Lizarrako herritar talde batek Katalina Eleizegi zena oroitzeko eta omentzeko ekinaldia jarri du abian. Donostian jaio zen Eleizegi, baina Lizarra izan zuen bizitoki 1936tik hil arte. Herri horretan argitaratu gabe dauden hiru antzezlan idatzi zituen.
Edurne Elizondo
Gerraurreko emakume idazleen artean, kasu ezohikoetako bat da Katalina Eleizegirena. Inoiz prentsarako idatzi gabe, zuzenean sariketen bitartez eman baitzuen argitara bere sormen lana, eta arrakastaz urratu zuen bidea, euskal antzerki modernoaren aurrendarietako bat bihurtzeraino”. Horixe idatzi zuen Estitxu Ugarte kazetariak BERRIAn, abuztuan, gerraurreko emakume idazleen inguruan ondutako testu batean, Katalina Eleizegiri buruz (Donostia, 1889-Lizarra, 1963).
Hala eta guztiz ere, Eleizegiri buruz erantzun baino galdera gehiago dago. “Lizarran ezezaguna da, oraindik ere”, nabarmendu du Kristina Berasain kazetariak. Eleizegi Donostian jaio zen, 1889an, baina Lizarra izan zuen bizitoki 1936tik hil zen arte. Lizarrakoa da Berasain, eta herri horretan izan zuen, iaz, Eleizegiren berri. Aurkitutako hariari tira egin dio, eta bertze herritar batzuekin jarri du abian Eleizegi herrian oroitzeko ekinaldi bat.
Gaur, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle Amaia Alvarez Uriak hitzaldi bat emanen du, Lizarrako Fray Diego kultur etxean, 19:00etan. Alvarezek Eleizegiri buruz egin zuen tesia. Urriaren 27an, berriz, Ines Bengoa ipuin kontalariak Etorkizuneko ahots bat iraganean izenburuko emanaldia eginen du, Joxe Lizarraga akordeoi jotzailearekin batera, 19:00etan, Lizarrako udal liburutegian.
Illanesen karta jokoa
Inozentzio Illanes Lizarrako liburu saltzaileak eman zion Berasaini Katalina Eleizegiri buruzko lehendabiziko pista. Illanesek Lizarrako emakumeen historia ezagutarazteko eta zabaltzeko karta joko bat sortu du, eta karta horietako batean eman du Eleizegiren berri. “Kartetan jasotako Lizarrako emakumeen inguruan egindako biografiak euskaratzeko eskatu zidan, eta lan hori egiterakoan aurkitu nuen Katalina Eleizegi”, oroitu du Berasainek.
Lizarrakoak onartu du, halere, orain antolatu duten ekinaldia ez dela Eleizegiren memoria jasotzeko egin den bakarra: aurretik, Lizarrako bertze kazetari batek, Jose Torrecillak, Eleizegi aipatu zuen Lizarran nabarmendutakoen inguruan idatzi zuen liburu batean; eta Ana Diez de Ure historialariak ere Paco Rodarekin batera ondutako Tierra de estrellas lanean jaso zuen idazle donostiarraren berri.
Hasitako bide horretan urratsak egiten segitu nahi dute orain Kristina Berasainek eta harekin bat egin duten gainerako herritarrek. Berasainek berak, Eleizegi izan zuen ardatz, iaz, Lizarrako Maria Maeztu literatura lehiaketara aurkeztu zuen testuan; lehen saria jaso zuen. “Garai berekoak izan ziren Eleizegi eta Maeztu, eta neure buruari galdetu nion, idatzitako testuan, elkar ezagutu izanen ote zuten. Emakumeen inguruko garaiko estereotipoak hautsi zituen Eleizegik”, kontatu du Berasainek.
Eleizegik euskaraz idatzi zuen beti, eta zazpi antzezlan osatu zituen. Lehendabiziko laurak Donostian sortu zituen —Garbiñe, Loretti, Gaine eta Yatsu—. “Etapa horretan, Eleizegiren testuek lortu zuten oihartzuna; egin zitzaion aitortza”, aipatu du Berasainek.
1936an mugitu zen Eleizegi Lizarrara; frankismoaren urte ilunak eman zituen han. Halere, ez zion idazteari utzi, eta argitaratu gabe dauden hiru antzezlan ondu zituen han. Lizarrako herritarrek urratsak egin nahi dituzte Eleizegik idatzitako testu guztiak lan monografiko batean argitaratu ahal izateko. “Erakundeen arteko sinergiak sustatu nahi ditugu, Eleizegiren lan guztiak batera emateko”, azaldu du Kristina Berasainek.
Lizarrako Udalari bertze eskaera bat egin diote: jar diezaiola herriko kale bati idazle donostiarraren izena. Eleizegi ezagutu edo haren berri duten herritarrei, berriz, konta dezatela eskatu diete.