Sexu eraso gutxiago izan arren, jai parekiderik ez inondik ere

Sexu eraso gutxiago izan arren, jai parekiderik ez inondik ere

«Bukatu da, bukatu da, bukatu da, akabo». ETBko aspaldiko Funtzioa saioaren abestiak zioen bezala, laster amaituko dira sanferminak, eta iruindarrek penaz baina aldi berean alai kantatuko dute gauerdian Gaixoa ni. Hurrengo urtera arte ez da sanferminik. Aurki, arropa zuria eta zapi-gerriko gorriak garbitu, eta hurrengo urterako gordeko dituzte armairuan iruindarrek.

Balantzea egiteko ordua da, eta beste behin ere indarkeria matxistak orbaindu du jaia. Udalaren eta mugimendu feministaren behin-behineko datuen arabera, salaketa gutxiago izan badira ere, Iruñeko festak ez dira oraindik jai parekideak. 

Iruñeko Udalak bihar goizean egingo du festen inguruko bere analisia. Joseba Asiron alkateak, atzo, irmo gaitzetsi zituen erasook guztiok. «Hiri honek aspaldidanik oso argi utzi du horrelako erasoak ez dituela onartzen. Emakumeen eskubideak ez dira festetan eteten». Festei dagokienez, parte hartze handia izan dela eta «normaltasunez» jokatu dutela nabarmendu du.

 

1

Indarkeria matxista

Behin-behineko datuen arabera eta azken orduko informazioa eduki zain, aurten 27 sexu eraso izan dira. Larriena larunbat goizaldean 04:45ean Gaztelugibelen gertaturiko bortxaketa bat izan zen. Erasotzailea berehala atxilotu zuten, eta zaintzako epaileak Emakumeen Kontrako Indarkeria Auzitegiaren esku utzi zuen kasua. Berehala, behin-behinean eta bermerik gabe espetxeratu zuten gizonezkoa. Era berean, festen hasieran, «intentsitate handiko sexu-eraso saiakera bat» izan zen. Hasiera batean, Udaltzaingoak ukitzeengatiko salaketa baten modura erregistratu zuen, baina gero jakin zuen udalak eraso saiakera bat izan zela.

Igande arratsean, elkarretaratze jendetsua egin zuten erasook gaitzesteko, mugimendu feministak deituta. Bertan, bi eledunek ozen aldarrikatu zuten emakumeek festaz gozatzeko eskubidea dutela, eta erasotzaileei etxean geratzeko eskatu zieten. Mezua bidali zieten gizonezko guztiei, jai parekideak lortzeko helburuarekin bat egin dezaten. Igandera arte, orotara, 27 eraso salatu zituzten, eta, Nafarroako Gobernuaren arabera, hamahiru lagun atxilotu dituzte.

Era berean, Gazteluko plazako berdintasunaren aldeko informazio guneak joan-etorri handia izan du. Urtarrilaren 5ean hasi zen, eta uztailaren 12ra bitarte ia 10.000 pertsona igaro dira bertatik. Aurreko urteetako festen aldean, erabiltzaile kopuruak %23 egin du behera. Txupinazo egunean, 2.000 lagun inguru iragan ziren bertatik, baina gainerako egunetan 1.000-1.500 lagun artean igaro dira.

Gainera, Maruxa taldeak sare sozialetan salatu zuen uztailaren 6an eraso homofobo bat egin ziotela. Bi gizonek taldeko kideei eta bertze bi laguni «maritxu zikinak» oihukatu zieten, gaztelaniaz, eta kristalezko botilak jaurti zizkieten. Eraso hori salatzeko, elkarretaratzea egin zuten dozenaka pertsonak uztailaren 11n, Konpainia plazan, Stop LGTBIQ+fobia. Erasorik ez erantzunik gabe lelopean.

2

Mobilizazioak eta bizikidetza

Jaiak ez dira dibertsiorako eremu soilik. Plazaren erdigunean, mezu politikoak eta sozialak aldarrikatzeko gune ere badira. Aurtengo sanferminak ez dira salbuespen izan. Txupinazoa da horren erakusle. Udaletxe plazan, alderik alde zintzilikatu zituzten ikurrin erraldoi bat eta Independentzia! leloa zeraman Nafarroako bandera bat. Horrez gain, euskal presoak etxeratzearen aldeko bandera ere jarri zuten, eta beste pankarta erraldoi batek «Euskal Herriarentzako askatasuna» eskatu zuen, ingelesez.

Palestinaren aldeko mezua eta Israelen eta sionisten kontrako mezuak nagusi izan dira festetan, Alde Zaharreko balkoi ugaritan. Peñek deituta, Free Palestine lelopean manifestazio jendetsua egin zuten Alde Zaharreko kaleetan. Palestinako bandera handi bat zabaldu zuten protestan. Aldi berean, Salam Gaza erakundeak zapiak saldu ditu, eta hainbat herritarren lepoan ikusi ahal izan dira.

