Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak justizia patriarkala jorratu du bere jardunaldietan, Iruñean. Adituek agerian utzi dute egungo sistemak indarkeria patriarkalaren logika betikotzen duela. Genero ikuspuntua jasoko duen justizia errestauratibo baten alde egin dute.
Edurne Elizondo
Zigor sistemaren interesek eta indarkeria sufritu duten emakumeen interesek ez dute bat egiten; ondorioz, egungo zigor sistemak ez digu balio”. Miren Ortubairenak dira hitzak; abokatua da, eta EHUko Zigor Zuzenbideko irakasle izandakoa. Iruñean izan da asteburuan, bertze zenbait aditurekin batera, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak antolatutako jardunaldietan parte hartzen. Justizia “patriarkala” jorratu dute, feminismotik alternatibak erdigunean jartzeko asmoz.
Egungo sistemak muga nabarmenak dituela eta egitura patriarkalari mesede egiten diola nabarmendu dute hizlariek, oro har. Sistema horren helburu nagusia zigor bat ezartzea dela salatu dute, eta, ondorioz, justizia feminista batek antipunitibismotik egin beharko lukeela aurrera. Justizia errestauratibo eta komunitarioaren alde egin dute, baina genero ikuspegia eta gainerako zapalkuntzen ardatzak agerian utziko dituztenak ahaztu gabe.
“Delitu eta zigor gehiago ezartzea da egungo zigor sistemaren logika”, erran du, bertzeak bertze, Laura Macaya gizarte hezitzaileak. Salatu du logika horrek balio duela gizarteko kolektiborik zaurgarrienak kontrolatzeko, eta kasu anitzetan, gainera, “feminismoa instrumentalizatuz” ezartzen dela. Ez hori bakarrik: “Feminismo batek bere egin du diskurtso punitibista hori”. Diskurtso “atzerakoia” dela erantsi du, eta balio duela “familia tradizionalaren aldeko aldarria” egiteko: “Gero eta delitu eta zigor gehiago badugu, dena bada indarkeria, datuek erakutsiko dute benetakoa ez den irudi bat, eta hori baliatuko dute, emakumeen segurtasunaren izenean, andreak berriz ere etxeko esparrura bidaltzeko”.
Emakumeak zer nahi duen
Feminismo batek ontzat eman duen mezu hori agerian utzi behar dela garbi du Arantxa Urkaregi ekintzaile feminista eta Foro Sozialeko kideak. “Erantzun bat eman behar diogu”. Iruñean egindako jardunaldiek horretarako balio izan dute, neurri handi batean: zigor sistema punitibistari eta sistema horren logikak erreproduzitzen dituzten sektoreei erantzun bat emateko, alegia. Balio izan dute, gainera, bertzelako bideak erdigunean jartzeko, eta bide horiek kontuan hartu beharrekoak zehazten hasteko.
Egungo testuingurua zein den azaldu du Miren Ortubaik, eta justizia patriarkalak emakumeen errealitatean duen eragina dagokion esparru teorikoan kokatu du: zigor sistemak zigorraren bidea eskaintzen du, eta indarkeria norbanakoen auzi bilakatzen du, arazoaren egiturazko izaera ezkutatuz. Ortubaik aipatu du zigor sistemaren bidea aukeratzen duen emakumeak garbi izan behar duela bide horrek zer ematen ahal dion eta zer ez. “Bide horrek zigorra eskaintzen dio; emakumeak, ordea, anitzetan, abusua oinarri duen harreman horretatik atera nahi du, eta zigorra ez du lehentasun”.
Zigor sistema horretan patriarkatuak sustatutako estereotipoek eta aurreiritziek indarra dute, eta horrek ekartzen du indarkeria sufritu duen emakumea esparru horretan, berriz ere, biktima bilakatzea. “Ez hori bakarrik: sistemak ezartzen du biktima on bat nor den; indarkeria instituzionalaz ere hitz egin beharra dago”, salatu du Ortubaik.
