Irakurri serie honetako artikulu guziak
Hamabi urte eman ditu politika instituzionalean eta bizitza osoa politikan. Marisa de Simon (Burgos, Espainia, 1959) Ezkerrako parlamentari eta Nafarroako Ezker Batuko koordinatzaile ohia oraindik ere asaldatu egiten da «politikari guztiak berdinak eta alferrak zarete» entzuten duen bakoitzean. «Oso ikuspegi sinplista da. Politika erabat beharrezkoa da; denok egiten dugu politika egunero, familian, kalean, lantokian. Politika duindu behar da», dio irmo. Ondo gogoan du joan den legealdian lan eskerga egin zuela taldeko ordezkari bakar gisa. Neke hura guztia atzean utzi du jada. Umoretsu dago.
Politikaren falta sumatzen duzu?
Apur bat, bai.
Dena den, politika guztiz uzten al da?
Ez, ez da uzten. Nire kasuan, amaiera oso gogorra izan zen emozionalki, politikoki. Nahiko nazkatuta eta akituta amaitu nuen.
Zergatik?
Bakarrik nengoelako. Lan zama handia nuen. Parlamentari bakarra nintzen. Horrek ez ninduen izutzen, eroso egon nintzen, baina desadostasunak izan nituen talde barruan, bai eta taldetik kanpo ere. Kontu puntualak izan ziren.
Ordezkari gutxi edo bakarra izateak lan zama handitzen du.
Bai, eta askotan erabakiak berehala hartu behar dira. Hori ez da ikusten. Gero, zailtasunak izaten dira beste taldeekin ere, aurrekontuak direla eta: zuk hau eginez gero nik beste hura emango dizut… Azken urtea oso-oso konplikatua izan zen.
Parlamentuan zerk harritu zaitu onerako?
Hainbat alderditako jendea ezagutu izanak. Aurretik gauza bat pentsatzen nuen haiei buruz, eta aldatu egin dut iritzia. Adibidez, Carlos Garcia Adanero. Etxean asko kritikatzen genuen, ezin nuen ikusi ere egin, eta oso atsegina da, gertukoa eta zintzoa. Bere rol politikoa jokatzen du. Nik ezingo nuke rol hori jokatu.
Eta txarrerako?
Badago arlo politikoa eta pertsonala nahasten dituen jendea. Beharbada ez zaude ados, baina ez duzu inor iraindu beharrik horregatik. Bestalde, askotan sartuko nuen nik hanka, baina uste dut politikan garden jokatu behar dela. Joko zikina ez dut onartzen politikan. Erabaki nuen ez nuela halakorik onartuko, eta gero ondorioak pairatu izan ditut.
«Askotan sartuko nuen nik hanka, baina uste dut politikan garden jokatu behar dela. Joko zikina ez dut onartzen politikan»
Noiz sortu zitzaizun politikaren inguruko ezinegon hori?
16 urterekin.
Nola izan zen?
Frankismo betean. Aita errepublikazalea zen, gorria eta kristaua. Amaren sendia kontserbadoreagoa zen, baina beti hezi gintuzten ikuspegi sozial batekin, bestearekiko begirunea gordez. Kontzientzia hartu nuen. Aita Miguelito izeneko taberna batera joaten zen, eta lagunartean eztabaidatzen zuten han: bata espetxean izan zen, bestea errepresaliatua izan zen komunista izateagatik eta torturak jasan zituen… Giro horretan hazi nintzen.
Frankismoaren giro hertsiaz jabetu zinen?
Bai. Aita, [Espainiako] Errepublikaren egunean, errepide bazterrera joaten zen, diskrezioz, hildakoak zeuden tokira. Oso kontziente nintzen nor zen Franco, zer zen frankismoa, fusilamenduak, gerra zibila…
Espainiako eskuinean mezu bat nagusitzen ari da: negazionismoa, gerrako zauriak ireki behar ez direlako ideia. Zergatik kostatzen da oinarrizko pausoak ematea?
Oso berandu hasi da bide hori. Zenbat urte eman ditu Alderdi Sozialistak gobernuan gai horri heldu gabe? Zenbat denbora egon dira bizirik biktima batzuk eta haien borreroak? Kontu ugari argitu zitzaketen, eta horrek piztu du halako erresumina, ez gorrotoa, biktimen artean. Bestalde, Espainiako gerra zibilaz hitz egiten da oraindik, eta ez da esaten estatu kolpe bat izan zela. Gobernu hark gabeziak eta bertuteak zituen, baina legitimoa zen, eta haren aurka altxatu ziren. Frankismoaren oinordekoek gertatutakoa zuritu nahi dute. Ez da posible mezua aldatzea; auzia ezin da beharrezko oinarririk gabe itxi.
«Errepublikako gobernua legitimoa zen, eta haren aurka altxatu ziren. Frankismoaren oinordekoek gertatutakoa zuritu nahi dute»
Nola sartu zinen CCOO sindikatuan?
