Vito Quilesek duela egun batzuk iragarri zuen berriro Euskal Herrira etorriko zela hainbat ekitaldi publiko egitera; oraingoan, Iruñean eta Bilbon da egitekoa. Bada, gaur 18:00etan zuen lehen ekitaldia, Iruñeko Yamaguchi parkean. Eskuin muturreko komunikatzaile espainiarrak iazko urrian egin zuen Euskal Herrian lehen deialdia, Iruñean kasu horretan ere, baina azkenean ezin izan zuen ekitaldirik egin. Liskarrak izan ziren antifaxisten eta Poliziaren artean, eta dozenaka pertsona atxilotu zituzten duela hilabete batzuk.
Espainiako Poliziak segurtasun operatibo erraldoia aktibatu du Quilesen ekitaldia dela eta. Yamaguchi parkean dozenaka Polizia furgoi daude, baina ez soilik hor, Alde Zaharretik Yamaguchira bidean hainbat furgoi ere daude eta, sakabanatuta. Helikoptero bat ere badabil hegan.
Deialdia seiretan bazen ere, Quiles ordu erdi pasatxo berandu iritsi da, eta 10 minutuko ekitaldia egin eta gero alde egin du. Bere 30 jarraitzaile inguru eta bertako bizilagunak zeuden Polizia operatiboaren barruan, kazetariekin batera. Borgoinako Gurutzea duten banderak eta pankartak dituzte Quilesen jarraitzaileek, eta parean daude haren kontra mobilizatutako antifaxistak. Lehen kargak egin ditu Poliziak, pilotazko dozenaka goma jaurti dituzte eta liskarrak inguruko kaleetara zabaldu dira.
Yamaguchiko liburutegia itxi egin dute, eta kaleren batean zabor edukiontziak erre dituzte, Golem Zinemen inguruan.
Bi elkarretaratze
Gaurko egunerako, herri mugimenduak bi deialdi egin ditu Quilesen ekitaldia dela eta, «faxismoaren kontra»: 17:00etan zen lehena, Konpainia plazan, eta bestea Gaztelu plazan, 17:30ean. Lehenengoa mobilizazioa izan da, mila pertsonatik gorakoa, eta Yamaguchi plazara joan dira, bertan baita Quiles ekitaldia egitekoa. Bigarren deialdia, berriz, elkarretaratzea izan da, eta ez dira bertatik mugitu. Izan ere, hasiera batean Quilesek Gaztelu plazan zuen deialdia, baina baimenik eskatu gabe egin zuen dei. Hori baliatuz, Quilesen aurretik eskatu zuen protesta baimena leku berean herri mugimenduak, eta Quilesek lekuz aldatu behar izan zuen bere ekitaldia.
Informazioa berritzen ari gara.
