Bost urte eta hamaika hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatu, jo eta mehatxatzeagatik

Bost urte eta hamaika hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati bikotekidea bortxatu, jo eta mehatxatzeagatik

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bost urte eta hamaika hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio 49 urteko gizon bati, bikotekidea bortxatu, jo eta mehatxatzeagatik. Iruñerriko herri batean gertatu ziren erasoak, 2017tik 2020ra bitartean izandako bikote harremanaren baitan eta baita harremana amaitu ondoren ere. Fiskaltzak, hasiera batean, 38 urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatzen zuen gizonarentzat. Azkenean, ordea, akusazioen eta defentsaren arteko akordioaren ondorioz, bost urte eta hamaika hilabeteko zigorra ezarri diote.

Zehazki, bost urteko espetxe zigorra ezarri diote sexu erasoa modu jarraituan egiteagatik, eta beste hamaika hilabetekoa ohiko tratu txarrengatik. Horrez gain, komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu. Epaileek bi aringarri aintzat hartu dituzte delitu guztietan: droga mendekotasuna eta biktimari kalte ordaina eman izana. Izan ere, epaiketa egin aurretik, akusatuak 30.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, erantzukizun zibilaren ordainetan.

Espetxe zigorraz gain, gizonak ezin izango du biktimarekin harremanetan jarri, ezta harengana berrehun metro baino gutxiagora hurbildu ere, hamasei urtez. Halaber, zortzi urteko zaintzapeko askatasun neurria bete beharko du, espetxealdia amaitu ondoren.

Kontrola eta sexu indarkeria

Epaiaren arabera, bikote harremana 2017an hasi zen, eta 2020ko abenduan amaitu. Harremana hasi eta hiru edo lau hilabetera, gizona emakumea kontrolatzen hasi zen: lagunekin harremanak izatea eta kalera ateratzea oztopatzen zion, eta baita janzteko modua kontrolatu ere —soineko motzak eta minigonak erabiltzea debekatzen zion—. Bien arteko harremanak iraun zuen bitartean, gizonak emakumea iraindu, kolpatu eta mehatxatu zuen, epaimahaiak azpimarratu duenez.

Epaiak frogatutzat jo du gizonak 2019ko urrian bortxatu zuela emakumea, eta COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamenduan ere, 2020ko martxotik ekainera, hainbat aldiz sexu harremanak izatera behartu zuela.

Bikoteak alaba bat izan zuen, baina harremana amaitu ondoren ere gizonak sexu harremanak izateko presioa egiten jarraitu zuen. Emakumeak behin eta berriz ezetz esan arren, nahi zuenean ipurmasailak eta bularrak ukitzen zizkion, eta musu ematen zion haren baimenik gabe. Mehatxuak ere ohikoak ziren: epaiak jasotzen duenez, gizonak sarritan pistola batekin tiro egiteko keinua egiten zion emakumeari, edo hatz erakuslea lepotik pasatzen zuen, beldurrik ote zuen galdetuz.