Belatek baldintzatuta, etzi egingo da Nafarroako politika orokorreko eztabaida

Belatek baldintzatuta, etzi egingo da Nafarroako politika orokorreko eztabaida

Nafarroan, legealdiko hitza da: Belate. UPNk lortu du tunelak bikoizteko adjudikazio prozesua eta lanek eragindako gainkostuak agenda politikoaren erdian kokatzea. Auzi horrek baldintzatuta, etzi egingo da Nafarroako Parlamentuan politika orokorreko eztabaida. Foru hauteskundeetarako zortzi hilabete falta direla, eztabaidak balioko du jakiteko nola aurre egiten dion legealdi amaierari Nafarroako Gobernuak eta nola ikusten duen egungo egoera talde bakoitzak.

Nahiz eta eskuineko oposizioak Belateko tunelen inguruan ustelkeriaren susmoak haizatu dituen, gobernuko bazkideek orain arte euste horma politikoa altxatu dute. Eztabaidak islatuko du euren arteko harremanak zertan diren, eta nola egiten dioten aurre balizko higadura politiko bati.

Gobernuko bazkideek saioa beste esparru politiko batean kokatu nahiko dute: eskuinaren eta eskuin muturraren arteko aliantza. Espainian, PPren eta Voxen arteko akordioak egonkortu egin dira, eta inork gutxik jartzen du zalantzan, aritmetikak utziko balu, UPN Voxekin negoziatzeko prest legokeela. Diskurtsoetan zein Ceutaren aldeko mobilizazioetan hirukoa elkartuta agertu da, eta, batik bat UPN higatu asmoz, gainerako alderdiek hor jarriko dute azpimarra.

Bloke autoritarioaren ereduari aurre egiteko, euren jarduna nabarmenduko dute Nafarroako Gobernuko hiru bazkideek eta EH Bilduk, baina bakoitzak bere ñabardura ezarriko du. Dena den, ez dirudi diferentzia horiek kontu publikoei eragingo dietenik. Politika orokorreko eztabaida 2027ko aurrekontuen negoziazioen hasieran egingo bada ere, Geroa Baik gaur goizean aurreratu du hura adosteko borondatea duela.

PSNk, berriz, Maria Txibiteren agintaldiari erreparatu nahi dio: «Nafarroak aurrerapauso handiak eman ditu urteotan, eta orain Txibite gobernura heldu aurreko egoeran baino hobeto gaude», azpimarratu zuen astelehenean Kevin Lucero parlamentariak. Sozialisten ustez, herritarrek nahi dutena da «arazoei konponbideak eta erantzun aurrerakoiak ematea, iraina eta polarizazioa bilatzen dutenen aurrean».

Geroa Baik gobernuaren jardun ona nabarmenduko badu ere, PSNrengandik bereizten ere ahaleginduko da. Koalizio gobernu ororen arazo klasiko da ordezkaritza handieneko alderdiak bereganatzen duela arreta, onerako zein txarrerako. Beraz, Geroa Baik bilatuko du bere profil propioa ezartzea eta sozialisten arazoek bere kudeaketa ez orbaintzea. Belateren kasuan, «zorroztasun eta gardentasun handiagoa» eskatuko dio. Politikoki, bere ardurapean diren bi lege nagusiak ditu apustu: Osasun legea eta Industria legea.

EH Bilduk, berriz, begirada altxatzeko eskatuko dio gobernuari. Astelehenean gogorarazi zuen Laura Aznalek egunerokoa kudeatzearekin ez dela aski. «Ez diogu soilik legealdian gertatu denari erreparatu behar, haratago joan behar dugu». Koalizioak ohartarazi du gerrak, larrialdi klimatikoak eta inflazioak ezinegona eragiten dietela herritarrei. «Erantzun irmoak behar ditugu, eta etorkizunera begirako ikuspegia eman».

Zurekin Nafarroak ezkerrerago joateko eta legealdi hasieran hitzartutako akordio programatikoa «ausart» betetzeko deia egingo die PSNri zein Geroa Bairi. Carlos Guzmanen arabera, «anbizioz» jokatu nahi dute.

Eskuinaren blokea

Ikusi beharko da UPNk zenbat denbora erabiltzen duen Belate eta Cerdan auzia salatzeko. Dena den, Javier Esparzak aurreratu du Txibiteren kudeaketaren atzera begirakoa egingo dutela. «Ikusiko dugu zer egin den, zer ez den egin, eta hitz egingo dugu zazpi urteotan esan baina gero bestela egin diren gauzez ere». 

PPren kasuan, Javier Garcia eta bere taldea ez dira gai izan UPNri lehia egiteko, eta bien diskurtsoak bereiztea nekeza egiten da. Voxek ere Txibiteren gobernuaren kontra egingo du. Diferentzia nagusia izango da bere diskurtsoan irainak nagusitzen direla.

Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida orotan bezala, 09:30ean hasiko du saioa lehendakariak, eta nahi beste hitz egin dezake. Amaituta, ordu erdiko atsedena hartuko dute parlamentariek, eta jarraian taldeetako eledunen txanda helduko da. Ordezkaritza handieneko alderditik (UPN) txikieneraino (Vox), ordu erdi izango du bakoitzak. Goizeko saioa amaituta, arratsaldean lehendakariak erantzungo die eledunei eta ondoren haietako bakoitzak hamar minutu izango du berriz erantzuteko. Txibitek berak izango du azken hitza.

Jurio: «ALDERDI ABERTZALEEN ARAZOA DA»

Uztailaren amaieran, Nafarroako eta Espainiako gobernuek segurtasun batzordean hitzartu zuten foruzain kopurua handitzea eta larrialdietako zerbitzuek polizia aginte partekatua izatea. Geroa Baik eskatuta, Inma Juriok gaur parlamentuan «historikotzat» jo du akordioa. Jurioren arabera 112 telefonoan larrialdi plataforma koordinatu egingo da polizien artean, eta «alderdi abertzaleen arazoa da» hori gaizki ikustea, poliziari lotutako larrialdien inguruko «beste ikuspegi bat dutelako». Geroa Baiko Blanca Regulezek leporatu dio gai horren berri ez zietela eman, eta eskumenetan amore eman duela Nafarroak. EH Bilduk egotzi dio Foruzaingoa Polizia oso izateari uko egin diola Barne Departamentuak. UPNren arabera, akordioa eta plataforma «hobetu egin daitezke». PPren arabera, «albiste ona da».