Legionelosi agerraldi bat antzeman zuten irailaren 2an Iruñerrian, eta 39 dira dagoeneko kutsatutako pertsonak, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak bart gauerdian jakinarazi duenez. Burlatan eta Atarrabian agertu dira legionella kasu gehienak, eta gutxi batzuk Iruñeko auzo batzuetan: Erripagainan, Sarrigurenen eta Txantrean. Kutsatuetatik 32 ospitaleratu behar izan dituzte, eta beste zazpik osasun arreta jaso dute.
Baieztatutako 39 kasuetatik 25 gizonezkoak dira, eta 14 emakumezkoak, 38 eta 87 urte bitartekoak guztiak. Adin taldeen arabera, hamaika gaixok 65 urte baino gutxiago dituzte, beste hamaikak 65 eta 74 urte bitartekoak dira, eta 17k 75 urte edo gehiago dituzte.
Inkubazio aldian
Jesus Castilla Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutu Gaixotasun Kutsagarrien Ataleko buruak SER irrati katean egin zituen adierazpenak atzo: agerraldia «kontrolatuta» dagoela ziurtatu zuen, baina ez du baztertzen datozen egunetan kutsatze gehiago gertatzea, «bakterioaren inkubazio aldian baikaude». Sintomak agertu arteko inkubazio aldia bospasei egunekoa da kasu gehienetan, baina hamar egunera arte luza daiteke.
Era berean, Castillak esan zuen agerraldiaren jatorria Atarrabia eta Burlata arteko industria eremu bateko hozte dorreetako batean egongo litzatekeela.
