Boxeoa eta identitatea aztergai

Boxeoa eta identitatea aztergai

Arlo akademikoan Pello Gutierrez da; ringaren gainera igotzen denean, berriz, Pirata esaten diote. Pasioz bizi du boxeoa, eta uste du psikologia aztertzeko «eremu pribilegiatu bat» dela. Deustuko Unibertsitatean doktoretza egiten ari da, embodiment edo bizipen gorpuztuak oinarri hartuta, boxeoak identitatearen eraikuntzan zer-nolako eragina izan dezakeen aztertzeko. Nafarroako zenbait gimnasiotan ibili da bere ikerketaren berri zabaltzen eta datuak biltzen. Maiatzean, hain zuzen, Iruñeko Matalaz Kontrabotere Espazioan izan da gaia sakonago azaltzen: «Sinbologiaz josita dago boxeoa: agentzia lantzeko eta ahalduntzeko faktore garrantzitsu bat da. Horrez gain, une oro oso kontziente egotea eskatzen duen kirol bat da. Izan ere, edozein keinuk garrantzi handia dauka. Gainera, autoezagutza errazten du».

Bizipen gorpuztuetan oinarrituta ari da boxeoa aztertzen. Filosofian eta psikologian, embodiment hitzak azaltzen du burua eta gorputza bereizi ezinak direla eta, hortaz, gorputzaren, inguruaren eta norberaren esperientzia sentsoriomotorraren arteko interakzioa etengabea dela. «Boxeoan adibidez, bat egiten dugu gure aurkariarekin, haren mugimenduak aurreikusteko. Ez dugu soilik teknikoki integratzen, baizik baita emozionalki ere. Mugimendu sinkronia horretatik, sintonia emozionala sortzen da. Horregatik uste dut sortzen direla horrenbeste konexio boxeolarien artean, aurkariak izan arren, eta komunitateak osatzen direla gimnasioetan», esan du.

Embodiment delakoaren adarretako bat emozioen erregulazioa da. Beldurra jarri du adibidetzat Gutierrezek, eta azaldu du «ezinezkoa» dela ringera beldur gabe igotzea. Gaineratu du hainbat arrazoik eragindako beldurra izan daitekeela. Hau da, agian ez kolpeei edo min fisikoari, baina bai galtzeari edo ikasitakoa ez islatzeari. Psikologoaren arabera, gakoa da nola eraldatzen den beldurra: «Sentitu behar dugu beldurra ez dagoela txarto, baina soilik zati batekin geratuko garela, eta beste emozioekin nahastuko dugula. Horretarako, gorputzetik ulertu behar dugu. Esate baterako, gorputzarekin konfiantza erakusten badut, beldur hori erronka eta euforia bihurtu dezakegu». 

Boxeo saioak Iruñeko Matalazen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Emakumeen artean embodiment delakoaren eragina «askoz handiagoa» izan daitekeela uste du: «Borroka sinbologia honek gizartean ditugun balio moral asko apurtzen ditu. Emakume izanik borrokatzeak aurreiritzi asko apurtzen ditu. Orduan, borroka ez da ringera mugatzen, baizik eta ahalduntze sozialera». Alabaina, pertzepzio bat besterik ez dela dio, eta erantzunak zientzian eta emaitza estatistikoetan aurkitu behar dituela.

Entrenatzailea bidelagun

Teoria egunerokoan integratzeko, emozioak sentitzen jakitea eta autoezagutza sortzea garrantzitsua dela dio. Alde horretatik, entrenatzailearen lana «ezinbestekoa» dela azpimarratu du. Gutierrez entrenatzailea ere bada, eta bere entrenatzailearekin batera ikasten ari da nola jarri praktikan: «Irakatsi behar dugu zer egin arnasketarekin eta zer proiektatu gorputzarekin. Tresna asko ditugu gorputzean emozioak ezagutzeko, erregulatzeko eta gure narratiba sozialean eta kirol narratiban integratzeko. Baina horretan gidatuko gaituen norbait behar dugu».

Gimnasioz gimnasio dabil, eta hamar gimnasio inguru bisitatu ditu Nafarroan. Helburua da ikerketa azaltzea eta datuak biltzea. Informazioa biltzeko hiru galdetegi anonimo sortu ditu. Asmoa da lehenengo galdetegitik azkenengora ikustea jendea nola erlazionatzen den moralki zein kognitiboki gorputzarekin eta kirolarekin, eta horrek nola eragiten duen identitatean. Eskuratutako datuekin embodiment delakoaren mailak zehaztu nahi ditu: «Maila desberdinak daude depresioa neurtzeko, adibidez, eta maila bakoitzak azpimailak ditu. Adibidez, emozioak ez adieraztea ardatz bat izan daiteke, edota bakardadea beste bat. Gauza bera egin nahi dut, baina embodiment delakoren ardatzak neurtuz».

Boxeoa eta psikologia batera ikasi ditu, eta hasieratik saiatu da bi horien arteko harremana ikertzen. Horregatik, doktoretza egin baino lehen aztertu zuen ea boxeoak bortizkeria handitzen duen edo ez. Esan du «beti» egon den eztabaida moral bat dela. Matalazeko hitzaldian ere kezka hori agertu da. Esperientzia eta maila desberdinetako 300 boxeolari ingururekin analisi estatistiko bat egin du Gutierrezek: «Analisi estatistikoak modu esanguratsuan erakutsi zuen boxeoaren esperientziak bortizkeria ahultzen duela. Zergatik? Boxeoaren esperientziak autoestimua eta autokontrola handitzen dituelako». Kontatu du «oso interesgarria» izan zela, eta ez zuela analisi kualitatibo bat egin nahi, ez zuelako nahi bere iritziak eragina izatea. Azkenik, ikerketan parte hartzera animatu ditu boxeoan aritzen direnak.