Txapeldunaren lehenengo saioa

Txapeldunaren lehenengo saioa

Nafarroako Bertsolari Txapelketa bihar abiatuko da Iruritan; Saioa Alkaiza txapeldunarekin batera ariko dira han Sarai Robles, Idoia Granizo, Ekain Alegre, Eneko Fernandez eta Egoitz Gorosterrazu.

E. Elizondo

Ailegatu da lehian hasteko garaia: bihar eginen dute Nafarroako Bertsolari Txapelketako lau final-laurdenetako lehendabizikoa, Iruritan. Sei bertsolari igoko dira gizarte guneko oholtzara, hurrengo faserako aukera baten bila.

Saioa Alkaiza (Iruñea, 1991) egungo txapelduna izanen da sei bertsolari horietako bat, eta harekin batera ariko dira Sarai Robles (Barañain, 1996), Idoia Granizo (Altsasu, 1999), Ekain Alegre (Altsasu, 2001), Egoitz Gorosterrazu (Ituren, 1992) eta Eneko Fernandez (Lesaka, 1977). Urduritasuna nabarmendu dute batzuek; neurria emateko eta euren bidean urratsak egiten segitzeko gogoa, berriz, gehienek.

“Ez dut nahi txapelketa kortse bat izatea; hori da nire helburua”, erran du Alkaizak. “Lehiatzera joanen naiz, noski, txapelketak hori exijitzen digulako, baina nire estilotik, tolestu gabe egin nahiko nukeen hori egin beharko nukeenera”.

Sarai Robles txapelketa hasteko irrikan da, lehiaketari neurria hartzeko. “Lasai samar nago, oraingoz. Ikusi nahi dut zer indargune eta ahulgune ditudan oholtzan”. Ongi prestatu dela nabarmendu du, eta, ondorioz, “anbizioz beteta” ekinen diola txapelketako lanari.

Egoitz Gorosterrazuk ere aurretik egindako lana azpimarratu du: “Uste dut momentu onean nagoela; bertso eskolan eta kanporaketan inoiz baino hobeki aritu naizela sentitzen dut. Saio on bat egitea eta jendea gustura gelditzea da nire helburua”.

Urduritasuna

Idoia Granizo, berriz, urduri dago: “Gogoz, baina urduri”. Entrenamenduetan egindako lanarekin kontent da Granizo: “Prozesu aberatsa eta kalitatezkoa izan da; egindako lan hori erakusteko gogoz naiz. Erakutsi nahi dut non nagoen eta ahalik eta gehien eman”.

Ekain Alegrek ere nabarmendu du txapelketa hasi aurreko urduritasuna. “Ikusi nahi dut ea gai naizen loturarik gabe kantatzeko; ariketak bete soilik ez, nire zerbait ere utzi nahi dut txapelketan”. Hori izanen da haren helburua. Aurten bigarrenez ariko da Alegre Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta duela bi urteko esperientzia baliatu nahi du oholtza gainean egin beharreko lanean pauso bat aurrera emateko, hain zuzen ere.

Hasteko gogoz da Alegre; Eneko Fernandezek, berriz, aitortu du “azken unean” eman duela izena txapelketan parte hartzeko. “Azken txapelketan ez nuen ongi pasatu, eta aurten zalantza anitz nuen. Duela bi urte inoizko mailarik onena eman nuen oholtzan, baina txapelketa pisua egin zitzaidan”. Oroitzapen hori bazter utzi nahi du Fernandezek, eta txapelketaz gozatu, oholtza gainean, bai eta handik kanpo ere. Bihar izanen du lehendabiziko aukera.