Arrazakeriaren Aurkako Kontseilua sortuko dute, politika publikoak garatzeko. Araudiak gizarteko esparru guztietan eragitea nahi dute.
Ion Orzaiz
Legealdiko azkeneko osoko bilkuran —martxoaren 30ean— onartu dute Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurka Borrokatzeko Foru Legea. Proiektuak aise gainditu du tramite parlamentarioa, Nafarroako Gobernuari eusten dioten taldeek ez ezik —PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu— EH Bilduk eta Ezkerrak ere baiezkoa eman baitiote. Navarra Sumak abstentziora jo du.
Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politiken kontseilariak nabarmendu du legea “aitzindaria” izanen dela, eta prebentzioan jarriko duela azpimarra, bereziki administrazio publikoan. Adibidez, pertsona arrazializatuei “babes legala eta soziala” emate aldera, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nafar Kontseilua eratuko dute urtebeteko epean. Politika publikoak garatzea eta legea betearaztea izanen du zeregin nagusi, batik bat zainduz sektore publikoak jarrera diskriminatzailerik ez izatea, eta halakoak eragotziz. “Alor publikoa eremu segurua izateko xedea du legeak”, esan du Santosek.
Arreta bulego bat ere sortuko dute, arraza edo jatorri etnikoagatik diskriminazioa jasan dutenek “arreta osoa eta doakoa” jaso dezaten. Aholkularitza eta babesa eskaintzeaz gain, zerbitzu publiko horrek bazterketa kasuei buruzko datuak eta informazioa eskuratuko du, plangintzak diseinatu ahal izateko.
Plana, indarrean
Legean jasotako beste helburuetako batzuk martxan dira jada. Adibidez, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Plana onartu berri du Justizia eta Migrazio Politiken Departamentuak, eta 2026ra arte izanen da indarrean. Gobernuak, gainera, laguntza teknikoa eta ekonomikoa eskainiko die udal eta toki entitateei, plan propioak diseinatu eta “diskriminazio adierazpen zehatzagoei aurre egin diezaieten”.
Edukiari dagokionez, esparru guztietan eragin nahi du legeak: hezkuntzan, osasunean, zerbitzu publikoetan, etxebizitzan, hedabideetan, lan munduan, aisialdian, kirolean, segurtasun publikoan, sare sozialetan… Neurri nagusiak administrazio publikoari berari zuzenduak daude, eta ahalegin berezia jarriko da prebentzioaren arloan. Administrazioko langileek prestakuntza jasoko dute, eta kontzientziazio neurriak ere hartuko dira.
Argazkia: Ekinklik.