«Ingurumenaz hitz egiten dugunean, giza eskubideez ere ari gara»

«Ingurumenaz hitz egiten dugunean, giza eskubideez ere ari gara»

Greenpeace elkarte ekologistak berrogei urte bete ditu, eta, okasiorako prestatutako erakusketaren harira, Nafarroako Parlamentuan izan da Lorea Flores taldeko Hego Euskal Herriko koordinatzailea (Lesaka, 1985). Flores biologoa da, eta nabarmendu du nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren ondorioak direla egungo Nafarroako ingurumen arazo nagusiak.

Greenpeaceren 40 urteko bidea oroitu duzue parlamentuan; sortu zenean baino beharrezkoagoak dira egun Greenpeaceren gisako taldeak?

Bai. Lehen baino garrantzitsuagoa da egun gurearen gisako erakundeen lana. Erakusketak gure kanpainen eta ekintzen berri ematen du, eta gai horietako anitzek, hain zuzen, duela hainbat urte bezain bizi segitzen dute: protestarako eskubidea, adibidez, egunero borrokatu behar dugu, gora egin baitu ekintzaileen kontrako jazarpenak. Energia nuklearraren inguruko eztabaida ere iraganeko kontu bat zela ematen zuen, baina egungo krisi egoeran berriz sartu dute eztabaidan. Beraz, inoiz baino beharrezkoagoa da gure lana.

Ustez, baina, ingurumenaren inguruko kontzientziak gora egin du, ezta?

Hala da, gora egin du herritarren artean, bai eta erakundeetan ere. Enpresek ere sartu behar izan dute ingurumenaren auzia beren diskurtsoetan. Repsolen webgunean sartzen bazara, hasierako irudi guztiak daude energia berriztagarriekin lotuak, nahiz eta enpresaren jardueraren %90 baino gehiago erregai fosiletan oinarritu. Ezin dugu ahantzi ingurumenaz hitz egiten dugunean giza eskubideez ere ari garela.

Ingurumenaren aldekoen giza eskubideak kolokan dira, hain zuzen.

Hala da. Egungo krisi klimatikoak Hegoalde Globaleko herriei eragiten die bereziki, eta anitzek sorterria utzi behar izaten dute, etorkizun hobe baten bila. Hemen, baina, Iparralde Globaleko migrazio neurri zorrotzekin egiten dute topo. Dena dago lotuta.

«Badakigu gero eta ur gutxiago izanen dugula, eta, dugun hori kutsatzen badugu, arazo handiak izanen ditugu»

Nafarroan bada klima aldaketari buruzko legea. Zenbateraino islatzen du administrazioak ingurumenaren aldeko benetako konpromisoa duela?

Beti bada hobetzeko aukera, baina, Nafarroako legea onartu zenean, hura aztertu, eta ikusi genuen ez zela txarra; ezartzen zituen hainbat neurri, eta neurri horiek garatzeko hainbat epe. Legeak urratsak egitera behartzen zuen Nafarroako Gobernua, eta hori egokitzat jo genuen. Uste genuen legeak atea itxiko ziela erregai fosilei, eta autokontsumoa sustatuko zuela; asmoa zuen, gainera, trantsizio energetiko bidezko bat garatzeko. Kontua da legeak ezarritako epe eta neurri anitz ez direla betetzen ari. Klimaren Aldeko Aliantzak Nafarroako Gobernua salatu zuen, eta gu aliantza horren parte gara.

Zeintzuk dira egungo ingurumen arazo nagusiak Nafarroan?

Guk lan egin dugu, batez ere, herrialdeko egungo nekazaritza eta abeltzaintza ereduaren inguruan, industrializazioaren alde egin baitu, eta horrek ondorio larriak ditu ingurumenean eta, oro har, gizartean eta ekonomian.

Zer-nolako ondorioak?

Eredu industrial horrek etekin ekonomikoa bilatzen du, eta ahalik eta azkarren nahi du etekin hori. Eredu horrek zalantzan jartzen ditu herrialdeko ur baliabideak, batez ere lur azpikoak. Eredu industrial horren ondorioz, lur azpiko urak kutsatzen ari dira. Badakigu gero eta ur gutxiago izanen dugula, eta dugun hori kutsatzen badugu, arazo handiak izanen ditugu. Gero eta nekazari eta abeltzain gutxiago dago, dena eredu industrial hori sustatzen duten enpresen esku gelditzen ari delako.

Urarekin lotutako bertze auzi bat da Itoizko urtegiarena eta Nafarroako ubidearena; bigarren fasea garatzeko proiektuari eutsi dio gobernuak. Zer deritzozu?

Itoizkoa izan da ekologismoaren eta lurraren defentsaren arloko borroka historiko bat. Borroka ez da amaitu, ubidearen bigarren fase horren proiektua mahai gainean baitago. Proiektuak ureztatzeko lurrak sustatu nahi ditu, noiz-eta ura gero eta eskasagoa den garaiotan. Ez du zentzurik. Eta Esako urtegia handitzeko proiektuak aurrera jarraitzeak ere ez.

«Arazoa da erakundeen eta enpresen egungo politikek ez dutela kontsumoa murriztea jasotzen»

Proiektuok Nafarroaren garapenarekin lotu izan ditu administrazioak, ordea. Ekologismoaren esparrutik, berriz, desazkundearen aldekoa da talde anitzen mezua. Zuena ere bai?

Desazkundea aspalditik erabiltzen den hitz bat da, eta, egia erran, edukiz hustu dutela iruditzen zait. Greenpeacen argi dugu kontsumoa murriztu behar dugula, eta kontsumoak eraginkorragoa izan behar duela. Asmo hori, baina, ez da erakundeen eta enpresen lehentasunetan jasotzen. Baina bidea hori da, kontsumoa murriztea: ur kontsumoa, energia kontsumoa…

Kontsumoa sustatzen dute bertze batzuek. Zein da konponbidea?

Hazkunde jasangarria da ustez erakundeen eta enpresen helburua, baina kontuan izan behar dugu hazkunde horrek mugak badituela. Arazoa da erakundeen eta enpresen egungo politikek ez dutela kontsumoa murriztea jasotzen.

Nola hasi zinen zu Greenpeace taldean?

Lehendabizi elkarteko bazkide egin nintzen. Garai hartan bazkide izateko aukera baino ez nuen, baina 2018an elkarteak Hego Euskal Herriko koordinatzailea izatea proposatu zidan, eta horretan nabil; batez ere, Madrilgo kideekin zubi lana egiten. Nafarroan gure bidea egiten saiatzen gara; Iruñean, batez ere, boluntario sare bat dugu, eta bertze eragile batzuekin ere aritzen gara elkarlanean.