Galiziako Tanxugueiras musika taldeko kide Aida Tarrio eta Olaia eta Sabela Maneiro Iruñean izan dira irailean: sorterriko kultura tradizionalaz aritu ziren hilaren 13an, Nafarroako Liburutegian; 14an, Zentral aretoan jo zuten.
Edurne Elizondo
Galiziako musika tradizionalaren erritmora hazi dira herrialde horretako Tanxugueiras musika taldeko kideak. Txikitan heldu zioten panderoari, eta oraindik ez dute utzi. Alderantziz: gero eta indar handiagoz hartzen dute, euren erroak eta lurra lau haizeetara zabaltzeko, musika eta ahots bilakaturik. Iruñera etorri dira irailean, eta sustrai eta lur horiei aitortza egin. Musika tradizionalari eutsi dioten emakumeen lana nabarmendu dute, eta haien oinordekotzat jo dute beren burua. Hitzaldi-kontzertu bat egin zuten Nafarroako Liburutegian, hilaren 13an; 14an, Zentral aretoko oholtzara igo ziren, Emmusikadas jaialdiaren barruan.
Aida Tarrio eta Olaia eta Sabela Maneiro ahizpa bikiak dira Tanxugueiras. Duela zortzi urte sortu zuten taldea, Galiziako foliada izeneko bestetan jotzeko: “Txikitan hasi ginen hirurok panderoa jotzen. Galizian bat egiten dugu abesteko, kantatzeko eta dantzatzeko; foliada erraten diegu besta horiei. Ogitartekoen eta kafe-likore titarekada baten truke jotzen hasi ginen!”, oroitu du Sabela Maneirok, barre artean.
Hamaika herritan
Umorez aritu dira Tanxugueiras taldeko hiru kideak Iruñeko Nafarroako Liburutegiko hitzaldian. Musika tradizionalari eutsi dioten emakumeek egindako lana, baina, serio hartzen dute. Lan isila izan delako, aitortzarik gabekoa. “Emakumeoi esker dugu egun dugun ondarea”, nabarmendu dute.
Tanxugueiras taldeak urrats bat egin du aurrera, eta sektorea “profesionalizatzen” hasi da, Sabela Maneirok azpimarratu duenez: “Pandero jotzaileek lehen ez zuten kobratzen; gaiteroek, berriz, bai. Pandero jotzaileak emakumeak ziren, eta gaiteroak, berriz, gizonak. Aspaldiko emakume haiek ez zioten baliorik ematen egiten zuten lanari, baina haiei esker dago bizirik gure tradizioa”. Emakume horien jotzeko eta kantatzeko moduak jaso eta grabatu dituztenen ahalegina ere eskertu dute.
Tanxugueiras sortu zutenean, “anitzek” erran zieten taldeko hiru kideei ez zutela “deus” lortuko. Oker zirela erakutsi diete, ordea. Hiru disko kaleratu dituzte jada (Tanxugueiras, Contrapunto eta Diluvio), eta laugarrena prestatzen ari dira. Kuban, Indian, Suitzan, Eskozian eta bertze hainbat herritan jo eta kantatu dute Tanxugueiras taldeko kideek. “Espainian aritzea anitzez ere zailagoa zen guretzat”, oroitu du Sabela Maneirok. Gauzak aldatzen hasi ziren 2022an, Tanxugueirasek Benidorm Fest jaialdian parte hartu eta gero. Ekinaldi horri esker, galiziarrek oihartzun zabala lortu dute.
Jaialdia urrats handi bat izan da Tanxugueirasen bidean, baina kideek garbi erran dute galizieraz kantatzen eta musika tradizionala egiten segituko dutela. “Gure proiektuan sinisten dugu: ez diogu helbururik zehazten geure buruari, baina mugarik jarri ere ez”.
Lehen diskoa gogoratu dute taldekideek. “Gure herriko foliadetan aritzen ginenean, jendeak disko bat egiteko eskatzen zigun. Guk bagenekien zer-nolako soinua lortu nahi genuen, baina, hasieran, behar genituen tresnak ez genituen eskura. Poliki-poliki egin dugu aurrera; trebatuz joan gara, musikaz deus gutxi zekiten pandero jotzaileak baikinen hasieran”, nabarmendu du Aida Tarriok.
Bide horretan, taldekideek beti izan dute garbi esentzia ez dutela galdu nahi. Disko bakoitzarekin ikasi dute lezio bat. Lehenbizikoa Pedro Pascual ekoizlearekin egin zuten, eta haren arrastoa sumatzen dela erran dute Galiziako musikariek. Bigarrena taldeko kideek ekoitzi zuten, Isaac Palacinekin batera. “Ahotsa eta panderoa dira disko horren oinarria; hori nahi genuen”, kontatu du Tarriok.
Diluvio da orain arteko azken diskoa. Iago Picok ekoitzi du. “Gai izan da gure benetako soinua azaleratzeko; sustraien eta lurraren soinua jaso dugu”, erran dute Tanxugueiras taldeko partaideek. Laugarrena bidean da.
Goiko argazkia: Iñigo Uriz / Foku.