Jagoba Arrasatek hauxe adierazi zuen iragan astean BERRIAri emandako elkarrizketa batean: «Catarekin [Cata Prietorekin, Osasunako kirol zuzendariarekin] oso harreman ona daukat. Nik atea irekita utzi nuen, eta haiek ere bai. Noizbait itzultzen banaiz, modu naturalean izango da, bi aldeek elkarren beharra sentitzen dugunean». Bada, berriro elkartu dira klub gorritxoaren eta prestatzailearen arteko bideak. Eguerdian, Osasunak iragarri du Luis Miguel Ramis kargutik kendu duela, eta segidan jakinarazi du Arrasate dela haren ordezkoa. Prestatzailea bihar aurkeztuko dute, 12:30ean, Sadarren, eta etzi zuzenduko du lehen entrenamendua Taxoaren. 2029ra arte sinatu du. Hauxe izan da kirol zuzendari moduan Catak hartu duen lehen erabaki garrantzitsua.
Arrasatek bigarren aroa izango du Osasunan. Aurreko aldian sei denboraldi egin zituen karguan. 2018-2019ko denboraldian iritsi zen Iruñera, Numantziatik. Artean talde gorritxoa Bigarren Mailan zegoen. Denboraldi hasiera ez zen ona izan, baina taldeak behetik gora egin zuen, eta bigarren itzuliaren hasieran goiko postuetan kokatu zen; azkenerako, talde nafarrak hainbeste behar eta desio zuen igoera lortu zuen. Hurrengo denboraldietan, mailari eusteko helburua bete zuen. Emaitzei eta lorpenei erreparatuta, zalantzarik gabe, 2022-2023ko denboraldia izan zen Arrasateren denboraldirik onena Osasuna zuzentzen. 18 urte pasatu eta gero, taldea Espainiako Kopako final batera ailegatu zen. Sevillan jokatu zuten, eta Real Madril izan zuen aurrean. 2-1 galdu zuten gorritxoek, baina gertu izan zuten balentria, batez ere bigarren zatian oso partida ona egin baitzuten.
Gainera, Espainiako Superkoparako sailkatu zen. Ligan ere, taldearen jarduna bikaina izan zen. Zazpigarren tokian amaitu zuen, eta, hala, Konferentzia Liga jokatzeko sailkatu zen. Osasunak Europan lehiatzeko aukera zuen hamasei urteren ondoren. Ustez partidak erosteagatik zigortzear egon zen UEFA talde gorritxoa, baina azkenean ez zen hala izan. Osasunak atariko kanporaketa jokatu zuen Bruggeren kontra, eta galdu egin zuen.
Azken denboraldian, 2023-2024koan, gorabehera asko izan zituen taldeak, eta, liga amaitzeko bederatzi partida falta zirela, 2024ko martxoaren 26an iragarri zuen sasoi amaieran Osasunaren aulkia utziko zuela. «Oso eskertuta nago. Ez da erabaki erraza izan; egun zailak izan dira. Baina ez nengoen konbentzituta segitzearekin, eta horrela ezin dut nire onena eman. Eta, hala, ezin dut taldearen onena atera. Ziurrenik, segitu nezakeen. Hemen dena daukat. Jakitun nago Osasunatik irteten denak galdu egiten duela. Baina zintzo jokatu behar dut neure buruarekin eta klubarekin. Erabakia nirea da, eta uste dut onena dela denentzat». Arrastoa utzita joan zen; taldeak denboraldi hartan jokatutako azken partidan, omenaldi hunkigarria jaso zuten hark eta haren familiak.
Ondoren, Mallorcak fitxatu zuen. Denboraldi eta erdi pasatxo egin zituen han, baina, emaitza txarrak tarteko, kargutik kendu zuten. Otsailean izan zen hori. Bada, zortzi hilabeteren ondoren, lanera itzuliko da, berriz ere Osasunaren aulkian. Familia itzuli berria zen Mallorcatik Iruñera. Osasunari partida gehien zuzendu dioten entrenatzaileetan bigarrena da: 256. Bi urte eta erdi geroago bueltatuko da Sadarreko aulkira, eta zenbaki hori handitzen jarraituko du.
Bi urte hauetan, gertutik jarraitu du Osasunaren jarduna. Hala, iazko martxoan, beste elkarrizketa batean zera aitortu zuen BERRIAn: «Osasunaren partidekin sufritu egiten dut oraindik». Iragan astekoan, hala segitzen zuen galdetuta, hauxe izan zen erantzuna: «Orain, Osasuna beste talde bat bezala aztertzen dut, baina, Iruñean bizi garenez eta Sadarrera joaten garenez, desberdina da. Gainera, barruan dagoen jendearekin harreman ona daukat oraindik. Talde kutuna da oraindik niretzat. Uste nuen denborarekin jendea apur bat ahaztuko zela nitaz, baina esker on eta maitasun handia sentitzen dut oraindik».
