Arguedasko Sendaviva zoologikoa hustu behar izan zuten. Han itxita bizi diren 800 animalietatik hamabi hil dira, «estresagatik».
E. Elizondo
Nafarroa jo duten suteek agerikoa dena baino gehiago erre dute: hamaika animalia hil agertu dira errautsen artean. Orkatzen arrastoak aurkitu dituzte, adibidez, garrek hartutako eremuetan; suak desagerrarazi du txikiagoak diren animalien gorpuen arrasto oro. Zenba daitezkeenak baino anitzez ere gehiago dira, beraz, suteen ondorioz hildako animaliak.
“Ehunka edo milaka, segur aski. Hondamendi zinegetiko bat gertatu da”. Horixe erran dute Adecana Nafarroako ehiztarien elkarteko kideek. Euren ehiza barrutietan hildako animaliez ari dira; hau da, ehizatzeko erabiltzen dituzten eremuetan suak hildako animaliez.
Suteen ondorioz hil ez diren bertze animalia anitzi ere zuzenean eragin die hondamendiak, suak bizitokirik gabe utzi dituelako hamaika espezie. Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko teknikariek hegaztiak aipatu dituzte bereziki, espezie anitzentzat umatzeko garaia delako oraingoa, eta suteen ondorioz hil ez direnek habitata galdu dutelako.
Naturan bizi diren gizakiz bertzeko animaliei ez ezik, Arguedasko Sendaviva zoologikoan itxita dituztenei ere eragin diete suteek. Zentro horretan hamabi animalia hil dira: lau orein zaunkari, sei titi tximu, usain-tximino bat eta txintxilla bat. Zoologikoa kudeatzen duen enpresak ezagutarazi du tokiz mugitzean sortutako “estresarengatik” hil direla. Sendavivan hamaika espezietako zortziehun animalia dituzte.
Txibite, Sendavivan
Suak kalte materialak ere eragin ditu Sendavivan, eta, ondorioz, itxita dago ekainaren 18tik. 2.500 pertsona zeuden egun horretan zoologikoan, sua piztu zenean, eta presaka atera behar izan zituzten. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibite Arguedasen izan zen joan den astean, eta erran zuen Sendaviva “suteen ikur” bilakatu dela. Abuztuan ireki nahi dute, berriz ere.