Iruñeko Baluarte auditoriumak hogei urte bete ditu. 2003. urteko urrian inauguratu zutenean, UPNko Miguel Sanz zen Nafarroako lehendakaria. Anitzek kezka zuten benetako kulturgune bizia izanen ote zen. Urteotan izan duen garapenaz mintzatu dira kulturaren arloko zenbait kide.
Paula Noya: «Uste dut bazter utzi ditugula hasierako mito eta topiko guztiak»
Edurne Elizondo
Duela hogei urte, BERRIA egunkariko Artea balu… izenburuko testuak Baluarte Iruñeko kultur zentro berriari buruz anitzek zituzten kezkak jaso zituen. Kezka horiek agertu zituztenek ez zuten garbi auditoriuma benetako kulturgune bizia izanen ote zen.
UPNko Miguel Sanz zen orduko Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Maria Bayo sopranoak eta Iñaki Fresan baritonoak eman zuten inaugurazioko kontzertua, 2003ko urriaren 30ean. Baluarten izan zen egun hartan Elena Borboikoa, Nafarroako Gobernuak gonbidatuta.
Auditoriuma da Baluarte, bai eta kongresuen jauregia ere. L itxurako 63.000 metro koadroko eraikin bat da, Patxi Mangado arkitektoak diseinatua. Hogei urteotan, Baluartek 6,7 milioi pertsona hartu ditu, eta 7.000 ekinaldi antolatu. Haietako 3.500 baino gehiago izan dira kultur jarduerak.
Egungo Baluarte ez da 2003. urtean inauguratu zutena. 2003ko BERRIA egunkariko artikuluak urte hartako Baluarteko azaroko eta abenduko programazioaren berri eman zuen: “Musika klasikoa, dantza klasikoa, antzerki klasikoa eta folklore pixka bat”. NAK musika garaikidearen jaialdiaren egoitzetako bat da Baluarte, egun; zinema dokumentalaren Ikuspuntu jaialdiak ere Iruñeko auditoriumean aurkitu du bere tokia. Izan da garapen nabarmen bat, baina, oraindik ere, argiak eta itzalak dituen espazio bat da zentroa.
Itzal nagusietako bat da eraikina bera; zehazki erranda, haren kokapena. Blanca Oriak eta Arantza Santestebanek hori nabarmendu dute. Zinemagilea eta arte komisarioa da Oria, eta 1980ko hamarkadatik ari da kulturaren esparruan. Kultur kudeatzailea eta zinemagilea da Santesteban. Biek azpimarratu dute Baluartek Ziudadelari “bizkarra” ematen diola, eta alderantziz izan beharko lukeela. “Eraikinaren diseinuarekin galdu da Baluarteren eta Ziudadelaren arteko elkarrizketa sustatzeko aukera”, erran du Oriak. “Baluarteko ate nagusiak bizkarra ematen dio Ziudadelari; ematen du Ziudadela dela harresi bat eta Baluarte beste bat. Alderantziz balitz, errazagoa litzateke jendea batetik bestera joatea”, erantsi du Santestebanek.
“Ikuskizunak” hartzeko
Baluarte “ikuskizunak” hartzeko eraiki zutela uste du Santestebanek. Horrelako zentro bat behar dela garbi du, baina uste du hiriko arte adierazpenek eta sormen prozesuek ere izan beharko luketela toki bat auditorium horretan. Ikuspuntu jaialdiak lortu du, eta hori eskertu du kudeatzaileak; zehaztu du, halere, jaialdiak bere aurrekontuaren zati bat baliatu behar izaten duela Baluarteko aretoak egokitzeko, filmak eman ahal izateko.
Oriak atzera egin du so, eta Nafarroako Jaialdiekin lotu du Baluarteren bidea. Erriberrin sortu zen ekinaldi hori, 1981ean. Izena eta egoitza aldatu zituzten gero. 2004an, Baluarten egin zituzten urte hartako jaialdiak. “2003an, 50.000 ikusle baino gehiago izan zituen jaialdiak; garai hartan, bazen gisa horretako ekinaldi bat hartuko zuen zentro baten beharra eta nahia”, oroitu du Oriak. 2004ko jaialdiak izan ziren, ordea, Baluarten egindako bakarrak. “Hurrengo urtean, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen ekinaldi hura, hainbertze eskatutako egoitza lortu eta gero. Hagitz tristea izan zen”.
