Asperduraren kontra eginez

Asperduraren kontra eginez

Amaia Remirez eta Raul de la Fuente zinema zuzendariek hirugarren Goya saria jaso dute, oraingoan ‘Maldita. A Love Song to Sarajevo’ dokumental laburrarengatik.

Itsaso Jauregi

Errealitatearen eta bere irudimenaren artean bizi da Bozo Vreco, unibertso batetik bestera saltoka. Sarajevon (Bosnia eta Herzegovina) jaiotako abeslaria txikia zenetik bere bi munduak uztartzen saiatu da bere musikan, bere hirian jasotako influentzietan oinarrituz. Abeslaria Clara Peya piano jotzaile katalanarekin elkartu dute Amaia Remirez (Iruñea, 1982) eta Raul de la Fuente (Iruñea, 1974) zinema zuzendariek, Maldita. A Love sSng to Sarajevo dokumental laburrean. Goya saria jaso dute 28 minutuko lan horrengatik: “Ohituta gaude istorio txikiak kontatzera; ikuslea geratzen da gehiago jakiteko gogoz, eta guretzat hori ona da. Ez dugu jendea aspertu nahi”, esan du Remirezek.

Sarajevo eta Bartzelona dira dokumentalaren protagonistak. Bi hirien arteko harremana 1992an jaio zen; Bartzelonan egin ziren Olinpiar Jokoetan Sarajevoko setioaren suntsipena gogorki salatu zen. Bi hirien harremanean sakondu nahi zuen Remirezek, baina baita ikusleek Sarajevoren inguruan duten irudia aldatzea ere: “Sarajevo niretzat gerrarekin lotuta geratu da, baina irudi horrekin apurtu nahi genuen. Elkarbizitzaren eredua da: hiriburu horretan metro koadro gutxietan daude munduko hiru erlijio nagusiak”.

Sarajevo-Bartzelona

Sarajevoren setioaren irudiak bi artisten irudiekin nahasten dira, eta atzean da Bozo Vrecoren ahotsa Clara Peyaren pianoarekin batera. Musikariek ez zuten elkar ezagutzen, beraz, Remirezek eta De la Fuentek kamerak bien aurrean jartzea erabaki zuten, bien arteko harremana naturaltasunez biltzeko. “Bozok bere bizitzari buruz hitz egiten zion Clarari, Sarajevori buruz. Abestiaren zati bat sortzen zuen, eta Clarari bidaltzen zion. Clarak pianoaren inprobisazio batekin erantzuten zion, eta horrela joan ginen grabatzen”, azaldu du Remirezek. Gidoiaren atalik garrantzitsuena Maldita abestiaren zuzeneko emanaldia izan zen, eta horretarako Bozo Vreco Bartzelonara eramatea erabaki zuten, txikitatik miretsi zuen hirira.

Amaia Remirez etxean zegoen Goyaren izendapenaren berri izan zuenean. Berria ez zen guztiz ustekabekoa izan, dokumentalak ibilbide luzea izan zuelako hainbat festibaletan, eta ikus-entzuleen erantzuna positiboa izan zelako. Saria irabaztea, berriz, “sorpresa handia” izan zela adierazi du zuzendariak. Hala ere, ez da Amaia Remirezek eta Raul de la Fuentek irabazi duten lehendabiziko Goya saria, izan ere, haiek sortutako Kanaki films ekoiztetxeak hiru eskultura jaso ditu: Minerita (2013), Un día más con vida (2018) eta orain Maldita. A Love Song to Sarajevo izan dira saridunak.

Azkeneko sariak garrantzi berezia izan du Remirezentzat, lehendabiziko aldiz zuzendari gisa aritu delako: “Konfiantza osoz egin dut lan. Raulen eskutik egin dudalako. Ia hogei urtez egon gara elkarrekin lan egiten, eta oso ongi ezagutzen dugu batak bestearen tonua. Zuzendari gisa ideia pentsatu, transmititu eta badakit nolakoa izango den emaitza. Oso aberasgarria izan da zuzendari lanetan aritzea”.

Saria jasotzean, Remirezek film eta dokumental laburren garrantzia aldarrikatu zuen, oraindik gutxiesten den generoa delako: “Raulentzat eta biontzat oso genero aberasgarria da. Guk nahi dugu jendea zinema aretotik ateratzea gai horri buruz gehiago jakiteko gogoz”. Dokumental laburraren generoan sakontzeko Kanaki films ekoiztetxea sortu zuten 2009an, eta harrezkeroztik istorio hunkigarrien bila aritu dira.

Amaia Remirez eta Bozžo Vreco ‘Maldita. A love song to Sarajevo’ dokumentalean.

Etxetik hurbil

Kanaki ekoiztetxean lantzeko gaiak aukeratzean “oso intuitiboak” direla esan du Amaia Remirezek: erreportajeren batean irakurritakoa, lagun batek proposatutakoa edo liburu batean irakurritakoa lantzen dute. Gizarte gaiekin zerikusia duten istorioak lantzen dituzte beti, eta begirada Euskal Herritik kanpo bideratu dute, orain arte, behintzat.

Aurten, lehen aldiz grabatuko dute Kanakiren pelikula bat Euskal Herrian, hurbilago dauden istorioak ere landu nahi dituztelako: “Zailagoa da hurbilago dagoenari begiratzea. Gauzarik zailena nire familiaren dokumentala egitea izango litzateke”. Etorkizunean, agian, inauteriekin zerikusia duen zerbait grabatuko dutela esan du Remirezek, baina oraindik zehaztu gabe dago.

Dena den, beste herrialde batzuetako istorioak izango dira gehienak aurrerantzean ere. Sierra Leonan grabatzea errazagoa iruditzen zaio zuzendariari, eta azaldu du Bayo, Bayo, Baby izeneko pelikulan lanean dagoela. Honetan ere zuzendari gisa arituko da, Raul de la Fuenterekin batera, baina ez ditu bere ekoizpen lanak alde batera utziko: “Egiten dugun zinema motan ekoizpen lanak ez dira bakarrik dirua bilatzea. Sorkuntza lan erabatekoa da, jorratu nahi ditugun gaiak aukeratu behar ditugulako, nori zuzendu, eta nola landu”.