Castejongo Udalak salatu du Erribera eta Iruñea lotzeko autobus lineatik at utzi dutela herria

Castejongo Udalak salatu du Erribera eta Iruñea lotzeko autobus lineatik at utzi dutela herria

Nafarroako Gobernuak Erribera eta Iruñea lotzeko autobus zerbitzua berrantolatzeko egindako urratsek herritarren eta agintarien haserrea eragin dute Erriberako zenbait herritan; bereziki, Castejonen, herri hori linea berritik at gelditu baita: Fiterotik, Cintruenigotik eta Corellatik hiriburura joateko zerbitzua Castejondik pasatzen da, baina ez da herrian gelditzen, eta, ondorioz, bidaiaririk ezin du hartu. Castejonen ez, baina Alfaron (Errioxa, Espainia) bai, gelditzen da. «Lotsagarria da; ez du inolako zentzurik», salatu du Castejongo alkate (UPN) Noelia Guerrak.

Erriberako garraio publikoari buruzko kezka ez da oraingoa; aspaldikoak dira zerbitzuaren inguruko kexak, eta herritarren ezinegonak gora bertzerik ez du egin azken hilabeteotan, Nafarroako Gobernua bere asmo berriak garatzen hasi zenetik, hain zuzen ere.

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentua iazko martxoan hasi zen Erriberako garraio zerbitzu berriak ezartzen. Ordura arte, Cintruenigoko, Fiteroko eta Corellako bidaiariek hiru herri horiek eta Alfaro, Rincon de Soto (Errioxa, Espainia), Funes, Azkoien, Tafalla, Puiu eta Barasoain zeharkatzen zituen linea zuten Iruñera joateko. Ia hiru orduko bidaia zuten. Aurreko legealdian, Berta Miranda izendatu zuten Nafarroako Gobernuko Garraiorako eta Mugikortasun Jasangarrirako zuzendari nagusi, eta karguan berretsi zuten, iazko abuztuan. Hain justu, Mirandaren zuzendaritzapean hasi dira aldaketak.

«Tren geltokia urrun da. Herritarrek behar dute herritik ospitaleetara eramanen dituen autobus zerbitzu bat». 
NOELIA GUERRA Castejongo alkatea

Aldaketa horien eraginez, Tafalla inguruko zerbitzua berrantolatu zuten, eta Garraiorako eta Mugikortasun Jasangarrirako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu horrekin lotu nahi izan zuen Fitero, Cintruenigo eta Corella inguruko herritarrek erabiltzen duten linea: Tafallara mugitu nahi izan zuen linea hori, bidaiariek han ibilgailua alda zezaten, Iruñera ailegatzeko. Herritarrek eta udal agintariek ez zuten begi onez ikusi aukera, eta, azkenean, bazter utzi zuten.

Kohesioa ezbaian

Tafallakoa ez da izan Erriberako herrietako bidaiariek ibilgailua aldatzeko saiakera bakarra: Tutera eta Iruñea lotzeko linea berria lizitatu zutenean ere, harekin lotu nahi izan zuten Corella, Fitero, Cintruenigo eta inguruko herrietako zerbitzua. Corellako, Cintruenigo eta Fiteroko udalek bat egin zuten erabaki horren aurka: «Zerbitzua erabiltzen duten herritar gehienak zaharrak dira, eta autobusa hartzen dute medikuarengana joateko; Tuteran ibilgailua aldatu behar izateak ez die inolako mesederik egiten; lurraldearen kohesioari ere ez», nabarmendu zuten alkateek, iaz.

2023ko martxoan abiatzekoa zen bidaiariak Tuterara joanarazi nahi zituen zerbitzua; iazko otsailean, hain zuzen, agerraldia egin zuten Lurralde Kohesiorako Departamentuko agintariek, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibiterekin batera, Erriberako zerbitzu berrietan erabiltzeko erositako hamabost autobus berriak aurkezteko. Udalen protestak eragina izan zuen iaz, eta, azkenean, ez zuten egin gobernuak ezarri nahi zuen aldaketa, eta Cintruenigoko, Corellako eta Fiteroko bidaiariek eutsi egin zioten ibilgailua aldatu beharrik gabeko zerbitzuari.

25.000

Biztanle kopurua. Fiterok, Cintruenigok, Corellak eta Castejonek, laurek batera, ia 25.000 biztanle dituzte. Gaur egun, Fiteroko, Cintruenigoko eta Corellako biztanleek egunean hiru autobus dituzte Iruñera joateko, eta bertze hiru, berriz, hiriburutik itzultzeko.

Linea horretatik kanpo gelditu da Castejon, baina. Noelia Guerra alkateak atzera egin dezala eskatu dio Nafarroako Gobernuari, autobusak herri horretako bidaiariak har ditzan: «Oraindik ez dugu inolako erantzunik jaso. Ezin dugu egoera hau onartu». Guerrak kontatu du Garraiorako eta Mugikortasun Jasangarrirako Zuzendaritza Nagusiak erantzun diela Castejongo herritarrek trena erabil dezaketela. Alkateak azaldu duenez, ordea, trenak ez ditu kontuan hartzen herritarren beharrak: «Herritar anitz medikuarengana joaten dira Iruñera. Lehendabiziko trena ailegatzen denerako, Osasunbideko kontsultak hasiak dira. Tren geltokia, gainera, urrun da, eta autobusa edo taxia hartu behar dute mugitzeko. Herritarrek behar dute herritik ospitaleetara eramanen dituen autobus zerbitzu bat», berretsi du Guerrak.

25.000 biztanle

Fiterok, Cintruenigok, Corellak eta Castejonek, laurek batera, ia 25.000 biztanle dituzte, eta herrion aspaldiko eskaera da Iruñearekin zuzenean lotuko dituen autobus zerbitzu sendo bat izatea, eta, batez ere, Tafallatik edo Tuteratik pasatu behar ez izatea. Gaur egun, Fiteroko, Cintruenigoko eta Corellako biztanleek egunean hiru autobus dituzte Iruñera joateko, eta bertze hiru hiriburutik itzultzeko. Corellara eta Cintruenigora itzultzen diren autobus guztiak sartzen dira Tafallan; autobusak, baina, ezin du Iruñetik abiatutako bidaiaririk utzi han, Iruñea eta Tafalla arteko zerbitzu hori bertze enpresa baten esku dagoelako. Udalek eskatu izan dute autobusa Tafallan ez sartzeko txartelik saldu ez badute. Tafallan sartuta, hain zuzen, hogei minutu inguru luzatzen da bidaia.