Eraikinari buruz, Oriak eta Santestebanek agertu dituzten kezkak ditu Oier Zuñiga aktoreak ere. Onartu du Baluarteren gisako espazio bat behar zela Iruñean, baina mugatzat jo du eraikinaren “hoztasuna”.
Baluarteren inguruko hasierako kezkei buruz —eskaintza klasikoegia edo kontserbadorea eginen ote zuen beldur zirenen kezka—, “Iruñea, jendartea eta Baluarte bera aldatu” direla erran du Zuñigak: “Azken urteotan uste dut egin dela ahalegin bat bestelako proposamenak ekartzeko, proposamen garaikideak erakusteko”.
Antzerkia eta dantza, bazter
Musikari toki bat egin diola nabarmendu du Zuñigak; “batez ere, orkestrei eta musika klasikoari”. Ontzat jo du gisa horretako ekinaldietara joan ahal izateko Baluartek ematen duen aukera, baina nabarmendu du antzerkia eta dantza “bazter” gelditu direla. Diziplina horiek ere tokia behar dutela erantsi du. “Antzerkiak
eta dantzak behar dute euren espazioa; dantza garaikidearen esparruan, adibidez, profesional onak ditugu esparru horretan bide bat egiten”. Baluarte, erakusteko ez ezik, sortzeko toki bat ere izan zitekeela gaineratu du.
Auditoriumak euskal kulturaren presentzia indartzeko ere lan egin beharko lukeela uste du Zuñigak. Eta ados da Arantza Santesteban ere. “Euskarak toki eskasa du egun”, erran du. “Euskaldunok ere badugu gisa horretako azpiegituretan kultur eskaintza bat jasotzeko eskubidea. Halako espazio handiek aitortza bat eskaintzen dute, eta euskal sortzaileok eta ikusleok badugu eskubidea hor egoteko”, azpimarratu du Zuñigak.
Hogei urteko bidea egin du Baluartek; bidean segitzeko, badu zer hausnartu. Oraingoa, ospatzeko garaia du. Irailaren 22an eginen dute 20. urteurreneko hurrengo ekinaldia: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa eta Iruñeko Orfeoia ariko dira Baluarteko plazan, 20:00etan.
Argazkiak: Baluarte.
Noya duela bi urte ailegatu zen Baluarteko zuzendaritzara, baina hagitz ongi ezagutzen du Iruñeko auditoriumak hogei urteotan egin duen bidea. Irisgarritasuna nabarmendu du landu beharreko arloen artean.
E. Elizondo
Baluarteren hogeigarren urteurrena oroitzen duten hamaika kartel ikus daitezke Iruñeko auditoriumeko kanpoko aldean. Barruan ere, urteurrena ospatzeko ekinaldien inguruko xehetasunak dituzte mintzagai lantaldeko kide gehienek. Haietako bat da Paula Noya (Santiago de Compostela, 1979), NICDO-Baluarteko azpiegituren zuzendaria. Bi urte egin ditu kargu horretan.
Nolakoak izan dira Baluarteren hogei urteok?
Hagitz onak. Sei milioi pertsonak baino gehiagok egin dute bat Baluarterekin inauguratu zutenetik.
Jende gehiago hartu dute biltzarrek eta gisakoek, kultur ekinaldiek baino.
Bi esparruak nahiko orekatuta daude, baina, egia da biltzarrek eta gisakoek eragin dutela bisita gehien. 3,7 milioi pertsona inguruk hartu dute parte biltzarretan, eta hiru milioik kultur ekinaldietan. Kontua da biltzarren gisako jarduerek jende gehiago hartzeko gaitasuna dutela.
