Herri mugimendua saretzeko beharra azpimarratu dute Iraultza Txikien Akanpadan

Herri mugimendua saretzeko beharra azpimarratu dute Iraultza Txikien Akanpadan

Norbere borroketan eta jardueretan pausatu, albokoaren kezkak eta ideiak entzun eta aurrera begirako bideaz gogoeta egiteko plaza bihurtu da hiru egunez Pitillas (Nafarroa). Bi urtean behin Euskal Herriko toki batean egiten dute Iraultza Txikien Akanpada, eta oraingo honetan Nafarroa erdialdeko herri eder hori aukeratu dute. Laugarren edizioa da aurtengoa, eta olatu autoritarioaren aurka herri mugimendua saretzeko beharra azpimarratu dute.

Atzo hasi zen kanpaldia. Gaur goizean hiru hitzaldi nagusi izan dira. Batetik, sare sozialetan aske aritzeko moduak izan dituzte hizpide. Bigarrenik, euskararen aurkako oldarraldiari eman beharreko erantzunez hausnartu dute Haizea Lizarbe Agerraldiko kideak, Gartzen Garaio Aiaraldeko Ekintzen Faktoriako kideak eta Intza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskaraz-eko ordezkariak. 

Gurrutxagaren ustez, «estrategia egokia» behar du euskarak, larrialdi egoeran baitago: 1970eko hamarkadan egin zen bezala, ilusioa hauspotuko duen pizkundea behar du. Hala, militantzia aktibatu egin behar dela deritzo. Uste du euskal hiztunak erakartzeko sedukzioaren estrategiari ez zaiola uko egin behar, baina ohartarazi du «tranpa bat» izan daitekeela, bai eta erakundeek beren ardurari izkin egiteko modu bat ere. Gogora ekarri du Espainiak eta Frantziak legediaren bidez inposatzen dutela gaztelera eta frantsesa ikasteko beharra. 

Garaiok bat egiten du Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak Esnatu ala hil liburuan plazaratutako tesiarekin, eta uste du euskararen inguruko mezu baikorregiek euskara «pikutara» doan irudipena lausotu dutela. Funtsezkotzat jo du egoeraren larria sozializatzea eta euskaltzaleak «ahalduntzea», tresnak izan ditzaten euskararen kontrako diskurtsoei aurre egiteko.

Lizarbek, aldiz, aipatu du Nafarroan izandako oldarraldia gorabehera orain euskarak «loraldi txiki» bat bizi duela, batik bat erdialdean, Zangozaldean eta Estellerrian. Haren irudiko, dena den, «asko» dago egiteko, eta euskalgintzak oro har aintzat hartu beharko luke Euskal Herriko zona bakoitzaren errealitatea.  

Palestinako egoera

Ordu berean, Palestinaren aldeko elkartasunaz mintzatu dira Yala Nafarroako Lidon Soriano eta BDZ taldeko Richard Weyndling. Sorianok azaldu duenez, laurogei udalekin elkarlanean ari dira kontratuak eten ditzaten Israelekin harremana duten enpresekin. Weyndlingen arabera, berriz, sionismoak ahuldadeak ditu, eta ahuldade horietan eragin behar da. Sorianok garrantzi handia eman dio kirol eta kultur jardueretan presio egiteko aukerari. Gero, mobilizazioen eraginkortasunaz eztabaidatu dute, eta hizpide izan dute, halaber, nola hautsi Palestinaren inguruan nagusitzen ari den isiltasuna.

Eguerdian, Pitillaseko udaletxe plazara igo dira, Juan Antonio Cabreroren omenaldian parte hartzera. Arratsaldean, berriz, transfobiari, gerraren negozioari eta eraso arrazistei buruz mintzatu dira. Bihar eguerdian ibilaldia egingo dute Bardeara, eta orduan amaituko da kanpaldia.