Hilaren 21etik aurrera ez da pediatrarik izanen Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko osasun zentroetan

Hilaren 21etik aurrera ez da pediatrarik izanen Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko osasun zentroetan

Baztango Osasun Plataformak egin du salaketa. Irailaren 21etik aurrera, ez da pediatrarik izanen Baztango, Urdazubiko eta Zugarramurdiko osasun etxeetan. Plataformak ohar batean esplikatu duenez, zerbitzua «modu prekarioan» ezarria egon da orain arte eskualdean. Aurrerantzean, ezta horrela ere: «Egin diguten iragarpenaren arabera, hil honen 21etik aitzin pediatrarik gabe geldituko gara».

Baztango Osasun Plataformako kideentzat «onartezina» da egoera: «Ezin dugu onartu ehunka haur beharrezko osasun arretarik gabe gelditzea, ehunka ama-aita kezkaturik egotea beren umeek mediku arretaz behartzen badira». Areago, ez dute uste unean uneko arazoa denik, «egiturazkoa» baizik: «Urte anitzez murrizketak egin dituzte osasun zerbitzu publikoan, plangintza kaskarrak egin dira eta baliabideak ere eskasak izan dira. Horren ondorioa da orain pairatzen ari garena».

Elkarretaratzea Arraiozen, Baztanen pediatria zerbitzua eten ez dezatela eskatzeko. BAZTANGO OSASUN PLATAFORMA

Plataformakoen aburuz, arta pediatrikoa egun bakar batez ere etetea oso larria izanen litzateke; hortaz, iragarri dute ez direla «esperoan» egonen «irailaren 21ean zer gertatuko». Horren ordez, mobilizazioen bideari heldu diote, eta protestak egin dituzte egunotan ibarreko zenbait herritan. Ostiral iluntzean, esate baterako, elkarretaratzeak egin zituzten Elizondoko eta Arraiozko plazetan, Baztango Osasun Plataformak deituta. «Eskatzen dugu une oro bermatua egon dadila zerbitzua gure eskualdean».

Plataformak iragarri du, gainera, harremanetan jarriak direla zenbait eragilerekin, egoera onbideratze aldera. «Eskerrak eman nahi dizkiegu osasun zerbitzuan dauden langile guztiei, erabaki honen berri emateagatik, eta Baztango Udalari beren kezka gurekin partekatzeagatik», esan zuten Elizondoko protestaren amaieran. Irailaren 16an, bestalde, batzar bat eginen du Baztango Osasun Plataformak, hurrengo urratsak zehazteko. 19:00etan izanen da, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.