Bost urte eman nituen Miranda de Ebron; Izquierda Unidako jende askorekin harremanetan jarri, eta Iruñera iritsitakoan afiliatu nintzen. Behin, Iruñeko Irakasleen Laguntza Zentrotik kanporatu ninduten, eta galdetu zidaten ea liberatu aritu nahi ote nuen. CCOOkoa naiz erabat.
IUkoa baino lehenago izan zara CCOOkoa. Nolakoa da sindikatuen eta alderdiaren arteko harremana?
Niri dagokidanez, nahiko ongi eraman dut, erraz. Alderdian sartuagoa egon aurretik, hezkuntza arloko politiketan lan egin nuen IUko jendearekin: Isabel Arbonies, Miguel Izu eta Ana Figuerasekin.
Horrela hasi zenuen erlazio hori?
Ez. CCOO utzi nuen, arnasa hartu nahi izan nuen eta. Ez nengoen eroso. Andorran izan nintzen lanean. Han, sindikalismoa debekatuta dago, oso mugatuta, eta hogei urte behar dituzu jarduteko eta nazionalitatea lortzeko. Legez kanpoko sindikatu batean hasi nintzen. Andorra latifundio bat zen.
Eta noiz egin zenuen jauzi IUra?
Idoia Saralegik hezkuntza arloa kudeatzeko eskatu zidan. Gero, 2009 aldera, birfundatze prozesu bat egitekotan ginela, Jose Miguel Nuinek galdetu zidan ea lagundu nezakeen. Prozesu hura arrakasta handikoa izan zen. Diskrezio handiz egin genuen. Horrela egin behar da, ez prentsaren aurrean. Bilera asko egin genituen, eta ez zen erraza izan, baina ongi joan zen.
«Ñabardura horiek garrantzitsuak dira, tartea uzten baitute aurrera egiteko. Desadostasunak handiak badira, azpimarratu egin behar dira, eta ahal den guztia hitzartu»
Ezkerra koalizioak zer ekarri zuen?
Ezkerreko askotariko indarrak bat etorri ginen programa bateratu baten inguruan. Ikasketa bat izan zen. Ados geunden gaiak sartu genituen akordioan, bai eta gure artean desadostasunak pizten zituztenak ere. Gutxi ziren, baina bagenituen halakoak ere. Hala badirudi ere, ez da tontakeria. Bozkatzeko aske ginen; besteak beste, prostituzioaren gaian. Laburbilduz, Batzarre erregulazioaren aldekoa da, eta gu abolizionistak. Ñabardura horiek garrantzitsuak dira, tartea uzten baitute aurrera egiteko. Desadostasunak handiak badira, azpimarratu egin behar dira, eta ahal den guztia hitzartu. Zurekin Nafarroan, aldiz, gaur egun gehiengoak erabakitzen du zer bozkatu.
2011ko legealdian sartu zinen parlamentuan, eta Jose Miguel Nuin eta Txema Mauleon zenituen alboan.
Asko lagundu ninduten, baita EH Bildukoak alboan izateak ere. Gogoan dut, adibidez, botoa zatitu genuela Parlamentuko Mahaiko kideetako bat Bildukoa izan zedin. Ez genuen egin Bildurekin maiteminduta geundelako. Ez. Haiekin desadostasunak genituen, eta baditugu oraindik. Urrats demokratiko bat zelako egin genuen. Bildu zokoratu eta kanporatzeko eskaerak egin zizkiguten, baina pentsatu genuen ez zela ona bakegintzari eta gure lurraldearen etorkizun demokratikoari begira.
Garai hartan abertzaletasuna politikoki zokoratua zen Nafarroan.
Ordu hartan oso gauza garrantzitsua gertatu zen: ETAren amaiera. Pribilegioa izan zen hura parlamentuan bizi izana.
Eta, eskuineko alderdien argudioei erreparatuta, zenbaitetan ez al dirudi ETA oraindik aktibo dagoela?
Itxikeria galanta. Auzia serioegia da ETA itzuliko den mezua erabili ahal izateko. Immorala da hori egitea.
ETAren erabakiak zenbat lagundu zuen 2015eko aldaketari begira?
Asko. Bake eta bizikidetza ekitaldi asko egin ziren parlamentuan. Han bizi izan dudan gauzarik gogorrena da, ikaragarria baita hildakoen senideak entzutea.
Nolako legealdia izan zen 2011ko hura?
Oso polita eta gogorra. Yolanda Barcinak eta UPNk sasira jotzen zuten. Ez zegoen ETA aipatu gabeko eztabaidarik. Azkenean, gogaikarria zen. Aukera asko izan genituen, UPN gutxiengoan baitzegoen. Adibidez, lortu genuen Donapea institutua gaur dagoen tokian geratzea, Opuseko unibertsitateak beretzat nahi baitzuen lursail hori. Familien borroka izan zen, eta irabazi genuen.
Marisa de Simon Nafarroako Ezker Batuko koordinatzailea Txibiteren inbestiduran. IÑIGO URIZ / FOKU.
2015ean etorri zen aldaketa. Atzera begiratuta, zer nabarmenduko zenuke?