Palestinaren aldeko manifestazioa, iragan ostiralean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Aldi berean, zezenketen aurkako protestek oihartzun zabala izan dute. Uztailaren 7an, 19:00etan, kalejira jendetsua egin zuten, Zezenak bizirik lelopean. Zezenketarik gabeko sanfermin batzuen aldeko mezuak plazaratu zituzten. Gainera, Herri Sanferminetan, zezenketen orduan, lau egunez Arrats Antitaurinoak antolatu dituzte. Zezenak eta zezenketak daude oraindik ere festaren erdigunean, baina gero eta herritar gehiago dira jai eredu horrekin bat egiten ez dutenak. Peñen artean ere eztabaida bizirik dago, nahiz eta zezenketetan haien presentzia oraindik ere handia den. Haiei zuzendu diete mezua: «Plataformak peñei esan nahi die oraindik zezenketak egoteko eurak direla parte hartzaile nagusiak».

Munduko Futbol Txapelketa betean izan dira sanferminak, eta gaur gauean Frantziak eta Espainiak jokatuko dute lehen finalerdia. Horren harira, Euskal Herri Antifaxistak deituta, kalejira egingo dute, 17:00etan, Ez Espainia, ez Frantzia lelopean, Mercaderes kaletik irtenda. Partidaren harira polemika sortu zen UPNk Gazteluko plazan pantaila erraldoi bat paratzea eskatu zuelako; PSNk, berriz, Yamaguchi plazan jartzea galdegin zuen. Alta, udalaren segurtasun batzordeak hobetsi zuen segurtasun arrazoiengatik eta beroagatik festen amaieran ez dela egokia horrelako pantailak jartzea, baina Espainiako selekzioa finalera iritsiz gero pantaila jartzea proposatu du.

Poliziaren presentzia handia izan da kalean. Txupinazoan eta prozesio egunean istilurik izan ez bazen ere, larunbat arratsaldean zezen plazatik irtetean Espainiako Poliziak borrak eta piper gasa erabili zituen peñakideen aurka, eta Armonia Txantreanako gazte bat atxilotu zuen. Biharamunean aske utzi zuten. 

Aurten, dena den, txupinazoan eta prozesioan ez da istilurik izan. Mugimendu Sozialistak Kale Nagusian jota bat abestu zuen. Iaz, horregatik 1.800 euroko isunak jarri zizkien Udaltzaingoak, eta ikusi beharko da aurten ondoriorik baduen edo ez.

3

Zerbitzuak

Sanferminetako jendetzari aurre egiteko, zerbitzuak nabarmen indartu behar izaten dituzte Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Iruñerriko Mankomunitateak. 112 larrialdi zerbitzuek egunero, batez beste, 2.200 dei jaso dituzte festen hasieratik. Lehen lau egunetan 151 pertsona garraiatu dituzte anbulantzian ospitaleraino. 

Salaketei dagokienez, festen erdialdera arte salaketa kopurua %23 apaldu zen; aldiz, atxilotu kopurua %12 handitu da. Salatutako deliturik ohikoena lapurretena da; dena den, %46 egin zuten behera lehen egunetan, asteburuko datuen zain. Iruñeko Udaltzaingoak Zapateria kalean bulegoa ireki du, eta 177 pertsona bertaratu dira. Orotara, 51 salaketa jarri dituzte. Halaber, hiru objektu entregatu dituzte bertan.

Kale garbitzaile bat Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU

Sanferminetan, ibilgailuak aparkatzeko zona laranja bihurtu du udalak Iruñe osoa. Ia azken egunera arte, 559.000 euro bildu ditu, aurreko urtean baino %3 gehiago. Auzo gehienetan —Trinitarioetan, Donibanen, Arrosadian, Arrotxapean eta Txantrean, besteak beste— disuasio aparkalekuak daude. Batez beste, auto batek 11 ordu egin ditu bertan, eta 5 euro ordaindu.

Iruñeko Udaleko Instagram kontuak hogei milioi erreprodukzio baino gehiago izan ditu. Gehien ikusi diren uneetako bat txupinazokoa da, gaiteroak plazara ateratzen direnekoa. 

4

Entzierroak

Zortzi entzierro, eta guztiak nahiko antzekoak. Bi minutu eta 20-30 segundo artean ibili dira guztiak ere. Orotara, 57 lagun ospitaleratu dituzte. Lau lagun adarkatu dituzte, azken biak gaur. Dena den, zauririk larriena 65 urteko espainiar batek izan zuen, uztailaren 10ean. Bularraldean izan zuen kolpea, eta larrialdietan egon da.