Asiron: «Oso argi dut nondik etorri den probokazioa»

Asiron: «Oso argi dut nondik etorri den probokazioa»

Atzo arratsaldean Iruñean izandako istiluak deitoratu ditu Joseba Asiron Iruñeko alkateak. «Ezin dut ontzat jo istiluak sortzea eta hiri altzariak hondatzea». Alta, Asironek argi utzi du Vito Quilesen ekitaldi faxista izan zela guztiaren zergatia: «Argi dut nondik etorri zen probokazioa», azaldu du, eta gaineratu: «Hau ez da bere ideiak eta ikuspegia azaltzera datorren pertsona bat. Hau da probokazioa eta faxismoa, eta faxismoak ideiak suntsitzea du helburu». 

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen aurrean Vito Quilesek bira bat egingo du eta abiapuntu gisa Iruñea hautatu zuen. «Ez du halabeharrez aukeratu Iruñea. Oso hiri antifaxista da, eta bertan desberdinen arteko elkarbizitza eredu bat dago abian», azaldu du Asironek. Bere ustez, hori ez da halabeharrez egin. «Eragozten ez bazaio, orain beste hiri batzuetan barna egin nahi du bira hori», kritikatu du.

Bere ustez, «gorroto mezuen aurka» gogor egin beharko litzateke. Asiron bera atzo Gazteluko plazan izan zen. Hasiera batean, Quilesek Iruñeko gune nagusi hori hautatu zuen bere jarraitzaile eskasak biltzeko, baina baimenik eskatu ez zuela-eta, azkenean Espainiako Gobernu ordezkaritzak Yamaguchi plazan egitera behartu zuen. Gazteluko plazan elkarretaratze jendetsua egin zen. «Harresi sozial eta askotarikoa altxatu zen irmo, eta eredu horrekin guztiz bat egin dut».

UPNko presidente Cristina Ibarrolak guztiz bestelako irakurketa egin du, eta bere fokua Quilesengana zuzendu ordez, haren aurka egin zuten manifestari antifaxistengana zuzendu. «Kale borroka ekintza horiek gaitzesten ditut irmo. Ezerk ere ez du indarkeriaren erabilera justifikatzen».

Ibarrolak Asironen jarrera ere gaitzetsi du. «Ez da gai betikoek, muturreko ezker abertzaleko kideek, eragindako indarkeria gaitzesteko». Jarraian, betiko mezua zabaldu eta PSNren aurka jo du. «Onartezina da PSNren moduko alderdiek EH Bilduk bultzatutako bizikidetza plan bat babestu nahi izatea». Uneotan Iruñeko Udala elkarbizitza plana lantzen ari da eta horren harira egin du aipu hori. «PSNk botereari eutsi nahi dio eta berdin zaio Iruñeko aginte makila Joseba Asironi eman izana». 

Marina Curiel PSNko hautetsiaren ustez, «Iruñeak ez du halakorik merezi». Curielen arabera, «batzuen eta besteen ekinbidea gaitzetsi behar da». 

Mikel Armendariz Geroa Baiko hautetsiak istiluak gaitzetsi ditu eta elkartasuna adierazi die zaurituei. Bere esanetan, zauritu bat «uste baino larriago» dago. Armendarizek kritikatu du Vito Quilesek «nahi duena lortu» duela. «Ez zen mitin bat egitera etorri, etorri zen helburu batekin eta lortu zuen. Geroa Baikoak antifaxistak dira. Pertsonaia hauek ez datoz hona adierazpen askatasuna aldarrikatzera, probokatzera baizik». 

Foruzaingoak tiro

Zaurituen artean, gizon bat dago. Foruzaingoak foam bala bat jaurti zion, bekain gainean, begitik oso gertu. Atzo 18:35etan gertatu zen Baiona etorbideko Golem zinema aretoen aurrean, eta bertan ziren hainbat lekukoren arabera, Foruzaingoak egin zuen tiro. BERRIAk baieztatu dezake une horretan kalearen bestaldean bost foruzain zeudela. Espainiako poliziak foruzainengandik 75 metro ezkerrera zeuden, Ermitagaña eta Baiona etorbideko biribilgunean ziren istiluei aurre egiten. Manifestari antifaxistek edukiontziak gurutzatu zituzten errepidean eta harriak jaurti poliziei.

Golem-Baiona zinema aretoen parean eta haren ondoko tabernatan jendea istilu horiei begira zegoen, lasai. Lekuko baten arabera, une horretan norbaitek zerbait bota eta foruzainak foam balak jaurti zituzten. Baletako batek gizon bat jo zuen buruan. Ingurukoek berehala artatu zuten. Anbulantziak etorri ziren eta larrialdietako langileen arabera, gizona «egonkor» dago. Oso zonalde txarrean jo zuen balak, eta buruko kolpe bat denez, bere egoera ikuskatzen egon dira osasun zerbitzuak.

Foruzaingoak ez du goma pilotarik erabiltzen, foam balak baizik. Dena den, araudien arabera, ezin da burura tiro egin. Gizona zerraldo erori zen. Bere aurkako tiroa arriskutsua izan zen begitik gertu izan zelako. Lekuko baten arabera, odoletan hasi zen eta ingurukoek berehala artatu zuten, anbulantziak etorri arte. Gizona kontziente zegoen.

Beste lekuko bat foruzainak ziren kalearen aldean zegoen, baina berehala zauritua artatzen laguntzera joan zen. Kontatu duenez, Yamaguchi plazatik Baiona etorbiderantz zihoan gazte bat foruzainengandik gertu pasa zenean, haietako batek oso metro gutxira tiro egin zion. Dena den, ez dago zauritu horren berririk.

Gutxienez atzo hiru lagun atxilotu zituzten. Horiek aske uztea aldarrikatzeko gaur 19:00etan elkarretaratzera deitu dute Nabarreria plazan. Atxilotuen egoerari buruzko daturik ez dago oraingoz.