Ager eremuko idazleen bila

Ager eremuko idazleen bila

Abian da, zazpigarrenez, Ager Vasconum euskarazko literatur lehiaketa. Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko zenbait toki entitatek antolatu dute, hiru helburu nagusirekin: euskaraz idazteko zaletasuna piztea, literatur sorkuntza bultzatzea eta tokiko ekinaldien alde egitea. Parte hartu nahi dutenek apirilaren 26ra arte aurkezten ahal dituzte lanak.

Tafallako, Erriberriko, Lizarrako, Vianako, Zizur Nagusiko, Zangozako, Lodosako eta Garesko udalek eta Irantzuko Mankomunitateak antolatu dute aurtengo Ager Vasconum lehiaketa; Vianako eta Zizur Nagusiko udalek, hain zuzen, aurten bat egin dute ekinaldiarekin. Urtetik urtera gora egin du antolatzaileen kopuruak, bai eta parte hartzaileenak ere.

Tafallako Udalak 2014. urtean antolatutako euskarazko literatur lehiaketa da oraingo Ager Vasconum ekinaldiaren oinarria. Urte hartan, Tafallan, 33 lan aurkeztu zituzten. Udalak bigarrenez egin zuen lehiaketa, 2015ean, eta 37 lan jaso zituzten. «Tafallako Udaleko arduradunek eta herri horretako Altaffaylla elkarteak beharra ikusi zuten parte hartzea sustatzeko eta lehiaketa zabaltzeko, euskara bultzatze aldera, eta horrela sortu zen Ager Vasconum lehiaketa», kontatu du Lizarrako Udaleko euskara teknikari Kiko Eskobarrek.

Izen horrekin, 2017an antolatu zuten lehendabizikoz euskarazko literatur lehiaketa, Ager eremuko gazteek parte har zezaten. Tafallarekin batera, Erriberriko, Zangozako, Lizarrako eta Lodosako udalek antolatu zuten 2017ko aldi hura. 2018an, Irantzuko Mankomunitatea batu zen ekinaldira, eta iaz, berriz, Garesko Udala. Aurten, azkenik, Vianako eta Zizur Nagusiko udalek bat egin dute. Herriotan guztietan erroldatutako edo herriotako ikastetxeetan ikasten ari diren edo ikasi duten 12 eta 30 urte bitarteko lagunek parte hartzen ahal dute Ager Vascocum lehiaketan, hain zuzen.

Ikastetxeen inplikazioa

Zizur Nagusia Ager eremutik at dago —Iruñerriko udalerri bat da—, baina lehiaketarekin bat egin du udalak, halere. «Kontua da Izarbeibarko gaztetxo askok Zizur Nagusiko institutuan ikasten dutela», azaldu du Eskobarrek. Institutuan euskaraz ikasten jarraitu ahal izateko mugitzen dira Izarbeibarko ikasleak Zizur Nagusira, hain zuzen ere.

«Tafallako Udaleko arduradunek eta herri horretako Altaffaylla elkarteak beharra ikusi zuten parte hartzea sustatzeko eta lehiaketa zabaltzeko, eta horrela sortu zen Ager Vasconum lehiaketa». 
KIKO ESKOBAR Lizarrako euskara teknikaria

Ikastetxeen inplikazioa «funtsezkoa» da Ager Vasconum lehiaketarentzat. Horixe nabarmendu du Lizarrako euskara teknikariak. Oroitu du Tafallan lehiaketa egiten hasi zirenean ere literatura irakasle bat izan zela sustatzaile nagusia. Lehiaketa Ager Vasconum izenburupean antolatzen dutenetik ere, etengabekoa izan da euskara teknikarien eta DBHko ikastetxeetako arduradunen arteko harremana. «Gelako ariketa gisa planteatzen dute irakasleek lehiaketa», zehaztu du Eskobarrek, eta erantsi du ikastetxeetatik at, ordea, «txikia» dela parte hartzea.

Parte hartzaileen artean, gehienak emakumezkoak dira. «Urtero gertatzen da hori; emakumeek parte hartzen dute, batez ere». Ikastetxeetan, irakasleek egiten dute lehen bahetzea: «Lanik onenak aukeratu, eta horiek aurkezten dituzte lehiaketara. Maila handiko lanak jaso ohi ditugu». Eskobarrek nabarmendu du sarituek «asko» estimatzen dutela lehiaketak egiten dien aitortza. 

2017an, Ager Vasconum lehiaketaren lehen aldian, 146 lan jaso zituzten antolatzaileek; 2018an, 154; eta 2019an, 144. 2020an, lehiaketa bertan behera gelditu zen, pandemiaren ondorioz. 2021ean berriz antolatu zuten, eta 106 lan aurkeztu zituzten. 125 izan ziren 2022an, eta, iaz, azkenik, 192.

Apirilaren 26ra arte

Narrazioa eta poesia landu nahi ditu Ager Vasconum lehiaketak, eta bi esparru horiek jorra ditzakete parte hartzaileek. Adinaren arabera zehaztu dituzte kategoriak: DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleak; DBHko hirugarren eta laugarren mailako ikasleak; 17 eta 20 urte bitarteko herritarrak; eta 21 eta 30 urte bitartekoak. Narrazioaren arloan bederatzi sari banatuko dituzte, eta bertze bederatzi olerkiarenean. Lehiaketa antolatzen duten udalek euren webguneetan jaso dituzte sariketari buruzko argibide guztiak.

Aurtengo lehiaketan parte hartu nahi dutenek apirilaren 26ra bitarte dute lanak aurkezteko. Epaimahaiak —Amaia Jasok, Amaia Aldanondok, Angel Errok eta Castillo Suarezek osatua— ekainaren 7an ezagutaraziko ditu irabazleen izenak. Sariak ekainaren 20an banatuko dituzte, Tafallan.

192

Zenbat lan aurkeztu zituzten iaz. Denera, 192 lan aurkeztu zituzten iazko Ager Vasconum lehiaketara. Iaz, Garesko Udalak lehendabizikoz parte hartu zuen.