Abiatu dute Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialaren mendi martxa, zortzigarrenez. Bazterketari aurre egitea du xede. Katalunia, Aragoi eta Euskal Herriko 150 gaztek parte hartuko dute.
E. Elizondo
Beroaldiak goia jo duenean abiatu da, Hondarribitik (Gipuzkoa), Bartzelonako Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialak antolatutako mendi martxa. Parte hartzaileek larunbatean egin zuten aurreneko etapa: 25 kilometroko bidea, Beran bukatzeko. Beroak zaildu zuen gazteen martxa, eta eskertu zuten herriko kultur etxeko giro freskoa. Aitor Elexpuru alkateak eta Ines Matxiarena zinegotziak harrera egin zieten han. 2013an egin zuten mendi martxa lehenengo aldiz, eta orduko helburuari eutsi dio aurtengo aldian ere: bazterketari aurre egitea du xede, egoera zaurgarrian diren gazteentzat aisialdirako eta harremanak lantzeko berdintasun espazio bat sustatuz.
Ia berrogei egunez, zazpiehun kilometro egingo dituzte Pirinioetako mendi martxako parte hartzaileek. Gehienak txandaka ariko dira, baina batzuek ibilaldi osoa eginen dute. 150 gaztek parte hartuko dute, denera: Katalunia, Aragoi (Espainia) eta Euskal Herrikoek. Martxa osoa eginen duten horietako bat da Mohamed Marron gazte marokoarra. Bartzelonan bizi da orain, Ceutako (Espainia) muga duela bi urte zeharkatu eta gero. “Kamioi baten azpiko aldera lotu, eta horrela sartu nintzen Espainian”.
“Urtebete egon nintzen Ceutan pasatzeko zain; denbora horretan, beldurra galdu nuen”, kontatu du. 22 urte ditu, eta Pirinioak ezagutzeko irrikan da, mendia biziki maite baitu. Lehenengoz ari da martxan parte hartzen, baina bide osoa egiteko “gogoz” da.
Harremanetarako toki bat
Marronekin batera, 11 herritartasuneko 25 gaztek parte hartu dute ibilaldiko lehendabiziko etapetan. Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialeko presidente Carmen Garrido da ibilaldiko parte hartzaileen artean. “Gure helburu nagusia inklusioa da; arrazoi ezberdinak direla kausa egoera zaurgarrian diren gazteekin lan egiten dugu. Gazte horiek artatzen dituzten erakundeei espazio eta jarduera bat eskaini nahi diegu, euren lana garatzeko balia dezaten”, azaldu du Garridok ibilaldiaren xedeari buruz.
Mohamed Marron Bartzelonako SuperAccio fundazioko erabiltzailea da, eta erakunde horretako boluntario batzuek lagunduta parte hartzen ari da mendi martxan. Nafarroako gazte migratzaileekin egiten du lan SEI elkarteak, eta erakunde horretako zenbait erabiltzaile eta boluntario ere aritu dira bidea egiten.
Boluntario horietako bat da Estefania Cordoba 19 urteko gaztea. Kolonbiatik ailegatu zen Nafarroara, eta, SEIko erabiltzaile izan eta gero, erakunde horretako hezitzaile da orain. Migrazioaren doluari aurre egiten laguntzen die elkartearekin bat egiten duten bertze gazteei, hain zuzen.
Cordobak eta bertze mendizaleek eskertu dute Berako Udalak egindako harrera. Ia berrogei eguneko jarduera da Pirinioez haraindiko mendi martxa. Zazpiehun kilometroko bidea eginen dute, denera; uztailaren 22an, Gironako (Katalunia) Creusko lurmuturrean amaituko da.
Zortzigarren martxa da aurtengoa. 2013an egin zuten lehendabiziko aldiz, baina azken bi urteotan bertan behera gelditu da pandemiagatik. Carmen Garrido antolatzaileak “biziki” eskertu du aurten berriz egiteko aukera. Bartzelonan du elkarteak egoitza nagusia, baina Iruñean ere badute ordezkaritza bat, iaztik.