Lantxotegi elkarteak Kabia proiektua abiatuko du uztailean; helburua da zubi lana egitea, 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileen eta herrialdean jaiotakoen arteko harremanak garatzeko. Arduradunek herritarrei eskatu diete gogoeta egin dezatela, Nafarroa «benetako» harrera herrialde bilakatu dadin.
Edurne Elizondo
Ez da nahikoa ongi etorri erratea. Hitzez harago, herritarrek ekitea behar dute Nafarroa helmuga duten migratzaileek. Horixe nabarmendu dute Lantxotegi elkarteko kide Arantxa Caminos Garciak eta Irune Ansa Egiletak, eta helburu horrekin prestatu dute Kabia proiektua; uztailean abiatuko dute: “Benetako” harrera eta inklusioa du xede, 18 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileentzat. Hori lortzeko, zubi lana eginen du Lantxotegik, gazte horiek herrialdean jaiotako adin bereko gazteekin harremanetan jartzeko asmoz. Oraindik itxiak diren ateak irekiarazi nahi dituzte, kanpoan zirenek sartzeko aukera izan dezaten.
Lantxotegi Berriozarren sortu zuten, 1983. urtean. Herritar talde batek jarri zuen martxan, garaiko gazteriak zituen arazoek kezkatuta. Herriko mugak gainditu ditu proiektuak, eta hiriburuan garatzen ditu egun dituen programetako anitz; horietako bat da Ahlan Bek izenekoa. 14 eta 30 urte bitarteko gazte migratzaileak ditu ardatz. Haiek erdigunean jarritako beharrak eta kezkak dira Kabia proiektuaren oinarri, hain zuzen ere.
Harremanen arloan dituzten zailtasunak nabarmendu dituzte gazteok: “Zaila da lagun berriak egitea, jendea hagitz itxia baita”; “gelan edo lanean ez bada, hagitz zaila da jendea ezagutzea”; “hemengo lagun bat behar duzu kuadrilla batean sartzeko; bertzela, ez dira zurekin fidatzen”; “nik jendea ezagutu nahi dut, eta nahiko nuke haiek ni ezagutu nahi izatea ere”.
Ahlan Bek programako gazteen hitzak dira horiek. Lantxotegi elkarteak Kabia proiektua aurkezteko Iruñeko Plazara gunean egindako agerraldian ere, antzeko esperientziak kontatu dituzte parte hartu duten migratzaile batzuek. “Hagitz zaila da osatuta dagoen lagun talde batean sartzea. Laneko kideekin gertatzen zait afari bat egiten dugunean gustura egoten garela, baina harremana hor gelditzen da, afari bateko kontua baino ez da, ez da egonkortzen”, kontatu du emakume batek.
Errealitate horretan eragin nahi du Lantxotegiren Kabia proiektuak. Proiektu pilotu bat da, eta, hasteko, 30 pertsona batu nahi ditu egitasmoan: batetik, harrera eginen duten 18 eta 30 urte bitarteko hamabost gazte, herrialdean jaiotakoak; eta, bertzetik, adin tarte bereko bertze hamabost gazte migratzaile. Guztiekin lan eginen dute Lantxotegiko kideek, asmo garbi batekin: harrera eginen duten hamabost gazte horiek zubi bilakatzea, gazte migratzaileek haien kuadrilletan sartzeko aukera izan dezaten.
Topaketak eta kanpaldia
“Zer da kuadrilla?”. Galdera hori egin dute Caminos Garciak eta Ansa Egiletak, proiektuaren aurkezpenean. Erantzunak askotarikoak izan dira: “Segurtasun espazio bat”, batzuentzat; “Ezin zeharkatu” dezaketen hesi baten bertzaldean dagoen gune bat, berriz, bertze batzuentzat. “Denok ez dugu toki bera gizartean; toki batean edo bertzean egon, zailtasun gutxi edo anitz izan ditzakegu sisteman sartzeko”, nabarmendu du Arantxa Caminos Garciak. Kabia proiektuaren bidez, kuadrillak denentzako habia bilakatu nahi dituzte, ongi eta seguru sentitzeko espazio bat, alegia.
Lantxotegiko kideek Kabian parte hartuko duten 30 gazteekin lan eginen dute; formakuntza eskainiko diete, eta, bertzeak bertze, gatazkak kudeatzeko tresnak eman. Uztailean eta abuztuan, gainera, bi topaketa eginen dituzte gazteok, elkar ezagutzeko, eta abuztuaren 13tik 15era, berriz, kanpaldia eginen dute Etxarrin.
“Irailetik abendura bitarte, hilabetean bitan eginen dituzte topaketak. Lantxotegiko kideek, gainera, jarraipena eginen diegu. Gure helburua da gazteei tresnak ematea sor daitezkeen harremanak egonkortzeko”, azaldu du Caminos Garciak.
Kabia proiektua Iruñeko lau auzotan abiaraziko dute: Arrotxapean, Alde Zaharrean, Arrosadian eta Azpilagañan. “Proiektua prestatzen hasi ginenean, diagnosi moduko bat egin genuen, eta auzo horietan dago migratzaile gehien. Horregatik erabaki dugu, hasteko, auzo horietan eragitea”, kontatu du Ansa Egiletak.
Auzo horietako gazteekin lan egitea ez ezik, auzo horietako baliabideak aztertu eta gazte migratzaileen esku jartzea da Lantxotegiren asmoa.”Anitzetan, arazoa da gazteek ez dakitela zer aukera dagoen aisialdiaren esparruan; dituzten aukeren berri eman nahi diegu, auzoetako zerbitzuekin batera, bertze gazteekin harremana izateko urratsak errazte aldera”, berretsi dute Lantxotegiko kideek.
Hirugarren ardatz bat du Kabia proiektuak: kulturen arteko hartu-emanak bultzatu nahi dituzten topaketak eginen dituzte. “Erabat zehazteke dago zer motatako jarduerak eginen ditugun, baina asmoa da hemen eta hemendik kanpo jaiotako jendeak elkar ezagutzea, elkarren berri ematea, nork bere kultura zabaltzea, aurreiritziak eta estereotipoak bazter uzteko”.
Lantxotegiko kideek “gogoeta” egiteko eskatu diete Nafarroan jaiotako herritarrei, eta gogoratu dute “benetako harrera” egunerokoan hasten dela. “Denok dugun arduraz ohartu behar dugu”. Erantsi dute inklusioak harremanen esparruan ere gertatu behar duela “osoa” izateko: “Horretarako aukerak sortzeko lan gin behar dugu”. Hau da, nabarmendu dute atea irekita utzi behar dela habia eraikitzeko, kanpoan direnei sartzen uzteko.