Adibideak aipatu ditu hark, ustez emakumeen segurtasunaren aitzakiapean onartu diren zenbait legek “zigorraren bidean sakontzen” dutela azaltzeko; Espainiako Kongresuak onartutako Sexu Askatasunaren Berme Integralaren Legea nabarmendu du, adibidez: “Dezepzionatu nau; sexu askatasunaren aurkako eraso guztiak figura bakar batean batzeak epaileen esku utziko du larritasunari buruz erabakitzea; kalean norbaitek oihu egitea eta bortxaketa bat berdin hartzen baditugu erasotzat, horrek ekar dezake erasoaren banalizazioa, eta kasurik larrienak ezkutuan gelditzea”.
Gehiago erran du Ortubaik: “Beldur naiz, emakumeen aurka ez ote duen eginen horrek; norbaitek karrikan oihu egiten badizu, eta zuk ere zerbait erantzuten badiozu, salaketa zuk jasoko duzu, akaso. Gorrotozko delituekin ikusten ari gara hori”. Laura Macayak bat egin du gogoeta horrekin: “Zapaldutako kolektiboak babesteko sortutako figura horrek, ustez babestu nahi dituenen kontra egiten du”, salatu du.
Mugak eta estereotipoak
Indarkeria matxista sufritu duten emakumeen kasuan ere zigor sistemak “muga anitz” dituela berretsi du Eliana Alemanek. Soziologian doktorea da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta erakunde horretan egindako ikerketa batean jaso du “gutxi” direla indarkeria matxistagatik aurrera egiten duten prozedurak: “Aztertutako 540 salaketetako 304tan prozedura ez zuten abiatu, edo ez zuten burutu”.
NUPeko bertze ikerketa batek harreman heterosexualetan diren emakumeen banatzeko edo dibortziatzeko prozesuetan gertatzen dena jorratu du. Izan ere, zigor sistema bazter utzi, eta dibortzioarena da kasu anitzetan emakumeek indarkeriazko edo desberdinkeriazko harremanetatik ateratzeko aukeratzen duten bidea.
Hori ere zaila da, NUPeko ikerketak jaso duenez. Susana Covas, Patricia Amigot eta Ruth Iturbide dira lan horren egileak; indarkeria sexistaren aurkako plataformaren jardunaldietan izan dira azken biak, eta, indarrean diren estereotipoen eta aurreiritzien gainetik, errealitatea “bertzelakoa” dela nabarmendu dute: “Gizartearen iruditerian, emakumea gelditzen da guztiarekin; errealitatea da gehienetan emakumeek alde egiten dutela etxetik, eta haien baliabide ekonomikoek behera egiten dutela”, aipatu du Amigotek.
Psikologia sozialean doktorea da Amigot; gizarte langilea eta Zuzenbidean lizentziaduna, berriz, Iturbide. NUPen egindako ikerketaren bidez, agerian utzi dute botere harremanak nagusi zirela aztertutako harremanetan; indarkeria agertu edo gora egin zuela banatzeko unean; seme-alabak daudenean prozesua are zailagoa dela, eta gizonek emakumeak mehatxatzeko erabiltzen dituztela. “Emakumeak banatzeko erabakia hartzeko, inportantea da babes sare bat izatea, eta baliabideak izatea; ohartu gara parte hartzen duten erakundeetan formakuntzarik eza dela nagusi, eta horrek ekartzen ahal duela harremanean dagoen desoreka areagotzea”, erran du Iturbidek.
Bertze justizia eredu bat
Egungo sistemaren eta dituen mugen gainetik, emakumeen interesak aintzat hartuko dituen justizia eredu bat proposatu du Paz Frances NUPeko Zigor Zuzenbideko irakasle eta Salhaketako kideak, Iruñeko jardunaldietan. Arantxa Urkaregik ere Durangoko Euskal Herriko Jardunaldi Feministetan justiziaren esparruan egindako ekarpenak jarri ditu erdigunean, eta “garatzen” ari diren proposamena azaldu du. Bi ekintzaileok justizia errestauratiboaren alde egin dute, baina ez edonola: genero ikuspegia txertatu behar dela nabarmendu du Francesek, eta gainerako zapalkuntza ardatzak ere hartu behar direla kontuan; Urkaregik, berriz, “zenbait kezka eta zalantza” aipatu nahi izan ditu, “gogoeta bultzatzeko”.