Arlo horrek zer neurritan baldintzatzen du Baluarteren kultur jarduera?
Biltzarrek ez dute kultur jarduera mugatzen. Bi esparruak uztartzeko aukera dugu. Malgutasuna badugu, lantalde on bati esker. Finean, bi esparru horien arteko bizikidetza da gure DNAren esentzia.
Zer indargune dituzue?
Gure indargune nagusiak dira eraikina bera eta lantaldea. Herritarrek, gainera, hagitz ongi hartzen dituzte gure jarduera guztiak. Herritarrek hasieratik egin diguten harrera eskertu bertzerik ezin dugu egin.
Zeintzuk dira zuen ahulguneak?
Beti falta da zerbait. Badugu zenbait esparrutan egungo errealitatera egokitzeko beharra.
Zer esparrutan?
Digitalizazioan sakontzeko beharra dugu, adibidez; guretzat hagitz garrantzitsua den bertze kontu bat da irisgarritasuna. Gizarteak aurrera egin du, eta egokitzeko beharra dugu arlo horretan ere. Orain arte gutxi erabiltzen genituen espazio batzuk erabiltzen hasi gara, eta horiek moldatzeko lanak egin ditugu; komunak gurpil aulkian mugitzen direnentzat egokitzeko, bertzeak bertze.
Aulkia erabiltzen dutenekin eta bertze desgaitasunen bat dutenekin mintzatu zarete?
Bai. Aretoetan, adibidez, gure helburuetako bat da aulkia behar dutenek nahi duten tokian jarri ahal izatea. Pertsona gorrentzat, berriz, tresna berri bat probatu behar dugu orain. Bizkar zorro moduko batzuk garatu dituzte pertsona gorrek musikaz gozatzeko. Probatzen dutenek tresna on bat dela erraten badigute, gure ekinaldietan eskaintzen hasiko gara.
Duela hogei urte hasi zen zuen bidea. Orduan, batzuek kezka agertu zuten, zuen kultur eskaintza klasikoegia izanen ote zen beldur baitziren. Oker ziren?
Egia da batzuek hori uste zutela; elitistatzat jo izan dute gure kultur eskaintza ere. Nik uste dut hori gertatu dela musika klasikoa topiko horiekin lotu izan delako. Baluarteren gisako azpiegitura handiek halako kezkak pizten ohi dituzte, baina uste dut gure lanak erakutsi duela gure eskaintzak hagitz harrera ona izan duela herritarren artean. Gazteak erakartzeko gai izan gara, eta uste dut bazter utzi ditugula hasierako mito eta topiko horiek guztiak.
Bide berriak probatzeko prest zarete?
Bai. Gu prest gaude, eta Baluarten programatzen duten bertze erakundeak ere bai. NAK jaialdia hartu berri dugu, musika eraman dugu eraikineko terrazara, Ikuspuntu jaialdia hartzen dugu… Gero eta gehiago ari gara bide horietan urratsak egiten.
Baduzue harremana inguruko zuen gisako bertze zentroekin?
Bai; lan handia egiten da bertze hainbat hiritako zentroekin. Donostiako Kursaalekin edo Bilboko Euskaldunarekin, adibidez, harreman ona dugu, benetako elkarlana. Orain, mugaz bertzaldera ere egin nahi dugu so, eta mugaz bertzaldeko hiriekin lan egin.
Nafarroako bertze kultur etxe edo auditoriumekin nolakoa da harremana?
Gure asmoa beti izan da herrialdeko kultur eskaintza handitzea, eta harreman ona dugu bertzeekin; ez dugu bertze zentroen jarduera oztopatu nahi. Antzerkiaren esparruan, adibidez, Gaiarre da, oraindik ere, erreferentzia nagusia.
Euskara zer neurritan hartzen duzue kontuan?
Arlo horretan ere egin dugu aurrera, eta uste dut ematen diogula duen garrantzia. Gure eskaintzan badu bere pisua. Azaroan, adibidez, Benito Lertxundi izanen da Baluarten. Anari ere egon da aurten.