Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin izan duen bilera amaituta, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak Iruñeko Tutera karrikan duen egoitzara itzuli da Xabier Alkuaz (Tafalla, 1991), erakunde horretako lehendakaria. PSNk Alkuazen hautagaitza babestu zuen urrian, eta, babes horri esker, Tafallako EH Bilduko alkateak hartu zuen federazioko buru izateko ardura. Toki entitateen erronkez eta «ezberdinen arteko akordioak» lortzeko beharraz aritu da.
Hilaren 13an jakin zen EH Bilduk PSNrekin akordioa egin duela: hilaren 28an bozkatuko dute Iruñeko alkatetzan Cristina Ibarrola kargutik kendu eta Joseba Asiron izendatzeko zentsura mozioa.
Zentsura mozioa erregistratu eta gero esan genuen bezala, EH Bilduren eta PSNren arteko akordio politiko bat da, eta pozik hartzen dugu Iruñeko Udalean aldaketa gertatzeko aukera. Beti defendatu dugu indar aurrerakoien arteko adostasuna behar dugula aldaketa eragiteko, eta Iruñean aldaketa lortzeko lehendabiziko urratsa izan zen hilaren 13an egindakoa. Oso pozik gaude.
Ezin zen akordio hori ekainerako egin?
Ez, momentu politikoak ezberdinak dira. Orain lortu da, eta guk aurrera begiratu nahi dugu, pozik, ilusioz eta lan egiteko gogoz. Ziur naiz Iruñeko Udaleko kideak ere lan egiteko gogoz direla; finean, udalean zegoen blokeo egoera bazter uzteko bidea eman du lortu den akordioak, eta hori eskatzen zuten Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak ere. Akordio honi esker, beste aro berri bat ireki da Nafarroan.
Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federaziorako zure lehendakaritza babestu zuen PSNk; akordiorako lehen urratsa izan zen?
Urrian kargua hartu nuenean esandakoa gogoratuko dut: alegia, maiatzeko hauteskundeetan emaitzek erakutsi zutela jendeak gobernu aurrekoiak nahi zituela. Federazioan lehen pauso bat eman genuen hori gauzatzeko, baina ez bakarrik PSNren babesari esker; sozialisten babesa nabarmentzen da, baina federazioaren %60 inguru dira alderdi independenteak, eta alderdi horien arteko gehiengo batek nire hautagaitzaren alde egin zuen.
Zer erakusten du babes horrek?
Garbi dugula Nafarroak aurrera egin dezan ezberdinen arteko akordioak behar ditugula; Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioan eta Iruñeko Udalean akordio hori lortu dugu.
Lortuko da Lizarran, Barañainen edo Eguesibarren ere, hau da, gehiengo aurrerakoiak ezartzeko aukera duten bertze herrietan?
Iruñean Iruñerako akordio bat lortu da. Iruñean landu da, eta Iruñerako da. Beste herrietan ere gertatzen bada, primeran, baina akordio hau Iruñerako da.
UPNrena zen federazioko presidente izateko bertze hautagaia, Tuterako alkate Alejandro Toquero, hain zuzen. Akordioak lortzeko aukera murritzagoa zen harekin?
Argi dugu udalek eta toki entitate guztiek erronka handiak ditugula, eta, horiei aurre egiteko, ezberdinen arteko akordioa ezinbestekoa da. Eta akordioak besteekin hitz eginez lor daitezke. Finean, hori da federazioaren funtsa: ezberdinen arteko elkarlana, denen artean erronka horiei aurre egiteko.
«Toki entitate guztiok erronka handiak ditugu; ezberdinen arteko akordioa ezinbestekoa da»
Non uste duzu izanen dela zailagoa behar diren kontsentsu horiek lortzea?
Uste dut beste alderdiekin konfiantzazko eremuak sortzea dela kontua; hori lortuz gero, adostasunak lortuko ditugu.
Lagunduko du Iruñeko Udalean berriz ere EH Bilduk izateak alkatetza?
Iruñeko alkatea federazioko zuzendaritza batzordeko kidea zen, eta alkate berria ere izanen da. Ni pozik nago Joseba Asiron berriz ere zuzendaritza batzordean egonen delako.
Ezberdinen arteko akordioak behar direla erran duzu. Zertarako? Zeintzuk dira federazioaren erronka nagusiak?
Erronka nagusietako bat da toki administrazioaren erreforma. Egia da 2019an toki administrazioaren erreformarako legea onartu zenetik zenbait arlotan urratsak egin direla; finantzaketaren esparruan, adibidez. Aurreko legegintzaldian lortu zen finantzaketa modua egonkortzea. Baina beste hainbat arlo garatu gabe daude, eta horietan ere pausoak eman behar direla uste dugu; besteak beste, toki entitateen mapan eta eskumenak argitzeko auzian.