Francesek justizia errestauratiboa garatzeko bi esparru zehaztu ditu: bat, erakundeen barruan; eta bertzea, berriz, erakundeetatik at, komunitatearen alorrean. Justizia errestauratiboa garatzen ari dira jada zenbait erakunde; Nafarroan ere erabiltzen da. Herrialdeko prozesuak aztertu ditu ikerlariak bere proposamena osatzeko, bai eta Kataluniakoak eta Eusko Jaurlaritzaren menpekoak ere.
“Erakundeen esparru horretan, genero ikuspegirik ez dago, eta, ondorioz, ez da feminismoak behar duen justiziaren berme. Formakuntzarik eza da nagusi”, ohartarazi du.
Francesek erantsi du justiziak oinarri duen pentsamendu heteropatriarkala suntsitu behar dela, eta “pertsona guztien bizitzak” erdigunean jarri. “Horretarako, egungo sistemak ezartzen duen logika binarioa atzean utzi behar dugu”, azaldu du ikerlariak.
Erakundeen barruan, Francesen apustua da genero ikuspegia izanen duten justizia errestauratiboko prozesuek gero eta toki gehiago hartzea. Eta helburu hartu du, oro har, justizia komunitarioak egitea gora; hau da, arlo hori nabarmentzea erakundeenaren gainetik. “Proposamen honek bat egiten du erabat zigor zuzenbide garantistaren aldekoen proposamenekin, bai eta zigorraren erantzunaren aurka direnen proposamenekin ere”.
Arantxa Urkaregik Francesekin egin du bat, eta justizia errestauratibo eta komunitarioaren aldeko bidean lau gako nagusi aipatu nahi izan ditu: “Prebentzioa, gertatu denari eman beharreko erantzun publikoa, erreparazioa eta suspertzea”.
Urkaregik esan du erasoa jasan duenak egon behar duela erdigunean, eta inportantea dela jasan duen kaltea aitortzea, eta kalte hori konpontzea. Horrek ekarri behar du erasotzaileak bere erantzukizuna aitortzea, eta konpromisoa hartzea berriz kalterik ez egiteko.
Zailtasunak
Zailtasunak daudela aitortu du Urkaregik, eta mahai gainean jarri ditu justizia komunitarioa garatzeko prozesuan identifikatu dituzten kezkak. Batetik, nabarmendu du helburu hartu behar dutela “munstrorik ez” sortzea; “Erasotzaileak egindako kaltearen erantzukizuna aitortzen ez duenean, edo deus txarrik egin ez duela uste duenean, beraz, zer?”, galdetu du. Bertzetik, erreparazioari buruz, garbi du biktimak errateko duena adi entzun behar dela, eta erdigunean jarri; noraino iritsi da zalantza: “Biktimak eskatzen duen guztia bete behar da?”, bota du, bigarrenez, galdera.
Badira galderak, badira kezkak eta badira zailtasunak. Hori garbi erran dute Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformaren jardunaldietan parte hartu duten adituek. Egungo justizia eredua gainditzeko beharra dagoela ere garbi dute, eta garbi dute, hirugarrenik, feminismoaren eta antipunitibismoaren bidetik garatuko dela behar den eredu berria: genero ikuspegia txertatuko duen justizia errestauratiboaren bidea hartu dute.
Datuak
%38,4
ZENBAT SALAKETA IRIS-TEN DIREN EPAIKETARA. Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako ikerketaren arabera, indarkeria matxistagatik jarritako salaketen %38,4 baino ez da ailegatzen epaiketara. 2017an jarritako salaketak hartu dituzte kontuan ikerketarako.
267
ZENBAT ANDREK DEKLARATU ZUTEN AUZITEGIAN. NUPeko ikerketak 540 auzi aztertu ditu: salaketa jarri zuten emakume horietatik 337k deklaratu zuten Poliziaren aurrean; kopuruak behera egiten du auzitegian: 267k baino ez zuten deklaratu.