Laboral Kutxak ezkortasunik gabe baina zuhurtziaz erreparatzen dio Nafarroako ekonomiari. Kreditu kooperatibak lurraldearen ekonomia egoeraren erradiografia egin du txosten batean, eta Joseba Madariaga ikerketa saileko zuzendariak modu grafikoan laburtu haren egoera: «Botila erdi beteta dago». Dena den, aurten %1,9 haziko dela iragarri du, Europako batez bestekoa baino gehiago.
Laboral Kutxak, izan ere, zantzu kontraesankorrak ikusten ditu, industrian bereziki. «Autogintza bere egoera hobetzen ari da», goratu du Madariagak, baina «beste industria jarduera batzuek» eta esportazioek oro har ahulezia erakusten dute. Ikerlariak nabarmendu du inflazioaren eragina nabarmena dela.
«Botila erdi beteta dago. Autogintza hobetzen ari da, baina beste industria jarduera batzuek eta esportazioek oro har ahulezia zantzuak dituzte»
JOSEBA MADARIAGA Laboral Kutxako ikerketa burua
Joera horrek enplegua izan dezakeen eragina iragartzen ez da ausartu, atzerritarren erregulazio prozesuak arrastoa utziko duelako, bai Gizarte Segurantzan izena emandakoen kopuruan, bai langabetuenean. «Baina tira, badirudi lan merkatua pixka bat hoztu dela», ondorioztatu du.
Aurkezpenean Nafarroako Gobernuko bi kontseilari egon dira: Mikel Irujo industriakoa eta Jose Luis Arasti ekonomia eta ogasunekoa. Irujok onartu du azken sei hilekoan «arduratzeko moduko datuak» izan dituztela industrian, eta horrek bat egin duela Europako funtsen amaierarekin. Halere, bere ondorioak zehatzagoak izan dira: «Bila jartzen zarenean, eta sasiak eta saiak kentzen dituzunean, atzean agertzen den hitza ‘Txina’ da».
Jose Luis Arsiti eta Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko kontseilariak Laboral Kutxako Joseba Madariagaren hitzaldia entzuten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Txinak epe motzean lortu duen lehiakortasun gaitasuna aipatu du Irujok, eta onartu du industri azpisektore askotako enpresek aipatu diotela bi edo hiru urte barruko egoera «oso zaila» izango dela Horri aurre egiteko, industrian inbertsioak egiteko anbizio handiko aurrekontuak behar direla esan du.
Mezu hori Aristiri zuzendurikoa zen, eta hark erantzun dio inbertsio horiek aurreikusita daudela. Zentzu horretan gogoratu du Nafarroak zor txikia duela eta azken legegintzaldiak irabaziekin amaitu dituela, eta zaku horretatik aterako dela inbertsio plana.
«Azken seihilekoak arduratzeko moduko datuak utzi ditu. Baina gero bila hasten zara, sasia eta sasia kentzen, eta agertzen den hitza ‘Txina’ da»
MIKEL IRUJO Nafarroako Industria kontseilaria
Diagnosi orokorraz gain, Laboral Kutxak iragarpen batzuk egin ditu, esaterako aurtengorako espero duen %1,9ko hazkundea. «Hiru hiruhileko egin ditu %0,5ean hazten, baina aurtengo laugarrenean pixka bat moteldu da: %0,4», aletu du Madariagak. Asko edo gutxi da? «Bada Europa baino gehiago haziko da Nafarroa, baina, esaterako, Espainia baino gutxiago». Langabezia tasari dagokionez, %8,3an gelditzea espero du, alegia, igoera txiki batekin.
2027rako hazkunde iragarpena okerragoa da hazkundeari dagokionez, %1,7; baina hobea langabeziari begira: %8,1. Izan ere, Laboral Kutxak desazelerazio txiki bat espero du Hego Euskal Herrian; dena den, datu horiek Nafarroan izango duten bilakaera Europan izango dutena baino «nabarmen hobea» izango da.
