Lesaka eta Etxalar artean den Bereau zubia moldatzen ari dira. Ekainean abiatu zuten proiektua, eta 646.000 euro inbertituko dituzte, bi helburu nagusi betetzeko: zubiaren Erdi Aroko itxura eta egitura berreskuratzea, eta haren historia gogora ekartzea.
Itsaso Jauregi
Historia orainaldira ekartzea: hori da Jose Luis Franchez (Irurita, 1966) arkitektoaren helburu nagusia Lesaka eta Etxalar artean den Bereau zubian. Franchezek haren zaharberritze prozesuan parte hartu du, Vianako Printzea erakundeko Ondare Arkitektonikoaren Bulegoko burua delako. “Nafarroako ondare historikoa kontserbatzeko aurrekontua dugu, eta, aurten egin genuen programazioan, zubi hau lantzea zen proposamenetako bat”, esan du arkitektoak. Dioenez, eraikin historikoak moldatzeko proiektu guztiak azterketa “sakon” batekin hasten dira, eta Bidasoa errekan den zubia ez da salbuespena, Bereau zubiaren egitura arkitektonikoa ikertu baitzuten eraikuntza prozesua hasi baino lehen. “Zubiaren jatorrizko egitura berreskuratzea da helburua, Erdi Aroko itxura hori berriro lortzea”, adierazi du Franchezek. Zaharra berri bilakatzea, denborak eta moldaketek estalita utzi dituzten aztarnak berriro azaleratzea. 646.000 euro inberdituko dituzte.
Hala ere, zaharberritzeak bere zailtasunak ditu. Ladis Satrustegi Lesakako alkateak prozesuan oztopo nagusi batzuk izan direla aipatu du: “Zailtasun nagusia da zubia Bidasoa errekan dagoela, eta, horren ondorioz, ingurumenari dagokionez baldintza batzuk bete behar dira lanean aritzeko orduan”. Bete behar diren baldintza horietako bat izokinen babesa da, obrak kalte egin baitiezaioke haien ugalketa prozesuari. Bestalde, uholdeak ere kontuan hartu behar dira, abenduan Bidasoa errekak gainezka egin baitzuen.
Beraz, ingurumenean kalterik ez izateko eta uholdeen arriskua eragozteko, obra bi ataletan banatu dute:
lehenengo atala zubiaren eskuineko zatiari dagokio; ekainaren amaieran moldatzen hasi ziren eta urrira arte egongo dira lanean. Bigarren atala hurrengo urteko ekainean hasiko da: ezkerreko aldea moldatuko dute. Hortaz, kalkulatu dute obra 2023ko udazkenean amaituta egongo dela bere osotasunean. “Neguan oso arriskutsua da errekaren ondoan aldamioak jartzea. Horregatik, prozesua bi ataletan banatzea adostu genuen”, esan du Franchezek.
Memoria berreraikitzen
2023ra arte, Bereau zubiaren jatorrizko forma berreskuratzeko lan egingo dute. Baina zein da zubi horren historia? Franchezen arabera, eraikuntzaren kondaira “ezjakintasunez josita” dago: “Orain aztertzen ari gara gaia, zubi horren inguruan ez baitago dokumentazio askorik. Burdinola bati lotutako erreferentzia zaharrak daude, eta XVI. mendean konponketak egin zirela jasota dago”. Oraindik ez da argitu zubia zehazki noiz sortu zen eta eraikuntza nork sustatu zuen, baina badakite Erdi Arokoa dela.
Hala ere, azken hamarkadetan Erdi Aroko forma galduz joan da, eta beste behar batzuei egokitzeko moldaketak egin dituzte, autoak gainetik pasatzeko: “Zubi horri egin zitzaizkion aldaketek ez zuten zerikusirik haren balio historikoarekin”, adierazi du Satrustegik. Baina gorago beste zubi bat eraiki zutenez, Bereauko zubia ibilgailu trafikorik gabe geratu zen, eta, hala, Bidasoan ezkutatutako eraikuntza bilakatu.
Iritsi da, ordea, gordelekutik ateratzeko garaia. Franchezek uste du obra horri esker zubia ahanzturatik “salbatuko” dela: “Azkenean, garrantzitsua den zerbait berreskuratzen ari gara: gure memoria historikoa”. Zubia eta memoria berreraikitzen ari dira obra horretan, behin ahaztutako aztarnak berriro gogora ekarriz. “Badirudi dena dakigula gure herriaren inguruan, baina beti dago zerbait berria ikasteko eta gogoratzeko”, esan du Ladis Satrustegik.