25 urteko geldialdiaren ostean, Abaunzko kobazuloak ikertzen hasi dira berriz ere. Neandertalen garaia aztertzen ari dira Mikel Arlegi eta Andion Arteaga arkeologoak.
Olaia L. Garaialde
Zaldazaingo pistatik jarraituz, Arraitz-Orkingo plazatik kilometro batera Abaunzko kobazuloa dago. Urrian, sartu-irtenak izan ziren berriz ere kobazuloaren barnean, ikerketa lanetan aritu baitziren Mikel Arlegi eta Andion Arteaga antropologoak. Kataluniako Giza Paleoekologia eta Eboluzio Sozial institutukoak dira biak, eta Nafarroako Gobernuak emandako diru laguntza bati esker egin zuten indusketa. Orain, jasotakoa ikertzen ari dira, neandertalen garaiari buruz gehiago jakiteko.
Mende laurdena pasatu da kobazuloak ikertzeari utzi ziotenetik, 1994an diru laguntzarik gabe gelditu baitziren. Pilar Utrilla eta Carlos Maza Zaragozako (Espainia)Unibertsitateko arkeologoak ari ziren han lanean, eta mendebaldeko Europako maparik zaharrena aurkitu zuten. H maila topatu zutenean gelditu behar izan zuten ikerketa. Arkeologian mailak zehazten dira konposizioaren, ehunduraren, kolorazioaren eta abarren arabera. H maila da zaharrena aztarna arkeologikoez hitz egitekoan, gutxi gorabehera 45.000 urteko kronologia duena. Aipatutako maila horiek alfabetoaren letren arabera sailkatzen dira, modernoenetik hasi eta antzinakoenera.
H mailan aritu dira, beraz, eta xedea da ikertzea garai horretan bizi zirenek zer-nolako bizimodua zuten: “Gehienbat, leize hartzen [Ursus spelaeus] eta industria litikoko tresnen arrastoak topatu ditugu. Badirudi neandertalen garaikoak direla”. Estratigrafia ere aztertu nahi dute, garai horretako ingurumena nolakoa zen jakiteko: “Ulertu nahi dugu nolako zen landaredia, paisaia, klima…, ahalik eta informazio gehien jaso”. Kobazuloaz gain, garai hori aztertzeko aztarnategi gehiago daude, baina, Arteagaren ustez, aire zabalean daudenez “zailagoa” da horietatik informazioa ateratzea.
Urrian egin zuten indusketa: kobazuloa prestatu, eta hamar egun izan ziren barruan. Andionek kontatu du “zaila” izan zela H mailako indusketa topatzea; Utrillak eta Mazok bere garaian egindako lana jarraituz topatu dute: “Ia hutsetik hastea bezala da, artikuluetan irakurritako informazioarekin lana berregin behar genuelako”.
Utrillak azaldu du bera 1966. urtean hasi zela induskatzen. “Jose Miguel Barandiaranek esan zidan”. Ez du gogoan zergatik utzi zion ikertzeari, baina 1988. urtean Nafarroako Gobernuak esan zion urtegi bat egin behar zutela Arraitz-Orkinen, eta kobazuloa urez beteko zela: “Ahalik eta azkarren husteko esan ziguten”. Hortaz, Mazarekin batera, indusketak egin zituzten 1988. urtetik 1996ra. “Nafarroako Gobernuak urgentziazko indusketak egiteko soilik ematen zuen dirua. Azkenean ez zenez urtegia egin, diru laguntzarik gabe geratu ginen, eta ikertzeari utzi behar izan genion”.
Leizearen barrunbeetan
Nostalgiaz gogoratu du Utrillak kobazuloan bizitakoa: “Esfortzu handia izan zen: lokatzez goitik behera zikindu ginen, eta hotz handia pasatu genuen. Hala ere, kobazuloa oso eskuzabala izan da gurekin, ikertzeko gauza asko eman dizkigulako”. Mendebaldeko Europako maparik zaharrena aurkitu zuten: duela 10.000 urte inguru egindakoa. Harrizkoa da, eta kobazuloaren inguruan zegoen paisaia ikus daiteke; hala nola errekak, bidexkak, mediak eta animaliak. “Mapan agertzen diren ahuntzen tamainak distantzia adierazten zuen”.
Horretaz gain, Nafarroako Museoan dauden hezur batzuen DNA aztertu behar dute, baina diru laguntzak behar dituzte horretarako. Azken urteetan induskatu ez arren, Mazok esan du ikertzen jarraitu dutela: “Azken 25 urteetan, kobazuloaren inguruko sei tesi eta hirurogei artikulu baino gehiago egin dira”. Arlegik eta Arteagak ere jasotako informazioaren inguruko txosten bat idatzi behar dute Nafarroako Gobernuarentzat. Horretarako, urte beteko epea daukate.
Horrez gain, kobazuloa ezagutzeko beste bide batzuk sortu nahi dituzte, itxita daudelako. Horretarako, Arraitz-Orkingo kontzejuaren laguntzaz, Arlegik eta Arteagak kobazuloa ikusteko bisita gidatu “inprobisatua” egin zuten joan den urrian. Datozen urteetan horrelako gehiago egitea espero du Arlegik: “Emaitza zientifikoak lortzeaz gain, jasotzen dugun ezagutza itzuli nahi diogu gizarteari”.
Goiko argazkia: Aitor Burguet Coca.