Sanferminak barrutik bizi ditu Cesar Oroz ilustratzaile ezagunak (Iruñea, 1968). Irrintzi peñako kidea da 14 urte zituenetik, eta festan bizi izandakoek isla handia dute, hala Diario de Navarra egunkarian argitaratzen dituen biñetetan nola peñentzat diseinatzen dituen pankartetan.
Irrintzi peñak 75 urte bete ditu. Berezia izan al da aurtengo pankarta diseinatzea?
Bizpahiru urte neramatzan pankarta lehiaketara aurkeztu gabe. Eten horren aurretik, 30 urte baino gehiago eman nituen pankartagintzan, eta iruditu zitzaidan bazela garaia ni baino gazteagoak diren ilustratzaileei bidea libre uzteko. Baina 75. urteurrenak gogoa piztu zidan berriro: Irrintziko peñakidea izanda, txikitatik bizi izan ditut sanferminak peñaren barruan, eta pozarren heldu nion erronkari. Proiektu pertsonala eta sentimentala izan da. Dena den, uste dut, berrogei urteren buruan, lan honekin bukaera emanen diodala pankarten etapari.
Aktualitateko gaietatik aldendu zara aurtengoan.
Bai, urteurrenaren gaiarekin jokatu nahi izan dut, baina gizartearen eta festaren beraren historiari eta bilakaerari lotuta. Pankartaren goialdean azaltzen da 75 urte hauetan ezagutu ditugula zortzi aita santu, [Espainiako] bi errege eta diktadore bat, zazpi gotzain eta hemezortzi alkate Iruñean, eta hamalau lehendakari Nafarroan. Eta, hala ere, hementxe jarraitzen dugu. Hitz horien azpian, Darwinen espezieen eboluzioaren moldaketatxo bat egin dut, sanferminetara ekarrita. Ezker-eskuin ikus ditzakegu festazale neandertal bat; Neolitoko mutil bat, lepotik zintzilik duela Irulegiko Eskua; 1950eko, 70eko eta 90eko hamarkadetako peñakide tipikoak; eta, azkenik, eboluzio horren azken atala: neska gazte bat, emakumeak peñetan gero eta gehiago direla irudikatzeko.
Irrintzi peñaren 2026ko pankarta, Orozek diseinatua. BERRIA
Zuk proposatu zenuen ideia ala peñaren enkargua izan zen?
Peña bakoitzak bere sistema du, eta Irrintzikoa betidanik izan da lehiaketa hutsa: partaide bakoitzak zirriborro bat aurkezten du, peñako zuzendaritza batzordeari aurkeztu, eta haiek hautatzen dute irabazlea.
Gero mihisera eraman behar da zirriborro hori…
Artisau eta margolari lana da hori, marrazkilari lana bainoago. Oso gogorra da fisikoki, lanordu asko eskatzen dizkizulako. Baina, sanferminzale garenontzat, merezi du. Zerorrek eginiko pankarta bat kalean dantzan ikustea sentimendu itzela da.
Noiztik zara Irrintziko kide?
14 urterekin egin nintzen peñakide, kuadrillakoekin batera. Niretzat ametsa izan ziren sanfermin horiek: erabateko askatasuna, festa barrutik bizitzea, sanferminetan era aktiboan parte hartzea… Orduan ezagutu nuen, besteak beste, zer den bonbo bat hartzea eta musikariekin batera kalejiran ibiltzea, pankarta dantzaraztea eta kalean bertan lagun berriak egitea.
Sanferminek presentzia handia dute egunero argitaratzen dituzun zintetan ere.
Urteak baitaramatzat horretan! Ezinbestean azalduko dira sanferminak nire biñetetan: barrakak direla, zezenak direla, udal aktualitatea dela…
Zaila da sanferminen esentzia paperera eramatea?
Gauza guztiekin gertatzen den bezala, zerbait zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta hobeki marraztuko duzu. Dianak edo entzierroa ongi islatu badituzu, han egon zaren seinale. Kanpoko marrazkilariek topikoetara murrizten dute dena, eta normala da. Neuk ere, demagun, Valentziako fallak irudikatu beharko banitu, topikoetara joko nuke: petardoak, paella…
Pankartek polemika piztu ohi dute. Zeure burua zentsuratu behar izan duzu inoiz?
Ez. Kexak jaso izan ditut, hori bai: makilakadaren bat alde batetik edo bestetik. Baina, finean, zinez uste duzun hori marraztu behar duzu, hala biñetetan nola pankartetan. Gutxieneko koherentzia bati eusten badiozu, txisteak grazia eginen die sektore batzuei, eta beste batzuei ez. Eta, beste egun batean, alderantziz gertatuko da. Baina zeure begirada izanen da beti, ez beste inorena. Eta pankartei dagokienez, diseinuaren gaineko azken erabakia peñarena da.
LOTSABaKO
Pankartagile kutun bat?
Pedro Martin Balda. 40 urtez, sanferminak nola marraztu erakutsi zigun.
Eta komikigile kutun bat?
Txikitan, Ibañez eta Jan. Gaztarotik aurrera, Gallego & Rey, Mingote eta Forges.
