Nafarroako Fitero eta Cintruenigo herrietako 60 etxebizitzetako maizterrak inbertsio funtsen aurka «borrokan» ari direla salatu du Haritu etxebizitza sindikatuak. Sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, etxebizitza horiek duela 20 urte eraiki ziren Babes Ofizialeko Etxebizitza gisa, baina geroztik merkatu librera igaro dira eta «orotariko funts eta kudeatzaileen esku» geratu dira. Egoera horrek etxebizitza horietako maizterrak «defentsarik gabe» utzi dituela deitoratu du sindikatuak, eta bilera informatiboa antolatu dute larunbatean, arratsaldeko bostetan, Fiteroko Calatrava antzokian.
Etxebizitza horietako 47 Cintruenigon daude, eta beste hemeretzi Fiteron. Harituren arabera, Cintruenigoko etxeetako maizterrak «defentsarik gabeko egoeran geratu ziren etxejabeen segida amaigabearen ondorioz. Ez zekiten nor zen haien ugazaba, ezta haien kontratuekin zer gertatuko zen ere». Alokairua etengabe igo zietela ere salatu du sindikatuak. Joera horren amaiera «etxegabetze aginduak» izan ziren. Alta, maizterrek, sindikatuaren laguntzaz antolaturik, etxegabetze horiek gelditzea lortu dute, eta «iraupen luzeko» kontratu berriak lortu dituzte, «prezio egokian».
Fiteron, berriz, egoerak «kezkagarria» izaten jarraitzen du, sindikatuaren hitzetan. «Jabeek ez dute kontratu berririk negoziatu nahi, eta hainbat etxegabetze prozedura abiatu dituzte», deitoratu du Harituk. Maizterrak, sindikatuaren laguntzaz, etxegabetze horien aurka antolatzen ari dira, eta erakundeei «berehalako konponbideak» eskatu dizkiote arazoari aurre egiteko. Sindikatuaren ustez, Fiteroko eta Cintruenigoko familien egoera ez da «arazo bakana, irabazi ekonomikoa etxebizitza bezalako oinarrizko eskubideen aurretik lehenesten duen eredu» baten egiturazko ondorioa baizik.
