Egun hartan bete nituen urte mordoxka batzuk; aukeran, ez betetzea baino nahiago bete ahal izatea. Aitzitik, egun hori berezia izan bazen, hiri buruzagian euskaltzale guztiok bat egiteagatik oroituko dut; honaino iritsi bagara, urteak bete ondoren, izan da izan zirelako borrokan aritu ziren beste batzuk eta oldartu zirelako lortu zutenak bide bati hasiera ematea; egun berezia, beste batzuen artean Kontxita Beitia eta Joxerra Etxebarria agurtzeko aukera izan nuelako, besarkada beroa elkarri eman eta egin izan duten guztiarengatik eskertzeko paradagatik. Egun berezia, hainbat euskaldun eta euskaltzale konprometiturekin partekatu ahal izateagatik urtemuga. Jakiteagatik gure asaba zaharrak pozik egongo ziratekeela hau guztia ikusi ahal izan balute.
Biharamunetan gaude orain. Ematen du eraginik eduki duela; badaezpada, ez gaitezen fida lehendabiziko irakurketarekin eta egin dezagun lerro artekoarena.
Lingua Navarrorumaren lurraldean piztu da su txikia: Euskarari Nafarroako hizkuntza propioa izatearen aitortza egingo zaio, honezkero hala izango ez bailitzan. Ordea, nafar batzuontzat ondarea izatetik, akaso beste batzuek mehatxu eta bereizkeriatzat hauteman dezaketelakoan, lurraldeak, izate bakarra, baina hizkuntzaren ofizialtasunari dagokionez, hiru zatitan banatuta segituko du.
Gisa bereko gatazkak izan direnean beste tokietan, estatuan batzuentzat hain miretsia den 78ko Konstituzioan betetzen ez zen arauaren bila jo izan duten era berean nik ere jartzen dut zalantzan, liburukote hori oinarri, zilegi ote den, are, ez ote diren giza eskubideak urratzen ari. Ez baitzait oso konstituzionala iruditzen lurralde administratibo bereko biztanleen eskubide eta betebeharrak bizi diren udalerriak baldintzatzea. Nago konstituzionalagoa litzatekeela lurraldea bera beste lurralde administratibo gehiagotan zatitzea; hala, polemika, ika-mika, eta hamaika eztabaida hutsal ekidingo genituzke behin betiko.
Piztu da su txikia: Euskarari Nafarroako hizkuntza propioa izatearen aitortza egingo zaio, honezkero hala izango ez bailitzan
Euskara gaztelaniarekin maila berean ofiziala den lurraldean ere bada mamia; bere jarduna jendearen aurrean duen langileari euskararen ezagutza eskakizun izatearen auzian erabakiak hartzen dituzten talde guztiak ez datoz bat. Honen aurrean, galdera bi: hizkuntza bat ofiziala izatea zertan gauzatzen da edota zertan gauzatu beharko luke? Bestetik, orain arte, azken erabakia inongo interesik eduki beharko ez lukeen epaile bat ebaztekoa bada hemendik aurrera, desadostasunarena bere horretan, benetan sinetsi dezakegu hainbeste polemika piztu dituzten helegiteak saihestuko direnik?
Euskal Herriko Unibertsitatetik dator hurrena: unibertsitatera sartzeko proban izandako zero kopuru gehiegizko eta bidegabekoek piztutako kalapitak azterketa soziologiko bat lantzeko ematen du: euskara beharrean, ingelesa, alemana edo txinera balitz? Are espainola? Honokoan ere, halabeharrez, euskara, eta A ereduan ikasten zuten ikasle eta haien gurasoak izan omen dira kaltetuak. Haietako batzuk euskañolez hitz egiten agertu dira kameren aurrean; oraingoz, ordea, euskañola ez da hizkuntza formal bat, zorionez.
Hurrengo astean San Fermin! Ea kapotiko bat bota eta gure oinak zuzentzen dizkiguzun entzierro honetan, otoi!
