Terrorismoaren biktimen lege berria onartu du Nafarroako Parlamentuak

Terrorismoaren biktimen lege berria onartu du Nafarroako Parlamentuak

Gobernua osatzen duten alderdiek soilik babestu duten arren, aurrera atera da Nafarroako terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparaziorako legea. UPN, EH Bildu eta PP abstenitu egin dira, eta Voxek kontra bozkatu du. Hau da, aldeko 21 boto, 28 abstentzio eta kontrako bat. Legeak bide emango du estatuak ematen dituen diru laguntzak %30 handitzeari.

Ana Ollo Nafarroako bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak defendatu du lege berriak xede duela biktimen arreta bermatzea eta «bakearen eta elkarbizitzaren» aldeko urratsak egitea, «indarkeria oro deslegitimatuz; kasu honetan, indarkeria terrorista eta, bereziki, ETArena». Hain zuzen, Olloren ustez, legeak bide emango du biktima gehiagok legeak ezarritako «eskubide eta onurak» izan ditzaten.

Hain zuzen, legeak 1960tik aurrerako denbora tartea hartuko du, eta lau urteko epe bat ireki dute laguntzak jasotzeko eskaerak egiteko. Laguntza horiek xede dute Espainiako Estatuak ematen dituen laguntzei %30eko gehigarri bat ezartzea, hildakoen familientzat, bahituentzat eta kalte fisiko zein psikikoak pairatu zituztenentzat. Kalte ordain horiek Nafarroako biktimei zuzenduta egongo dira; horretarako, kontuan hartuko dira Nafarroan jazotako ekintzen biktimak zein lurralde hartatik kanpo nafarrek pairatutakoak. Gainera, gobernuko alderdiek EH Bildurekin adostutakoaren arabera, ez da beharrezko izango ebazpen judizial batek biktima izaera hori zehaztea.

Horrez gain, martxoaren 11n, Terrorismoaren Biktimen Europako egunean, biktima horiek oroitzeko eta aitortzeko ekitaldi bat egingo dute aurrerantzean, eta Terrorismoaren Biktimen Parte hartzerako Nafarroako Kontseilua ere sortuko dute.

Hala defendatu du onartutako legea Ollok: «Iraganera begiratzen du, baina baita etorkizunera ere, eta terrorismo modu oro prebenitzea eta ez errepikatzea bilatzen du; nagusiki, ETArena, baina baita indarkeria eta gerrak elkarrizketa eta diplomazia ordezkatu ohi dituzten mundu batetik iritsi daitezkeenak ere».

PSNko Javier Lekunberrik ere adierazi du «lege on bat» dela, biktimen erreparaziorako balio duelako, eta baita «etorkizunera begiratzeko ere»: «Errespetu eta elkarbizitza gradu handiago bat izango duen gizarte batera». Eta antzera mintzatu da Geroa Baiko Mikel Asiain ere. Hark esan du «terrorismoa» ez zela «gatazka politiko bat» izan, «giza eskubideen urraketa bidegabe bat» baizik, eta memoria, duintasuna, egia eta justizia aldarrikatu ditu ETAren biktimentzat.

EH Bilduko Irati Jimenezek ere ontzat jo du biktimen eskubideak aitortzea, baina ez du bat egiten legearen onarpenak ezarriko duen «eszenatokiarekin». Haren iritziz, biktimarioaren araberako eskubide batzuk ezartzen ditu legeak, biktimen arteko «asimetria» eta «jerarkizazioa» eraginez: «Biktima batzuei eskubide batzuk aitortzen zaizkie, eta beste zenbaiti ez. Benetako elkarbizitzak sufrimendu guztiei aurrez aurre begiratzea eskatzen du, eta ez zati bati bakarrik». Zehazki, frankismoaren biktimen eta motibazio politikoko biktimen legeak ere egokitu behar direla esan du.

Ez da nahiko

UPNko Isabel Olabek, berriz, adierazi du biktimak aitortzeko neurriak «onak» diren arren, halako lege batek berarekin ekarri behar duela «jazotako guztia gaitzesten ez dutenen balioztatze etiko eta politikoa» eragoztea. Hori esatean, zuzenean egin dio erreferentzia EH Bilduri, eta handik Alderdi Sozialistara egin du jauzi. PSNri egotzi dio ez duela halako neurririk hartu nahi «bi gobernu galdu» ditzakeelako.

Antzera, PPk argudiatu du lege «anbiziotsu» baten aldekoak zirela eurak, baina gobernuak sustatutakoak ez dituela betetzeko gutxieneko aurrerapauso horiek. «Legeak aurrerapenak dakartza, baina ez gara prestazioen inguruko lege batez soilik ari; memoriaren, duintasunaren, egiaren inguruko lege bat eztabaidatzen ari gara, eta batez ere, justiziaren ingurukoa», esan du Javier Garcia eledunak. Haren ustez, azken horretan huts egiten du, nahiz eta ETAren biktimen zenbait elkartek ontzat jo duten hura; besteak beste, Covitek eta AVTk.