Hamabigarren aldiz, EH Bildu oposizioan dagoen alderdiak bide emango dio Nafarroako Gobernuak prestatutako 2027ko aurrekontu proiektuari. Maria Txibite buru duen koalizio gobernuak —PSN, Geroa Bai eta Zurekin alderdiek osatua— koalizio subiranistaren laguntzarekin aurrera atera ditu orain arteko aurrekontu guztiak.
Gaur, 11:00etan, egingo dute sinadura ekitaldia, Nafarroako Jauregian. Txibite bera ez, gobernuko hiru lehendakariordeak izango dira sinadura ekitaldian. Javier Remirez lehen lehendakariordea, Ana Ollo, bigarrena, eta Begoña Alfaro hirugarren lehendakariordea. Haiekin batera, Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilaria izango da.
Urriaren 9an onartu zuen Nafarroako Gobernuak 2027ko aurrekontu legearen aurreproiektua. Legealdiko azken aurrekontuak izango dira, eta Maria Txibiteren gobernuak 7.285 milioi euroko proposamena aurkeztu zuen, aurtengoa baino %8,1 handiagoa. Finantza kostuak kenduta, gastu mugak ere %8,4 egingo du gora, eta aurreikusi du 6.851 milioi euro erabiliko direla gastu zein inbertsio publikorako.
EH Bilduk baieztatu zuen orduan aurreproiektuak euren zenbait ekarpen biltzen dituela. Koalizioak jakinarazi zuen negoziatzen ari zirela, eta hiru aste geroago iragarri dute akordioa.
UPNk 2015ean Nafarroako Gobernua galdu zuenetik, gobernuan izan diren koalizioek urtero onartu dituzte aurrekontuak EH Bildurekin. 2027ko aurrekontu proiektua parlamentura bidaliko dute orain, eta litekeena da abenduaren 17ko osoko bilkuran onartzea.
