Sanferminetako prozesioan bat-batean jota bat kantatzea edo kantu bat jotzea ohikoa izaten da ibilbidean zehar, baina iaz jota bat kantatzeagatik isunak paratu zituen Iruñeko Udaltzaingoak. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak izan ziren jota kantatu zutenak eta, beraz, isuna ezarri zietenak: 1.800 euro osotara. Zapateria karrikako balkoi batetik kantatu zuten, prozesioa azpitik pasatzerakoan. Jotak eduki politikoa zuen: etxebizitzaren egoera eta horren erantzuleak salatu zituzten kantuan. Han zen Ainhoa Mendiluze sindikatuko kidea (Tolosa, Gipuzkoa, 1997). Isunak isun, kantatzen jarraitu dute. Aurten, Kale Nagusian izan da jota.
Nola bururatu zitzaizuen prozesioaren egunean jota aldarrikatzaile bat botatzea?
Egia esan, duela bi urte bururatu zitzaigun. Iazkoak izan zuen oihartzunik handiena, baina duela bi urte normaltasun osoz kantatu genuen balkoi batetik; ez zen poliziarik gerturatu, eta ez ziguten isunik jarri. Urte guztian etxebizitza sindikatuak dituen aldarriak eta egiten dugun borroka hori festa eremura eramatea zen gure asmoa, eta, hori egiteko, Iruñeko sanferminetako berezko ezaugarriekin bat egitea. Bagenekien duela urte asko jota aldarrikatzaileak bazeukala bere tokia, hain justu, sanferminetako prozesioan. Artearen Adiskideak elkartekoek urtero kantatzen zuten instituzioei beren kexak eta aldarrikapenak adierazteko, eta protesta egiteko.
Zer garaitan egiten ziren aipatu dituzun jota aldarrikatzaile horiek?
1980ko hamarkadaren bueltan izan ziren gehienbat. Artearen Adiskideak musika elkarteak jota aldarrikatzaileak egin ohi zituen, baita sanferminetan ere. Kondestablearen jauregiko balkoitik kantatu ohi zuten urtero horrelako jota bat [hura zen elkartearen egoitza]. Adibidez, 1985eko prozesioan San Fermini eskatu zioten diru laguntzen auzian esku har zezala; izan ere, hori zen elkartearen eta udalaren arteko tirabiren arrazoi nagusietako bat. Urte hartan bertan, Sampedrada deitutako egitasmoan askotariko gaiei buruz kantatu zuten: abortuari buruz, industria birmoldaketari buruz, politikari profesionalen eta Bardeako tiro eremuaren aurka, eta abar.
Iaz, jota kantatu aurretik, udaltzainak agertu ziren Zapateria karrikako atarian. Halakorik espero al zenuten?
Egia esan, guztiz harritu ginen: ez genuen inondik inora ere espero. Gainera, ikusita urtebete lehenago inongo arazorik gabe kantatu genuela, espero genuen iaz ere ez zela arazorik egongo. Baina ez, goizean goizetik udaltzainak hurbildu ziren; bozgorailu batzuk ikusi zituztela balkoian, eta ea zer egingo genuen. Etxera igo ziren. Kide batzuk, etxera igotzen ari zirela, identifikatu egin zituzten, eta etxe barrukoei eskatu zieten atea irekitzeko, eta ea zer egiteko intentzioa zuten galdetu. Guk erantzun genien etxegabetzeei buruzko jota bat abestuko genuela, eta esan ziguten aldarrikatzailea baldin bazen isuna jarriko zigutela; are, aldarrikatzailea baldin bazen ez zela jota bat.
Hala ere, aurrera egitea erabaki zenuten. Zergatik?
Ez zitzaigun zilegi iruditzen ekintza hori debekatzea. Kalean pankarta bat zabaltzen saiatu ginen, eta ez ziguten utzi, baina gutxienez balkoitik kantatzea lortu genuen.
Jota kantatzen hasi, eta zer erreakzio izan zuten karrikan zeudenek?
Tentsioa zegoen. Alde batetik, sindikatuak dei egin zion jendeari hurbiltzeko, eta batzuek ondo ikusi zuten, eta txalotu egin zuten. Baina beste batzuek ez zuten ulertu zer gertatzen ari zen, eta, udaltzaingoa han zegoenez, segituan hasi ziren esaten: «Hemen daude betikoak, festa giroa zapuztu nahian».
Prozesioan ohikoak dira bat-bateko kantak eta jotak, aurrez antolatu edo baimenik eskatu gabe egiten direnak. Zer iruditzen zaizu ekitaldi honetan isuna jarri izana?
Bat-bateko kontua izan beharko luke. Jotarena aldarrikapena festa eremura eramateko modu bat iruditzen zitzaigun, eta hor, udal agintari guztiak aurrean dituzula, guk herritar bezala dauzkagun kexa batzuk adierazteko toki egokia da. Gainera, kantuan, prozesioaren formatura erabat egokituta. Hortik hilabete batzuetara isunak jaso genituenean are eta larriagoa iruditu zitzaigun gertatutakoa. Salaketan argudio teknikoak erabiltzen dira: balkoi batean bozgorailuak ezin direla jarri eta herritarren segurtasuna asaldatu izana leporatu ziguten. Baina guk ez genuen halakorik egin; urtebete lehenago lasaitasun osoz kantatu genuen, eta urtebete geroago Poliziak berak sortu zuen tentsioa.
Zer egin duzue isunei aurre egiteko ?
Bi errekurtso jarri genituen Elkarbizitza eta Herritarren Segurtasunerako Alorrean, eta biak atzera bota zizkiguten; beraz, gora jotzeko errekurtso bat jarri genuen Nafarroako Auzitegi Administratiboan, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Maiatzaren 23an Jota-ke jaialdia antolatu genuen Iruñerriko zenbait arte kolektiborekin batera, haiek ere uste baitute artea protestarako eta aldarrikapenerako tresna dela. Uste dut oihartzun handia izan duela injustizia honek, eta jende asko hurbildu da diru ekarpena egin nahian edo kezka agertzeko, larria iruditzen zaielako horregatik isuna jarri izana.
Iazko gatazkak ez zaituzte kikildu; aurten ere kantatu duzue jota.
Lehengo urtekoaren ondoren, are eta ozenago aldarrikatu nahi izan dugu espazio publikoa eta jai eremua protestarako erabili daitezkeela, eta ozen salatu iazkoa zentsura izan zela.
