Mikel Irure diseinatzaileak ‘Hemen goian’ izenburuko fanzinea kaleratu du. Zakarrontziaren ondoan aurkitu zuen eskutitz bat ilustrazioekin irudikatu du, risografiaren metodoa erabiliz.
Itsaso Jauregi
Duela zortzi urte, Mertxe deituriko emakume bat Bartzelonako bere etxetik atera zen, bizitza osoko eskutitzak beso azpian hartuta. Bere ataritik irten eta aldapa jaitsi zuen kalearen amaierako zakarrontzietara iritsi arte, eta han, bere gutunak utzi zituen. Hala ere, ez zituen zakarrontzira bota; eskutitzak kanpoan utzi zituen, bazter batean, norbaitek aurkituko zituelakoan. Edo hori da Mikel Irure (Barañain, 1991) diseinatzailearen teoria, behintzat. Irure 2015eko egun horretan zaborra botatzera atera zen, eta eskutitzak edukiontzien ondoan aurkitu zituen. Inolako zalantzarik gabe, paperak hartu, eta etxera eraman zituen, ezezagun horren bizitza irakurtzeko irrikan. Gutun horietan oinarrituz, Hemen goian fanzinea kaleratu du.
“Kaixo, maitea! Zer moduz? Ondo egotea espero dut. Bestalde, esan behar dizut ez dakidala nola planteatu eskutitz hau, ideiak nahastuak dauzkat”. Horrela hasten zen Mikel Irurek aurkitutako gutunik luzeena. Eskuz idatzitako lau orrietan gizon anonimo batek bere bizipenak eta sentimenduak korapilatu zituen, bikotekide ohiari, Mertxeri, bere egoera azalduz. “Gutun horretan tipoak kontatzen du ospitale psikiatriko batean dagoela, eta bere esperientzia azaltzen du”, esan du diseinatzaileak.
Hasieran, Irurek ez zekien zer egin oroitzapenak eta gogoetak biltzen zituen gutunarekin: “Bazter batean utzi nuen, eta, Iruñera itzuli nintzenean, lanean hasi nintzen. Momentu batean erabaki nuen marrazkiekin eskutitzaren beste irakurketa bat egitea”. Lau orrietako ideia nahasiak hartu, eta ilustrazioetan islatu ditu, beraz. Nahiz eta eskutitza oinarri hartu, Irurek marrazkiak lehenetsi ditu, eta testua soilik ezinbestekoa denean gehitu du. “Pertsonaiaren bizitza ulertzeko pasarteak soilik jarri ditut, eta beste guztiak marrazkietan irudikatu ditut”.
Eskutitzaren eskuz egindako ukitua marrazkietan mantentzeko, risografiaren metodoa erabili du diseinatzaileak. Risografiaren teknika inprimaketa teknika bat da, inprimatzailearen antzekoa. Dena den, bereizketa nagusia da risografian tinta arrabola bakoitzak kolore bakarra erabiltzen duela. Irurek, adibidez, hiru kolore erabili ditu: arrosa, horia eta urdina. Marrazki bakoitza banan-banan inprimatu du kolore bakoitzean. Metodo horrekin, fanzinearen 115 kopia inprimatu ditu, eskuz idatzitako gutunen funtsa mantendu nahi zuelako: “Kopia original bat badago, baina inprimatzeko momentuan denak desberdinak dira; guztiek badaukate akatsen bat, eta honek ematen dio eskuz egindako produktuaren ukitua”.
Horia, arrosa eta urdina bezalako koloreek fanzinea hornitzea nahi zuen egileak, nolabaiteko argitasunez betetzeko berez iluna den istorioa: “Portada beltza da, harentzat kanpoko mundua iluna delako, eta, gero, barrukoa kontrakoa da. Kontraste horrekin jolastu nahi nuen”. Bartzelonako ospitale psikiatriko batean “preso” zegoen gizonaren kontaketak talka egiten du ilustrazioekin, eta kontraesan hura izenburuan ere mantentzea erabaki du Irurek. Garai batean Bartzelonako ospitale psikiatrikoa hiriko goiko partean zegoela azaldu du diseinatzaileak, mendian. Hortik, hiri osoa ikusteko aukera zegoen, baina barren atzetik. “Egia esanda, oso egun gogorrak izan ditut hemen goian”, azaltzen du gizonak bere gutunean.
Erakusleiho berria
Fanzinearen marrazkien, maketazioaren, inprimaketaren eta distribuzioaren atzean egon da Mikel Irure, arretaz lanaren azkeneko ukituak zuzenduz. Uharte zentroko diru laguntza proiektua duintasunez egiteko “ezinbestekoa” izan dela azaldu du, eta euskaraz egindako fanzineak sustatu behar direla aldarrikatu du: “Badago fanzine eszena handi eta indartsu bat, nik uste, baina euskaraz sortutakoa hobetu daiteke. Euskal ekoizle ugari daude, baina euskaraz sortutako fanzine gutxi”. Horregatik erabaki zuen lana euskaraz argitaratzea, nahiz eta eskutitza gazteleraz egon.
Irurek 2015eko egun hartan zakarrontziaren ondoan aurkitu zituen beste gutunak ere gorde ditu, baina, oraingoz, gizon anonimoaren eskutitzarekin soilik lan egiteko asmoa du. Gutunari beste bizitza bat ematea eta gizon horren istorioa berreskuratzea zen fanzinearen helburua, baina oraindik azkeneko elementua falta da: gutunaren protagonistekin harremanetan jartzea. “Mertxeren helbidea badaukat, baina ez naiz harekin harremanetan jarri. Ez dakit nola hartuko duen; haren gutunekin fanzine bat egin dut, eta, gainera, euskaraz”, esan du Irurek. Agian, etorkizunean, Mertxek fanzine euskaldun bat aurkituko du bere postontzian, eta gaztaroko eskutitzak gogora ekarriko dizkio.
Goiko Argazkia: Iñigo Uriz / Foku.