Gai izan ginen askotariko jendearen artean akordioa egiteko. Ezkerrak posizio bikaina zuen, gure botoak erabakigarriak baitziren legeak aurrera ateratzeko, eta esku hartzeko ahalmena genuen. Gero ez zaigu aitortu hori; inoiz ez dugu jakin geure burua saltzen (kar-kar). Egoera zaila zen, aurreko urteetan UPN gastatu eta gastatu ibili zen etengabe, nahiz eta oinarrizko gizarte zerbitzuak ordaintzeko dirurik ez izan: AHTa, Los Arcosko zirkuitua, Nafarroa Arena… Egoera irauli behar izan genuen.
2019a urte gogorra izan zen zuretzat. Ezkerreko alderdiak ez zineten gai izan ados jartzeko eta koalizioa osatzeko. Zergatik?
Ui, ikaragarria izan zen. Oso gaizki pasatu nuen. Politikoki minik handiena eragin didan kontua izan da, eta ondorioak izan nituen gero. Ustez, parekoen arteko kontu bat zen. Laburbilduz, aurreko legealdian pozik geunden, Ahal Dugu-k zazpi parlamentari eta guk hiru lortu genituelako. Lehenik haiengana jo genuen elkarrekin aritzeko. Ulertzen dut haien jarrera. Ikusi besterik ez dago batzuen eta besteen ibilbidea.
Zer gertatu zen?
2019ra ailegatu ginen. Garrantzitsua da gauzak nola egiten diren, eta haiek aztoratu egin gintuzten: gaurko geratuko gara, ez biharko; gaur proposamen bat, bihar beste bat. Onartu ezinezkoak ere jasan genituen, uste baikenuen akordio bat lortzea ezinbestekoa zela politikoki.
«2019an, onartu ezinezkoak ere jasan genuen, uste baikenuen akordio bat lortzea ezinbestekoa zela politikoki»
Arestian aipatutako garai gogor horietako bat izan zen zuretzat?
Bai, eta damutu nintzen. Azken bilera oso gogorra izan zen. Ez zegoen modurik ados jartzeko. Kontua ez zen soilik nor zihoan zerrendan eta nor ez. Politikoki eta antolamenduaren ikuspegitik egindako proposamena ezin genuen onartu. Ez zegoen modurik. Testu motz bat hitzartu genuen, eta oraindik etxean daukat gordeta: «Hainbat bilera eta saiakeraren ostean, ondorioztatu dugu hauteskundeei begira bereizita aurkeztea, baina konpromisoa hartzen dugu hasiera-hasieratik talde parlamentario bakarra bagina bezala lan egiteko». Arratsaldeko zortzietan adostu genuen hori, eta hitzartu genuen biharamunean bidaliko genuela, hamarretan. Goizean, legebiltzarrera iristean, prentsa guztia nuen zain. Eduardo Santos [Ahal Dugu-ko koordinatzaileak] idatzi bat bidali zuen esanez ez zela posible izan ados jartzea IUk ez zuelako nahi izan.
Eta zer egin zenuen?
Kazetariak aurrean nituen. «De Simon, zer egingo dugu?», galdetu nuen neure kolkorako, eta segundo gutxian erabaki behar izan nuen. Jendaurrean azaltzen banuen zer gertatua zen, bazitekeen gerra bat abiaraztea, eta, gainera, bakoitzak bere estiloa du. Haiek haiena, eta guk gurea. Gaizki bukatuko zen, eta min handia egin geniezaiokeen elkarri etorkizunera begira. Bakarrik hartu behar izan nuen erabaki hori. Ez nuen ezer esan.
Hauteskundeetan emaitza txarrak lortu zenituzten. Ozta-ozta sartu zinen parlamentuan.
Ezin nuen sinetsi. Ez genuen halakorik merezi. Ozta-ozta iritsi ginen %3ra, eta botoak berriz zenbatzeko eskatu zuten. Boto bateko gorabehera izan zen, baina lortu genuen ordezkari bat izatea.
Legealdi honetan ez zaude parlamentuan. Eztabaida dago ea egokia ote den Zurekin Nafarroa gobernuan egotea.
Ez dut ulertzen. Nire ustez, gobernu batean esku hartzeko ahalmenik ez baduzu, ez duzu hartan egon behar. Oso argi dut. Bestela, bai. IU [Espainiako] estatuko gobernuan egoteari buruz bozkatu den hiru aldietan, kontra bozkatu dut. Kanpotik egin behar da presio.
Marisa De Simon
1959ko abuztuaren 5ean jaio zen, Burgosen (Espainia). Lanbidez irakaslea zela, Miranda de Ebrotik Iruñera etorri, eta bertan afiliatu zen CCOOn. Hezkuntzako irakasleen eskubideen eta eskola publikoaren alde lan egin zuen sindikatuan. Hezkuntza politikako kontuengatik Nafarroako Ezker Batuko politikariekin hitz egin behar zuenez maiz, alderdi horretan inplikatu zen, eta, 2011n, Ezkerra koalizioaren zerrendan aurkeztu. Hiru legealdi egin ditu Nafarroako Parlamentuan. 2017an, Jose Miguel Nuinen agurraren ostean, Nafarroako Ezker Batuaren gidaritza hartu zuen, 2021eko maiatzera arte.