Euskara Nafarroa osoan ofizial izateko eskatu du Geroa Baik Foru Hobekuntza berritzeko proposamenean

Euskara Nafarroa osoan ofizial izateko eskatu du Geroa Baik Foru Hobekuntza berritzeko proposamenean

Irailaren 29ra arteko epea dute Nafarroako Parlamentuko taldeek Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko proposamen zerrenda aurkezteko. Bada, aurrea hartuta, Geroa Baik gaur aurkeztu ditu koalizioak egin nahiko lituzkeen aldaketak. Hiru dira nagusiak: euskara ofizial izan dadila Nafarroa osoan, herritarrek Foru Hobekuntzaren Legearen erreforma berrets dezatela, eta Nafarroako Parlamentuak bere gain har dezala erreforma hori martxan jartzeko ardura. Izan ere, gaur-gaurkoz, Nafarroako Gobernuak ez bertze inork ez dauka hori egiteko ahalmenik.

«Bada garaia onartzeko euskara, gazteleraren moduan, Nafarroako hizkuntza propioa dela, eta, hortaz, hizkuntza ofizial izan beharko lukeela gure lurralde osoan», erran du Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak. Hark eta Pablo Azkona Geroa Baiko bozeramaileak egin dute gaur prentsaurrekoa, eta hiru puntu nagusi horiek ez ezik, bertze zazpi puntu ere aurkeztu dituzte. Alta, deus baino lehen, «inkoherentzia» leporatu diete sozialistei, argudiatuta ez duela zentzurik Espainiako Gobernua euskararen ofizialtasuna defendatzen aritzeak Europan, eta, Nafarroan, sozialistek «berezko hizkuntza dela» aitortzen duten lekuan, halakorik ez defendatzea.

Koalizioaren proposamenetako bat zera da: «Herritarren borondate demokratikoa jartzea parlamentuaren erdigunean». Geroa Bairen irudiko, herritarren erabakia kontuan hartzeak «zilegitasun handiagoa» emanen lioke Foru Hobekuntzaren Legeari. «Gure erregimenaren berezitasuna bat dator sakontze demokratikoarekin, eta ezin da onartu XXI. mendean herritarrek ahotsik ez izatea», erran du Azkonak.

Horrez gain, Foru Hobekuntzaren Legean «erakundeak indartzeko neurriak» txertatu nahi dituzte, eta horien artean sartu dituzte, erraterako, Nafarroako Parlamentua eta gobernua bera. Azkonaren arabera, «Nafarroako Parlamentuak, herritarrak defendatzen dituen heinean, legearen erreforma sustatzeko ahalmena» eduki beharko luke.

Mugakideen arteko harremana

Halaber, lurralde mugakideekin dauzkaten harremanak sakontzeko eskatu du koalizioak, edo ahalegina egin dezala, bederen, «Euskal Autonomia Erkidegoarekin, Ipar Euskal Herriko mankomunitatearekin eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekin» lankidetza mekanismoak indartzeko. Bide batez, eta harremanen harira, Nafarroaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremana «erreala, eraginkorra, aldebikoa eta errespetuzkoa» izan dadila proposatu du.

Muga horiez gaindi, Geroa Baik Europara egin nahi du salto, eta «Nafarroaren ahotsa ozen» aditu dadila eskatu du, «ikusgarritasuna, parte hartze aktiboa eta botoa» izan dezan. Edonola ere, ez du edozein ahots erabili nahi Europan, ezta Nafarroan ere, eta horren gaineko ñabardura bat egin dute gaur proposamen zerrendan: «Foru Hobekuntzaren Legeak darabilen hizkuntzak inklusiboa izan behar du, lege horrek pertsona guzti-guztiak hartu behar dituelako kontuan, inor kanpoan utzi gabe», esplikatu du Hualdek.

Eskumenei dagokienez, eremua zabaltzeko premia ikusten dute Azkonak eta Hualdek, edo, bai, gutxienez, honako gai hauei «sakonki» heltzeko beharra: klima larrialdia, eraldaketa digitala, adimen artifiziala, zahartzaroa, migrazioa, eta «autoritarismoaren aurrean blindatzeko beharra».

Oraindik bi hilabete falta dira proposamen zerrendak ixteko, baina Hualdek dagoeneko jarri du data bat: «Espero dut Nafarroako Gobernuak martxan jarriko duela legearen erreforma, eta, hartara, hurrengo legegintzaldirako bukatuta egotea».