Nafarroan orain arte aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzte Abaunzko kobazuloan

Nafarroan orain arte aurkitutako giza aztarnarik zaharrenak topatu dituzte Abaunzko kobazuloan

Inoiz Nafarroan aurkitu diren giza aztarna zaharrenak topatu dituzte Abaunzko kobazuloan. Karbono-14 probaren arabera, orain 44.000 eta 49.000 urte bitarteko gizonezko neandertal heldu baten aztarnak dira aurkitutakoak. Hiru metakarpo, eskuin eskuko hatz hezur bat eta proteina analisiaren bidez identifikatutako bi zati aurkitu dituzte. Ikerketaz arduratu den taldeak adierazi du aurkikuntza hori «erreferente» izango dela neandertalen garapenaz eta desagertze prozesuaz gehiago jakiteko. 

Abaunzko aurkikuntza horrek neandertalen inguruko ikerketan lagunduko du. Zehazki, orain 40.000 urte Homo sapiens espeziea Europan barrena nola hedatu zen ikusten. Ikerlariek azaldu dute aurkikuntzak Nafarroako neandertalen aztarnen miaketen «hutsunea» betetzeko balio izan duela eta, horrekin batera, talde horien «presentzia» eta «biztanleria dinamika» ezagutzeko bidea ireki duela. Orain arte egindako ikerketen arabera, lortutako aztarnetan «bikain» kontserbatu da DNA, eta ikerketak aurrera darraien honetan aukera emango du neandertalen desagertze prozesuan gehiago sakontzeko.

2022an hasi ziren indusketak, bi helburu nagusirekin: neandertalak nola bizi ziren jakitea, eta Mendebaldeko Pirinioek neandertalen desagertze prozesuan izan zuten eragina hobeto ulertzea.