Eskuan du ¡Al rescate de Baroja! (Baroja salbatu nahian!) —idazlea uztailaren 22an atxilotu zuten, eta biharamunean askatu—, berak idatzitako azken eleberria (Lamiñarra, 2026), eta liburuko orrien artean sartuta, paper batzuk. Fernando Mikelarenak, baina, behin ere ez die so egin bisitak iraun bitartean. Historialariak ia bi ordu eta erdiko ibilbidea egin du Berako karriketan, 1936ko altxamendu militarrarekin lotutako tokien memoria azaltzeko, eta buruz aipatu ditu memoria horri buruzko herritarren eta tokien izen guztiak, bisitan parte hartzeko izena eman duten berrogei lagunen aurrean. Uztailak 18 ditu, eta larunbata da, duela 90 urte bezala.
Mikelarenak bide luze eta oparoa egina du memoria historikoaren esparruan. Hark idatzitako Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936. Responsables, colaboradores y ejecutores (Gupidarik gabe. Garbiketa politikoa Nafarroan, 1936. Erantzuleak, laguntzaileak eta gauzatzaileak), bertzeak bertze, giltzarri izan da Nafarroan (Pamiela, 2015), 557 orritan, izen-abizena jarri baitzien 1936ko errepresioaren erantzuleei, laguntzaileei eta gauzatzaileei. Saiakeren esparrua behin-behinean utzi, eta fikzioaren munduan sartzeko urratsa egin zuen iaz, halere, «memoria historikoa are gehiago zabaltzeko». ¡Al rescate de Baroja!, hain zuzen, Clemente Garcia Errandonea telegrafistaren inguruan sortutako sortako hirugarrena da, eta lan hori hartu du oinarri Mikelarenak, Altzatetarren Dorrearen Akademiarekin batera, Berako memoriari buruzko ibilbidea prestatzeko: 1936ko uztailaren 15etik 23ra zer gertatu zen kontatu du.
2.500 biztanleko herria
Mikelarenak antolatutako bisitan parte hartu dutenek adi entzun dituzte historialariaren azalpenak. 1936ko herriaz aritu da bertze deus baino lehen, eta duela 90 urteko Beran herritarrak nagusiki baserritarrak zirela nabarmendu du. Halere, Fundiciones lantegian berrehun lagun inguru ari ziren ordurako. «160 inguru beratarrak ziren, eta gainerakoak Lesakakoak», zehaztu du Mikelarenak. 1930ean, hain zuzen, hiru hilabeteko greba egin zuten langileok, lan baldintza eta soldata hobeak eskatzeko. «Fundicionesen UGTren talde bat sortu zuten».
Berako ekonomiak bazuen bertze ezaugarri berezi bat: «Estatuko langile anitz zeuden; batetik, 60 karabinero inguru, eta, bertzetik, dozena bat guardia zibil eta aduanako bi zaintzaile. Karabinero gehienak beren familiekin ziren Beran, eta, denera, 300 inguru ziren. 1936an, herriak 2.500 biztanle inguru zituen».
Fernando Mikelarenak Berako memoriaren tokietara antolatutako ibilaldiko parte hartzaileak, bisita hasi aurretik. NAFARROAKO HITZA
Egitura ekonomiko horrek bazuen isla herriko errealitate politikoan ere. UGTko taldea oinarri hartuta, ezkerreko botoa ematen zuen sektore sendo bat bazen 1936ko Beran, baina Mikelarenak zehaztu du herriko botoa, nagusiki, eskuinekoa zela: «Halaxe islatzen dute 1936ko otsaileko hauteskundeek. Botoa eskuinekoa zen, baina eskuin hori ez zegoen, oro har, antolatua». 1931ko udal hauteskundeetan konjuntzio errepublikazale-sozialistak irabazi zuen, eta Jose Juan Irazoki zen alkate estatu kolpea eman zutenean. «Udal talde horren kudeaketa hagitz epela izan zen; errepublikazale guztiak ez ziren ezkerrekoak».
Mugazainak, Endarlatsan
Hori zen 1936ko testuingurua, hori zen herriko giroa duela 90 urteko uztaila hasi zenean. Beran, hain zuzen, altxamendu militarra gertatu baino hiru egun lehenago jazo zen estatu kolpearekin lotutako lehen kontua: Agustin Arrietaren kontrabando sareak Emilio Mola eta Francisco Garcia-Escamezen senideak Miarritzera eraman zituen, Beratik pasatuta. «Altxamendua uztailaren 18an gertatu zen, eta biharamunean, gerra ezarri eta gero, errepresioa hasi zuten. Beran, halere, egun hartan ez zen deus ere gertatu», nabarmendu du Mikelarenak.
«Tenienteak kolpearen alde lerratzeko eskatu zien mugazainei, baina karabineroek errepublika defendatzea erabaki zuten»
FERNANDO MIKELARENA Historialaria
Uztailaren 20an, ordea, bai. Ordurako, Legia karrikako kuartelean ziren mugazain guztiak, herriko karabineroen buru Arcos Cobos tenienteak hala aginduta. «Tenienteak kolpearen alde lerratzeko eskatu zien mugazainei, baina karabineroek errepublika defendatzea erabaki zuten». Mugazainek Berako militante ezkertiar batzuen laguntza jaso zuten, eta Irundik (Gipuzkoa) ailegatutako bertze karabinero batzuena ere bai. «Endarlatsara mugitu ziren, altxamenduari aurre egitera. Zubia leherrarazi zuten, eta, horri esker, Irun eta Donostia hirien defentsak hilabete eta erdi inguru iraun zuen», esplikatu du Mikelarenak.
Uztailaren 21ean eta 22an, erreketeak ailegatu ziren Berara, eta karabineroak Endarlatsara mugitzen lagundu zituzten herritarren aurkako errepresioa hasi zuten. Hainbat bizilagun fusilatu zituzten. «Bertze anitz, ordurako, herritik joanak ziren», zehaztu du Mikelarenak. Errepresioa ez zen hor amaitu: historialariak azpimarratu du erreketeek Endarlatsan ziren mugazainen senideak giza ezkutu gisa erabili zituztela, 1936ko uztailaren 23an. Mikelarenak abuztuaren 14an, 22an eta 29an eginen du berriz ibilaldia.
