Hego Euskal Herriko autogobernuari eta finantza zein zerga erregimen bereziari erreparatu diote sozialistek. PSNren aburuz, PPk eta Voxek osatuko balute gobernua, litekeena da arriskuan egotea Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa. Hori ikusirik, Nafarroan autogobernua babesteko «benetako aukera» direla nabarmendu du PSNk.
Angel Moleon Senaturako hautagaiak ohartarazi du PPko Sergio Sayasek eskumenetan atzera egiteko asmoa azaldu duela eta Voxek, berriz, Hitzarmen Ekonomia suntsitzeko asmoa. «Gure autogobernua eta foruak baliogabetu nahi dituzte. UPNk, berriz, dio autogobernua babesten duela, baina PPrekin hitzartu du koalizioa».
Moleonen arabera, «mehatxu hori gauzatzeko» eskuinak zein eskuin muturrak beharrezko izango dituzte bi ganberak kontrolatzea. Horregatik, Senatuko botoaren garrantziaz ohartarazi die herritarrei, eta nafarren boto baliagarriari egin dio dei. «Nafarroako gehiengoari adierazi nahi diogu gu garela hori ez gertatzeko euste horma. Guk autogobernua sendotu nahi dugu».
Gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak zerga neurriak adostu dituela EH Bildurekin: pentsiodunei 1.190 euroko pentsioak bermatuko zaizkie errenta zergako kenkari bidez, eta 51.200 beherako errenta duten zergadunei tarifa %5 deflatatuko zaie. «Horrelako neurriak har ditzakegu gure autogobernuari eta zerga erregimen propioari esker».
PSE-EE Getxon
Antzeko mezua eman du PSE-EEk gaur goizean Getxon (Bizkaia). Patxi Lopez Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak galdetu dio PPri nola babestuko duen autogobernua Gipuzkoan «Voxen aldeko botoa» eskatuta. Ohartarazi du Voxek uko egiten diola autogobernuari eta hori ere jokoan dagoela. «Ez gara asko jokatzen ari: guztia dugu jokoan».
Horregatik, Lopezen arabera, hautua sinplea da. Haren hitzetan, ezbaian dago hurrengo lau urteetan aitortutako eskubideetan atzera egitea edo aurrera egitea. «Erabat sinetsita nago Euskadiko herritarrek aurrera egiteko gobernua nahi dutela, pentsioa eta soldatak igo daitezen, gizarte politikek segi dezaten… Horretarako boto paper bakarra dago, Alderdi Sozialistaren aldekoa».
Patxi Lopez gaur, Getxon. PSE-EE.