Javier Aizpun Bobadilla Uharteko (Nafarroa) apaiza da. Duela aste batzuk albiste izan zen Ceutako (Espainia) migratzaileen iritsiera masiboaren harira, «Rabat bonbardatzera» eta Ceutako «inbaditzaileen» aurka «masiboki tiro egitera» deitu baitzuen X sare sozialean. Atzo, Uharteko udalbatzak apaizarekin harreman oro etetea ahalbidetzen duen mozioa onartu zuen. Eliza auzi horretan jokatzen ari den rola ere salatu dute, apaiza ez baitute kargutik kendu.
Eztabaidagai bihurtu ziren herrian apaizaren adierazpenak, baina ez bakarrik Uharten, albistegi askotan ere azaldu ziren. Polemika izan zen nagusi. Izan ere, apaizak bere txioetan, etorkinak tirokatzera deitzeaz gain, Elisabet Katolikoa erreginak «egin gabe utzi zuen lana amaitzeko» beharra ere nabarmendu zuen. Azkenean, Aizpunek barkamena eskatu zuen eta bere sare sozialetako kontuak ezabatu zituen.
Uharteko Udaleko alderdi guztiek gaitzetsi zituzten Aizpunen hitzak, baina denak ez ziren bat etorri apaiza kargugabetzeko eskatzeko garaian. Udalbatzaren osoko bilkuran, PSNren eta EH Bilduren aldeko botoekin soilik atera zen aurrera mozioa. Azkenerako, alkatearen kalitatezko botoa baliatuta, onartu egin zuten Aizpunekin harreman oro eteteko eskaera. Adostutako neurrien artean, «parrokiak herriko jaietan antolatzen dituen ekitaldi erlijiosoetan parte ez hartzea» dago.
EH Bilduren eta PSNren esanetan, herritarren eskakizunei erantzun zien atzoko mozioak. Izan ere, ez ziren gutxi udalak auzian esku hartu behar zuela eskatzen zutenak. Mobilizazioak ere egon ziren herrian polemika hasi zenean. Uharteko dozenaka biztanlek argi esan zuten ez zutela bat egiten apaizarekin, haren adierazpenek «izaera xenofoboa eta atzerakoia» zutelako eta «indarkeria bultzatzen» zutelako.
Festa desberdinak aurten
Onartu berri duten mozioan, onartezintzat jo dituzte apaizaren esanak: «Ez ditu inondik inora gure herriaren balioak ordezkatzen». Hasiera batean mozioaren aldeko eta kontrako boto kopuru bera egonik ere, alkateak berdinketa hautsi zuen kalitateko botoaren bidez. Askotariko iritziak azaleratu ziren, baina eztabaidagai nagusia zera izan zen: Aizpunen jokabidea txarresteko beharrezkoa ote den Elizarekin harreman oro etetea.
Alfredo Arruiz Uharteko alkateak (EH Bildu) zehaztu zuen mozioan jasotakoa: «Kontua da gizon hori dagoen herriko festetako ekitaldietara ez joatea. Oraingoz hori. Eta aurrerago, Jainkoak esango du».
PSNren postura ere argia izan da: «Ez dugu egon nahi gizon hau bertaratzen den ekitaldietan». Fernando Ventura alderdiko kideak, gainera, bere esperientzia pertsonalarekin argudiatu du alderdiaren iritzia. Elizkoia dela esan du, baina, askotan, mezan «belarriak tapatu behar» izaten zituela Aizpunen hitzak ez entzuteko. Azkenean, elizara joateari utzi dio. Hori horrela, nabarmendu du «fedearen gainetik balioak» daudela, eta, hortaz, PSNren postura «erabat koherentea» dela.
Bi alderdi horiez gain, Geroa Baik, UPNk eta PPk osatzen dute udalbatza. Hirurak beste bide batetik joan dira auzian. UPNko Julen Sesmak esan du Uharteko Udalak herriko katolikoak ere ordezkatzen dituela, eta hortaz, jaietako jubilatuen mezan eta prozesioan parte ez hartzearen aurka agertu da. «Herriko katoliko gehienak Aizpunen esanak gaitzesten dituzte».
Geroa Baik ildo beretik jarraitu du, eta alderdiaren iritzia plazaratzeko Santi Argibidek, PSNkoen moduan, esperientzia pertsonal bat erabili du: «Pasa den egunean lagun baten amaren hiletara joan nintzen. Ez apaizarengatik, baizik eta lagunaren ondoan egoteagatik». Era berean, herriko jaietako ekitaldi erlijiosoetan izango duten aldentzearen inguruan mintzatu da: «Salvea, adibidez, ez da ekitaldi erlijioso hutsa, haratago doa».
PPk ere tradizioaren alde egin du, apaizaren esanak gaitzesten dituela esan arren: «Elizan unean-unean dauden pertsonen gainetik dago tradizioa».
Elizaren rola
Aizpunen adierazpenak ez ezik, Uharteko Udalean eztabaidagai izan zen ere Ceutako migratzaileen auzian Elizak jokatu duen rola. Mozioan azpimarratzen da «onartezina» dela «apaizak oraindik inongo ondoriorik jaso ez izana».
Horrez gain, salatu dute Uharteko parrokia motz geratu dela, Aizpunen adierazpenak «desegokiak» direla esatera mugatu baitzen. Parrokiaren arabera, esanek ez dute Eliza ordezkatzen eta apaizak «eremu pribatuan» esan zituen. Horren harira, Geroa Baik artzapezpikutzari eskatu dio Aizpun ofizialki kargugabetu dezala. Alderdiaren proposamena aurrera atera da EH Bilduren eta PSNren botoekin.
