Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikus-entzunezkoetako teknikariek hainbat lanuzte egin dituzte uda honetan zehar, euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berri baten alde. Atzeragotik dator soka, eta protestan dabiltza arlo horretako Nafarroako beharginak ere. Salatu dute patronalarekin bi urtez negoziatzen egon ostean, ez dutela lortu haien lan egoera hobetuko eta arautuko duen hitzarmen bat adostea, are, bueltan «isiltasuna» jaso dutela gaitzetsi dute. Hala, LAB sindikatuak deituta, greba egingo dute larunbatean, eta aurreratu dute mobilizazio aldi berri baten lehen geltokia izan daitekeela hilaren 10ekoa.
Lau elkarretaratze egingo dituzte: 11:00etan Nafarroako Jauregian, 12:00etan Baluarte aretoan, 18:30ean Gaiarre antzokian eta 20:00etan berriro ere Baluarten.
Hain justu, Baluarten ari dira egiten egunotan Iruñeko Topaketen barruko ekintzetako ugari, eta larunbat iluntzerako programatuta zegoen Ash dantza emanaldia bertan behera utziko dutela iragarri dute topaketen antolatzaileek. «Beharrezko baldintza teknikoak» bermatu ezin dituztelako hartu dute erabakia, eta dirua itzuliko diete sarrera hartuta zutenei. Egun horretakoak egitekoak dira gainontzeko saioak, hitzaldiak eta elkarrizketak, mantendu egingo dituzte, betiere «grebaren eragindako baldintzetara egokituta».
«Ikuskizun bakoitzaren muntaiaren eta desmuntatzearen atzean, eszenatoki bakoitzaren atzean eta talde tekniko bakoitzaren atzean langileak daude, eta langile horiek lan baldintza duinak eta egonkorrak merezi dituzte», defendatu dute sindikatuko ordezkariek. Sektorearentzako lehen lan hitzarmena litzateke borrokatzen ari direna.
