Eskua “askatzeko” eskola bat

Eskua “askatzeko” eskola bat

Iñigo Satrustegik Zirriborro idazketa eskola sortu du, gazteei idazteko heldulekuak emateko. Urriaren 12tik 15era eginen dute, Donezteben. Izena emateko epea zabalik da, irailaren 30era bitarte.

Olaia L. Garaialde

Boligrafoa, arkatza edo idazteko balio duen beste edozer hartu, eta gazteek izkiriatzeko baliabideak lortzeko jaio da Zirriborro idazketa eskola. “Zirriborratzera eta eskua askatzera goaz; ez da deus serioa”, azaldu du Iñigo Satrustegik, ekinaldiaren antolatzaileak. Nafarroako Gazteriaren Institutuaren diru laguntzaz ikastaroz hornitutako lau eguneko doako egonaldia antolatu du Donezteben, urriaren 12tik 15era. Sare sozialen bidez izena eman daiteke jada, irailaren 30era arte.

“Nire asmoa zen heldulekuak eskaintzea euskarazko idazketarako, bere adiera zabalenean, gutxieneko formakuntza bat nahi zuenari”, esan du Satrustegik. Horretarako, tailer espezifikoak zein zabalagoak antolatu ditu; adibidez, Miren Amuritza idazleak pertsonaiak aztertu eta horiek sortzeko teknikak landuko ditu. “Agian, norbaitek eleberri bat sortu nahi du, eta ez daki nondik hasi edo ez daki nondik eraiki pertsonaiak”.

Bakoitzak bere interesak eta metodoak dituenez, “ahalik eta egitarau zabalena” prestatzen saiatu da. Horretarako, besteak beste, poesia eta narrazioa landuko ditu: “Agian, norbaitek ez du interesik eleberrietan, baina Oihana Arana, Iñigo Astiz edo Peru Galbete bezalako batek emandako gauzekin hari bati tira egiteko aukera lortzen du”.

Horrez gain, idazketa “oso bakartia” denez, elkar ezagutzeko lekua izatea ere bada xedea, Satrustegik dioenez: “Bakoitzak bere etxean idazten duenez, gustatuko litzaidake Zirriborrok balio dezala jende gehiago ezagutzeko, konfiantza lortzeko, testuak trukatzeko, besteen iritziak jasotzeko eta kolektibizatzeko”.

Elkarrekin sortzeko

Idazlea ere bada Satrustegi, eta orokorrean sortzeko helduleku “gutxi” daudela uste du: “Gauza asko elkartzen dira: oso bakartia da, lotsa ematen du, eta inork ez dizu esaten nola idazten den eleberri bat edo poesia bilduma bat”.

Iritziak jaso eta ikasteko, adituekin zein aritzen direnekin hitz egitea eta horiekin testuak partekatzea garrantzitsua dela uste du. Hala ere, egindakoa erakustea kostatu egiten dela dio: “Ez dugu geure buruaren kontzientziarik, edo ez dugu sinesten egiten dugun horretan”. Horregatik, bereziki, gazteengana zuzendu du eskola: “Gazteok ez ditugu horrenbeste baliabide, denbora eta esperientzia. Gainera, askotan agerikoa da inpostorearen sindromea”.

Gaineratu du erreferente gazte “gutxi” daudela sentitzen duela, eta daudenak “oso zehatzak” direla: “Ematen du esperientzia eta profil jakin bat izan behar dituzula idazteko; bertsolaria, kazetaria edo mundu horretakoa izan behar duzula bidea egiten hasteko”. Horrelako idazleak egotea “ongi” dagoela uste duen arren, gustatuko litzaioke beste profil batzuk ezagutzea; adibidez, idazten duen eta kulturgintzatik oso urrun dagoen fisikari bat.

Idazleen profila zabaldu nahi du Satrustegik, hain zuzen, tailerrak ahalik eta publikorik zabalenera iristeko. Asmoa da gaur egun kultura dagoen lekuetatik ateratzea, eta herritarrengana zabaltzea: “Ematen du kultura elitearena dela, baina kultura herriarena, langileona eta auzotarrona da”.

