Espaloian aparkatutako erre doce —Renault 12— zuri bat. Hori izan zen German Rodriguezen omenezko lehen oroigune inprobisatua. Hantxe topatu zuen babeslekua LKI Liga Komunista Iraultzaileko militante gazteak 1978ko uztailaren 8an, grisek, Iruñeko zezen plazara tiroka sartu, eta triskantza egin zutenean. Jendea harat eta honat zebilen ihesi. Ke potoak eta barrikada inprobisatuak. Sirenak uluka. Poliziaren irratian entzun zen agindua: «Tiro egin indar guztiekin. Ez dakizuela inporta inor hiltzea». Plazaren ingurumarietan korrika zebiltzanek gomazko pilotak ez, su armen hotsak aditu zituzten. Pan-pan-pan. Bala horietako batzuek inguruko paretak eta ibilgailuak zulatu zituzten. Kristal apurtuak eta igeltsu pusketak. Poliziaren bala batek buruan jo zuen Rodriguez gaztea. Zerraldo erori zen Orreaga etorbidean, espaloian aparkatutako erredoze zuri baten atzean babesten ari zela.
Rodriguez hil eta ordu gutxira, haren lagunek, senideek eta LKIko alderdikideek lorez, argazkiz eta aldarrikapenez bete zuten Orreaga etorbideko kantoia. Artean, Renault 12aren txapa zurietan nabarmentzen ziren odol idortuaren arrastoak. 35 bala zulo antzeman zituzten inguruan. Hemen erail dute German gure kamarada. Gogoan zaitugu, halaxe idatzi zuten pankarta batean. Iluntzerako, esanahi berezia hartua zuen tokiak. Espaloia, iraultzaren ikur bihurtua.
Eztandaren aurreko tentsioa
Egun batzuk lehenago, inor gutxik iragar zezakeen 1978ko sanferminak era horretan bukatuko zirenik, baina ezin uka tentsioa handitzen eta handitzen ari zela. Maiatzaren Leheneko manifestazioan indarkeria handiz oldartu zen Polizia; handik egun gutxira, eskuin muturreko kideek izua sortu zuten Alde Zaharrean, eta LKIren egoitzari eraso zioten; eta maiatzeko egun berean, Juan Eseberri guardia zibila hil zuten, labana sartuta. Sanferminen bezperan, gazte batzuek itxialdia eta gose greba hasi zituzten udaletxean. Iruñea presio eltze bat zen, eta polizia armatuek leherrarazi zuten uztailaren 8 hartan.
Peñetako kideak Iruñeko zezen plazan, 1978ko uztailaren 8an, Poliziak zauritu zituenetako bat garraiatzen. JORGE NAGORE
Zezenketa amaitutakoan, 50 lagun inguruk, plazako hondarrera jauzi egin, eta Amnistia osoa, presoak askatu, sanferminak presorik gabe zioen pankarta atera zuten. Haien atzetik, peñetako haurrak sartu ziren plazan, eta atzetik, oldarka eta bortizki, polizia armatuak. Orduantxe piztu zen kaosa.
Gertaeren ostean, peñek ikerketa bat osatu zuten: gomazko 5.000 pilota, 2.000 ke poto eta negar-gas poto, eta 130 bala zenbatu zituzten kalean eta zezen plazan. Ehunka lagun zauritu zituzten erasoan; horietatik 11, balaz. Eta pertsona bat hil.
Oroitarriari ere eraso
Sanferminak eten eta aste gutxi batzuetara paratu zuten lehen oroitarria Orreaga etorbidean, Rodriguez balaz jo zuten tokian bertan. Ikur horrek, baina, eskuin muturreko talde parapolizialen gorrotoari eta udal agintari erregionalisten erdeinuari aurre egin behar izan die urtez urte.
Oroigarria jarri eta gutxira, mailu batekin puskatu zuten. Peñek, orduan, beste hilarri bat egiteko eskatu zioten Iruñeko eskultore bati. Lau zentimetroko lodiera zuen brontzezko piezak, mailukadei eutsi ahal izateko, baina hori ere ez zen nahikoa izan eraso faxisten aurka: 1980ko hamarkadaren hasieran, bonba bat jarri zioten oroitarriari. Bospasei urtez, erasoek ez zuten etenik izan: beste bi bonba jarri zituzten toki horretan, baina oroitarriak hortxe segitu zuen.
German Rodriguez hil zuten tokia, Orreaga etorbidean. ‘Oroitarria’ dokumentaleko irudia da. BERRIA
Orduko udal agintariek jarritako trabei ere aurre egin behar izan zieten Rodriguezen senide eta lagunek. 1990eko hamarkadan UPN agintera iritsita, udalak aparkalekuak jarri zituen Orreaga etorbide osoan. Oroitarritik zentimetro gutxira aparkatzen zuten ibilgailuek, hura ukitzeko moduan ia. Are: peñetako kideek zenbait auto jaso eta apartatu behar izaten zituzten, uztailaren 8ko omenaldia eremu horretan egin ahal izateko.
2005ean, Karlos III.aren etorbidean lur azpiko aparkaleku bat eraikitzeko aitzakiarekin, Yolanda Barcina alkateak oroitarria kendu eta udalaren soto batean gorde zuen, inori ezer esan gabe. Oposizioak zazpi mozio aurkeztu zituen hilarria bere tokian jar zezaten berriz, eta eragile sozialek ere protesta ugari antolatu zituzten. Barcinak, orduan, beste jokaldi batekin erantzun zuen: entzierroaren monumentu erraldoia paratu zuen German Rodriguezen oroitarria zegoen toki berean.
2007an, UPNk udalbatzan gehiengoa galduta, hilarria Orreaga etorbidean ezarri zuten berriz ere, eta 78ko sanferminen memoriak partida irabazi zion agintarien itxikeriari. Gaurdaino. Oztopoak oztopo, zutik dirau oroitarriak.
