Txibiteri eta Gimenori kargu hartu diete NUPen ikasturte hasierako ekitaldian

Txibiteri eta Gimenori kargu hartu diete NUPen ikasturte hasierako ekitaldian

Iragan ikasturtea bukatu bezala hasi da ikasturte berria Nafarroan: Hezkuntza arloko sindikatuen protesten artean. Maria Txibite, Nafarroako Gobernuko lehendakaria, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikasturte hasierako ekitaldian izan da gaur eguerdian, eta egoera baliatu dute ELA eta LAB sindikatuek, beren aldarrikapenak plazaratzeko. ELAk inbertsioan egin du azpimarra, eta «hartutako konpromisoak betetzeko» galdegin dio Txibiteri. LABek, berriz, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren dimisioa eskatu du beste behin ere.

Bananduta egin dute protesta ELAk eta LABek, baina NUPen Arrosadiko campusean biek ala biek, Iruñean. Han izan da Txibite ere, Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin baitute ikasturteari ongietorria egiteko ekitaldi ofiziala. Lehendakariarekin batera, ekitaldian izan dira Ramon Gonzalo NUPeko errektorea; Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea; eta Ana Ollo, Javier Remirez, Juan Luis Garcia, Mikel Irujo, Fernando Dominguez eta Rebeca Esnaola kontseilariak. Nafarroako Parlamentuko eta Iruñeko Udaleko beste zenbait eledun politiko ere bertaratu dira.

Kanpoaldean, ELAk salatu du hezkuntza inbertsioa «eskasa» dela Nafarroan: «Ikasturtez ikasturte egiaztatu da hezkuntza sistemak dituen beharrei ez zaiela behar bezala erantzuten, behar adinako inbertsiorik ez dagoelako». Sindikatuko kideek gogorarazi dute, Unescoren arabera, administrazioek Barne Produktu Gordinaren %6 bideratu beharko luketeela hezkuntzara, «eskaintza kalitatekoa izan dadin». Aldiz, Nafarroako aurrekontuetan hezkuntzara emandako dirua «ez da %4ra ere iristen».

ELA sindikatuak inbertsio handiagoa eskatu du NUPen, gaur. ELA SINDIKATUA

Nafarroako Gobernuari eusten dioten alderdien arteko itun programatikoan jasota dago Nafarroako BPGaren %5 hezkuntzan inbertitzeko konpromisoa, baina ELAren iritziz, gobernuak ez du puntu hori betetzeko asmorik ere: «Gaur egun, inbertsioa %3,8 ingurukoa da. Gainerako %1,2 horrekin —310 milioi euro inguru—, behar bezala egin ahalko litzaieke aurre gastuei, eta ratioak era linealean murriztu ahalko lirateke, sindikatuok proposatutako neurrian».

LAB: «Neurri eraginkorrak behar dira»

LAB sindikatuak ere gogor kritikatu du Nafarroako Gobernuaren eta, bereziki, Hezkuntza Departamentuaren jarduna. Arrosadiko campusean eginiko protestan adierazi dutenez, Hezkuntza Departamentuaren jokabidea ez da aldatu ikasturte berrian. «Lehengo lepotik burua: langileei entzungor egitea, elkarrizketarik eza, harrokeria eta argitasun falta besterik ez», kritikatu dute.

Neurri eraginkorrak galdegin ditu LABek, «hitzetatik harago». Lehenik eta behin, hezkuntza publikoa indartzeko neurriak eskatu ditu sindikatuak: «0-3 zikloa publifikatzeko bidean, Nafarroako Haur Hezkuntzako lehenengo lan hitzarmena lortu behar da; ikastoletan, berriz, lan hitzarmena berritu behar da, eta ekiparazioa lortu. Ratioak murriztu behar dira, unitate guztiak mantendu lanposturik ez galtzeko, eta euskararen zabalpenaren kontrako neurriak eten behar dira». Azkenik, mobilizazioei eusteko asmoa agertu dute LABeko ordezkariek, eta uste dute Gimenoren kargugabetzea ezinbestekoa dela beren helburuak lortzeko: «Lehen oztopoa gainditu beharra dago, Gimeno kontseilariaren ezintasuna eta gaitasun falta. Ikastetxeetan eta kalean elkar ikusiko dugu».

Txibite, NUP indartzearen alde

Sario eraikinean eginiko ekitaldi ofizialean, berriz, unibertsitate publikoaren aldeko diskurtsoa egin du Txibite lehendakariak. Adierazi du NUPek ezinbesteko rola jokatzen duela «lurraldeen eta pertsonen arteko loturak sendotzen», eta Nafarroako Gobernuak «erabateko konpromisoa» duela unibertsitate publikoa indartzeko. Horren adibidetzat jo du iaz onartutako hitzarmen ekonomikoa: «Horri esker, unibertsitateak indar, gaitasun eta prestakuntza handiagoz eginen die aurre etorkizuneko erronkei». Txibiteren iritziarekin bat egin du Ramon Gonzalo errektoreak, haren esanetan, unibertsitatea «tresna estrategikoa» baita «Nafarroaren etorkizuna bermatzeko».