia (bi mila lagun inguru) elkartu da plazaren sarreran. Bertan azaldu dira EAJko, EH Bilduko eta Geroa Baiko ordezkariak. Ibai Romerok eta Irati Erauskinek suziria jaurti dute, zutabearen martxari hasiera emanez.
Txupinazoa bota aurretik, txandaka, agiri bat irakurri dute Iruñe Astizek, Maider Leonek, Aitziber Iratzokik, Danel Sarasuak eta Andrea Gonzalezek. Berez, orotara, sare sozialetako euskal komunitateko 40 kidek egin dute bat edukiarekin. Pregoi horretan adierazi dutenez, euskarazko eduki sortzaileek maiz borroka egin behar dute Interneteko itsas zabalean. «Ezinbestekoa da euskarak sarean ere bere lekua izatea. Eremu digitala gure bizitzako espazio garrantzitsua izanik, guk euskaraz bizi nahi dugu bertan», aldarrikatu dute.
Andrea Gonzalez, Danel Sarasua, Aitziber Irazoki, Maider Leon eta Iruñe Astiz, gaur, Askatasunaren plazan, pregoia irakurtzeko unean. GORKA RUBIO / FOKU
Gogora ekarri dutenez, maiz haize kontra egin behar izaten dute, hizkuntza hegemonikoen nagusitasunaren kontra, txikitasunean eragozpenak besterik ikusten ez duen ikuskeraren kontra. «Zoritxarrez, askotan entzun izan dugu euskarak ez duela lekurik sareetan, ez dagoela nahikoa jenderik, ez dagoela merkaturik, ez dagoela interesik».
Alta, sareak abantaila bat du, baliabide gutxirekin eta borondatearen indarrarekin aurre egin dakiokeelako mezu ezkor horiei. «Ehunka sortzaile erakusten ari gara esparru honetan ere euskarak ez duela baimenik behar existitzeko. Bide horretan, batzuetan bakarrik sentitu arren, hor gabiltza buru-belarri, eta, zaila izan arren, ez dugu amore ematen», adierazi dute.
Sare sozialen hastapenetik bidea ireki duten guztiei aitortza egin diete: hala nola Luistxo, Teketen, Txargain, iPatx, Gabi de la Maza, Arkkuso, Aiora Probatxoa… Ordukoek eta oraingoek egiten duten horrekiko maitasuna aldarrikatu dute. «Gustuko zutelako egiten zuten. Prozesuan dibertitzen zirelako. Ez algoritmoengatik. Ez diruagatik. Ez ikusgarritasunagatik. Pasioz baizik. Eta hor dago gakoa. Euskara ez da algoritmo bat».
Algoritmoen kontra
Euskararen arnasgune horiek sortu badira ere, erronka da sareetan nagusi den algoritmoen logikari aurre egitea. Eta uste dute elkartasunaren indarra behar dela horretarako: «Sareetan euskaraz aritzea elkar babestea da, elkar ikusaraztea eta gure esentzia bizirik mantentzea. Elkar aitortze horretan baitago benetako indarra».
Gogora ekarri dutenez, plaza digitalean bildu ohi dira belaunaldi berriak, eta han euskarak tokirik ez badu, «hutsune handia» izango du. «Argi dugu Euskal Herria euskalduna izateko, euskarak sarean ere ikusgarritasuna izan behar du, elkarlanean, konpromisoz, maitasunez».
Horregatik, sareetako euskarazko komunitatea aldarrikatu dute, atzokoa eta gaurkoa, eta kamera zein sakelakoa harturik, gonbita egin diote jendeari euskaraz egiteko. «Guztiontzat dago lekua sarean, eta guztiok nahi zaituztegu bertan euskaraz».
Suziria jaurti ondotik, aurrerantz egin du zutabeak Gazteluko plarantz. GORKA RUBIO / FOKU