Izena emateko epea zabalik da; lehentasuna izanen dute zenbait baldintza betetzen dituztenek: batetik, Nafarroan erroldaturik dauden edo jaioterriarengatik, bizitokiarengatik edo lantokiarengatik Nafarroarekin lotura zuzena duten 18 eta 30 urte arteko gazteak izatea; bertzetik, adin tarte horretatik kanpo egonda ere, Nafarroan erroldaturik egon edo Nafarroarekin lotura zuzena izatea; hirugarrenik, euskal geografiako 18 eta 30 urte bitarteko gazteak izatea; eta, laugarrenik, adin tarte horretatik kanpo egonda ere, euskal geografiakoak izatea.

Doan eta euskaraz

Lau eguneko ikastaroak direnez, eta guztira 30 pertsonarentzako lo egiteko lekua eta otorduak daudenez, lau egunetarako izena ematen dutenek izanen dute lehentasuna. Dena den, egun eta tailer solteetara joateko askatasuna izanen dute. Satrustegik nabarmendu du ez duela inor gauzak egitera behartu nahi, eta nahi duela gazteek gustagarri zaielako parte hartzea.

Proiektua garatu ahal izateko 10.000 euroko diru laguntza jaso du Zirriborroren sustatzaileak, eta horri esker proiekturako sortutako gastu guztiak ordaindu ditu. Hortaz, egonaldia doakoa izanen da. Satrustegik “oso argi” zuen Zirriborro eskolak doan eta euskaraz behar duela: “Ez dago gisa horretako bestelako eskaintzarik, eta dagoena Nafarroatik kanpo dago, edo ez da oso irisgarria”. Hutsune hori bete nahi izan du.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzaz gain, Satrustegik jaso du beste eragile batzuen bultzada; Iñaki Tristan diseinatzailearekin lanean aritu da proiektuaren irudia lantzeko, adibidez; gainera, Euskal Idazleen Elkartearen laguntzaz gonbidatuak lotu ditu: “Euskal Idazleen Elkarteko kideek ere detektatu zuten horrelako zerbait egiteko beharra, baina ez daukate dirurik. Horrelako gauzak sortzeko interesa egon badago, baina ez dago baliabide ekonomikorik”.

Satrustegik lortu du behar zuen babesa, eta, horri esker, Zirriborro idazketa eskola eginen dute, datorren urriaren 12tik 15era, Donezteben.

 

EGITARAUA

Idazteko baliabideak lortzeko lau eguneko doako egonaldia eskainiko du Zirriborro esko-lak, urriaren 12tik 15era, Do-nezteben. Zabalik da sare sozialen bidez izena emateko epea, irailaren 30era bitarte.

Urriak 12, osteguna

10:00. Harrera.
11:00. Yolanda Arrieta: Idazketa sortzailea, Nitik Gura.
17:00. Oier Guillan: Gezi beltzak.
21:00. Afaria.
22:00. Ameli ipuin kontalaria.

Urriak 13, ostirala

09:00. Isabel Etxeberria: Itzulpengintza, sormenerako tresna.
12:00. Jon Alonso: Dokumentazioaren erabilera narrazioetan.

12:00. Oihana Arana: Generoen arteko mugak. Bat-batekotik idatzira; poesiatik narraziora.

14:00. Bazkaria.
17:00. Miren Amuriza: Pertsonaien azterketa eta eraikuntza.

17:00. Yurre Ugarte: Literatura eta gidoigintza; loturak eta aldeak.
21:00. Afaria
22:00. Bañolet filma.

Urriak 14, larunbata

09:00. Uxue Juarez: Abiapuntuak.
12:00. Iñigo Astiz: Poemak ez dira gertatzen.

12:00. Laura Txibite: Umorea literaturan.
14:00. Bazkaria.
17:00. Oihane Garmendia: Pentsatzen dut, beraz, idazlea naiz. Pentsamendua eta literatura parez pare.

17:00. Peru Galbete: Kantagintza, paisaia bat egiteko.
22:00. Peru Galbete: Uraren oldea.