Hilabete hauetako etenaren ostean, nolako entrenatzailea izan nahi duen ere kontatu zuen elkarrizketan: «Alde batetik, autokontrol handiagoa izan nahiko nuke. Pertsona lasaia naizela uste dut, baina partida askotan ez zait gustatu zer jarrera izan dudan. Arreta zelaian edo taldearen onuran jarri beharrean beste toki batzuetan jartzeko joera dugu teknikariok, epaileen erabakien harira eta abar. Metodologia aldetik ere aldaketa txiki batzuk egingo nituzke. Eta, taktikoki, uste dut baloi irteeran gauza batzuk findu ditzakedala, eta horretan ere bagabiltza».
Ramisen kargugabetzea
Arrasate joan zenetik, aulkian egonkortasuna lortu ezinik egon da talde gorritxoa. Azken hiru denboraldietan, hiru prestatzaile izan dira talde gorritxoaren lemazain: Vicente Moreno, Alessio Lisci eta Ramis. Atzo Betisen zelaian 5-2 galdu ostean, bazebilen Ramis kargutik kenduko ote zuten zurrumurrua, baina Osasunak datorren igandean Racingen aurka jokatu behar duen partidan egoera iraultzen hasteko beste aukera bat izan zezakeela uste zen.
Zuzendaritzak eta Cata kirol zuzendariak, ordea, bilera egin dute gaur goizean, eta kargutik kentzea erabaki dute. Emaitzei erreparatuta, erabakia ez da ezustekoa izan, baina garaia bai. Izan ere, liga etenda egon da azken hiru asteetan, eta une horrek zentzuzkoagoa zirudien, entrenatzaile berria lanean has zedin eta denbora izan zezan bere ideiak ezartzen hasteko; egia da, dena den, gaur egun multzoan dauden jokalari gehienek ondo ezagutzen duten Jagoba Arrasate, haren aginduetara egon baitziren asko.
Ramisek Ligako zortzi partida zuzendu ditu Osasunaren aulkian: bi irabazi ditu, bi berdindu, eta lau galdu. Talde gorritxoa hamaseigarren postuan dago sailkapenean. Zortzi puntu ditu, eta hiru puntura du Levante, jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea. Prestatzaileak ondo ekin zion denboraldiari, talde gorritxoak bederatzi puntutatik zazpi eskuratu baitzituen lehen hiru jardunaldietan. Baina ondoren jokatutako bost partidetan puntu bakarra poltsikoratu du Osasunak.
Ramis udan iritsi zen Iruñera, Alessio Lisciren tokian, aurreko denboraldian Bigarren Mailan Burgosekin lan bikaina egin eta gero. Espainiako taldea igoera kanporaketak jokatzear egon zen, eta batez ere atzean talde sendoa izategatik nabarmendu zen. Defentsari lehentasuna emango ote zion galdetuta, hauxe izan zen Ramisen erantzuna aurkezpenean: «Gol gutxi sartzen badizkigute, seinale ona izango da. Baina zera utzi nahi dut argi: ez dugu talde defentsibo bat izan nahi, baina bai defentsan ondo jarduten duen talde bat».
Azken bost neurketetan, ordea, ez du halakorik lortu. Talde gorritxoari hamazazpi gol sartu dizkiote neurketa horietan: besteak beste, bost Alavesek eta Betisek, eta lau Atletico Madrilek. Taldea bigun aritu da alor horretan, akats ugari eginez. Erasoan ere Ante Budimirrek atera ditu babak eltzetik. Osasunak denboraldi honetan sartutako zortzi goletatik, sei Kroaziako aurrelariak egin ditu. Harez, gain, Kike Barjak eta Raul Garcia de Harok baino ez dute lortu aurkariaren atea zulatzea. Udako merkatuan egindako fitxaketak ere ez dira nabarmendu: Joathan Dubasin, Rockson Yeboah, Romain del Castillo eta Diego Rico. Aimar Orozen lesioak ere min handia egin dio. Izan ere, jokoa sortzeko orduan arazoak izan ditu talde gorritxoak.
Ramisek prest ikusten zuen bere burua egoera iraultzeko. Hala adierazi zuen atzo, Betisen aurkako partida amaitu ostean: «Klubaren eta jokalarien babesa dudala sentitzen dut. Konponbideak bilatzen jarraituko dugu, eta ez dut dudarik: aurkitu egingo ditugu. Taldeak borondatea du gauzak ondo egiteko». Arrasatek nahiko lan izango du konponbide horiek topatzen.