Herrien hustea ere bada toki entitateen kezka iturri, azken urteotan. Hori ere bada federazioak landu beharreko gai nagusietako bat?
Bai. Herrien hustea arazo bat da, eta aurre egin behar diogu, denon artean. Auzi hori ez da alderdi bakar baten arazo edo ardura, ez da alderdi bakar baten lana.
Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean aritu beharko duzue?
Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko lege bat egin nahi du, eta federaziotik esan diogu gobernuari lege horretan parte hartu nahi dugula. Herrien hustea sufritzen duten entitateak federazioaren barruan daude, eta federazioarentzat oso gai garrantzitsua da. Auzi horretan lanean ari gara, eta lanean jarraituko dugu.
Zein izan daiteke despopulazioari aurre egiteko bidea?
Konponbide magikorik ez dago. Gobernuak lege bat garatzeko bidea hautatu du, eta prozesu horretan parte hartu nahi du federazioak. Uste dugu bide bakar batek ez duela arazoa konponduko, eta hainbat tresna beharko ditugula hainbat bide lantzeko.
Xabier Alkuaz, Tafallako alkate eta Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko presidentea, erakunde horren Iruñeko egoitzan, joan den astean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Klima aldaketako egungo jokalekuan, toki entitateek zer-nolako rola bete dezakete?
Argi eta garbi, trantsizio ekologikoa eta energia ereduaren trantsizioa funtsezkoak dira, eta horretan asko dute egiteko toki entitateek. Hori ere bada gure erronka nagusietako bat; federazioak tokiko komunitate energetikoak eta autokontsumoa sustatu behar ditu, eta tresnak sortu bide hori jorratzeko. Horri lotuta, klima aldaketak eragindako hondamendiei aurre egiteko tresnak ere behar ditugu. 2019an Tafallan gertatutako uholdeak dira klima aldaketak eragindako hondamendien adibide. Udaleko zinegotzi nintzen ni orduan.
Osasuna eta etxebizitza ere aipatu izan dituzu. Herrietan zerbitzu publikoak bermatzeko beharra inoiz baino handiagoa al da?
Garbi dugu herritarren eskubideak bermatzeko ekinaldiak sustatu behar ditugula. Finean, gure asmoa da herritarren egunerokoa hobetzea, eta eguneroko horretan daude osasuna, etxebizitza, ingurumena, gizarte politikak… Udalerrien arteko elkarte bat da gurea, eta gu gara herritarrekin harreman estuena duen erakundea.
Hori erraten ohi da toki entitateei buruz. Eraginkorrago bilakatzen ditu?
Hori esaten da, eta egia da. Udalak eta kontzejuak herritarrengandik hurbil daude, eta toki entitateok, ondorioz, herritarrek dituzten arazoak partekatzen ditugu. Uste dut hurbiltasun horrek berekin ekartzen duela enpatia handiagoz jokatzea.
«Herrien husteari denon artean egin behar diogu aurre; ez da alderdi bakar baten arazoa, ez da alderdi bakar baten lana»
Tafallako alkatea zara. Zer asmo duzu herrian?
Federazioak dituen antzeko erronkak ditugu: etxebizitza, trantsizio ekologikoa… Alkatetzan EH Bilduren hirugarren legealdia da oraingoa. Aurrekoan zinegotzi aritu nintzen. Epe luzerako proiektuak ditugu, eta horietan segituko dugu lanean.
Lagundu dizu zinegotzi lanak alkate lanerako? Edo ezberdina da?
Lagundu dit, asko, baina egia da egoera ezberdina dela. Asko aldatzen dira gauzak. Talde baten lana dago udalean, baina azken ardura nirea da, nolabait esanda. Hartutako erabakiak defendatzen eta azaltzen dituena da alkatea.
Pisua da ardura hori?
Bai. Eta orain, federazioko lehendakaritzarekin, are nabarmenago bilakatu da ardurak duen pisu hori. Baina lan egiteko gogoz nago. Hasiera, egia esan, zarata handikoa izan da; ez federazio barruan, baizik eta hedabideetan.
UPNk EH Bilduren eta PSNren arteko akordioari egindako kritika gogorrez ari zara?
Bai. Ni presidente hautatu nindutenean ere sortu zen zalaparta, eta orain, are gehiago. Egoera hau barneratzen ari naiz, nik ez baitut neure burua politikaritzat hartzen. Ni Tafallan bizi naiz, han dut kuadrilla, eta pozik nago. Beti aritu naiz kultur eta gizarte kontuetan, eta ez nago ohituta gisa honetako zalapartetara.