Sistemaren gabeziak modu komunitarioan asetzeko asmoz, Zaindu Leitzaldea proiektuaren hazia erein zuten iragan udan Estitxu Lertxundik eta Maite eta Xabi Barinagarrementeriak. Martxoaren 1ean jaso zuten uzta: Leitzako Landa industrialdean jarri dute hamaika zerbitzu eskaintzen dituen egoitza, eta hogei bazkide inguru artatzen dituzte. Ordea, azaldu dute ez dela lan makala izan, «pausoz pauso eta xuabe» ondu baitute prozesua.
«Interesdunak euro bat ordaindu beharko du urtean; prezio sinbolikoa jarri dugu».ESTITXU
LERTXUNDI Zaindu Leitzaldea elkarteko kide eta langilea
«Pertsona anitzen hausnarketa prozesu batetik abiatu zen proiektua», esan du Xabi Barinagarrementeriak. Ideia zaparradaren ostean, asetuak ez ziren hainbat behar identifikatu zituzten, eta, premisa horietatik abiaturik, ondorioztatu zuten erantzun kohesionatu bat eman behar zitzaiola Leitzaldeko zaintza sistemaren gabeziei. «Kostatuta, baina lortu genuen proiektua idaztea, eta INNOVA programara aurkeztu genuen ondoren, Mimukai Garapen Zentroak animaturik», esan du Barinagarrementeriak.
Beraz, garapen zentroak, Leitzako Udalak eta LAGA gizarte zerbitzuen mankomunitateak babesturik aurkeztu zuen proiektua hirukoteak. «Programaren lehiaketa irabazi eta diru laguntza eman ziguten». Halaber, apurka-apurka, eskualdeko norbanako zein erakundeak gerturatzen ari direla azaldu du; Leitzako Jubilatuen Elkartea, kasurako.
Auzolana oinarri
«Beste urte batez egongo ginateke proiektua ontzen», esan du, barrez, Xabier Barinagarrementeriak. Izan ere, aitortu du programa horretara aurkeztu izanak epeak murriztu zituela. Iragan udazkenean hasi ziren lokala prestatzen, Ariztela denda izandakoaren eraikinean. «Hasi ginen ja jendearekin hitz egiten, eta elkartearen antolaketan pentsatzen». Halaber, argi utzi nahi izan du eurena ez dela «enpresa bat, irabazi asmorik gabeko elkarte bat baizik, eta auzolana darama DNAn».
Izan ere, boluntariotza eta zerbitzu profesionalak uztartzen ditu proiektuak. Batetik, Bernarda Zabaleta eta Fermin Erbitiren laguntza jasotzen dute: «Ez dakit nola esan, baina zerutik eroritako boluntarioak dira». Bakoitza bere arloan da jaioa: bata sukaldean eta bertzea orotariko konponketetan. Bestetik, elkartean hiru lagunek dihardute profesionalki: Maite Barinagarrementeria, Estitxu Lertxundi eta Jasone Goienetxe. «Hiru profil desberdin gara, baina denetik egiten dugu: kudeaketa lanak, hornitzaileak, bazkideak…», esan du Maite Barinagarrementeriak.
«Hau ez da enpresa bat, irabazi asmorik gabeko elkarte bat baizik, eta auzolana darama DNAn».
XABIER BARINAGARREMENTERIA Zaindu Leitzaldea elkarteko kidea
Halere, erantsi du proiektua zabaldu ahala zerbitzuak profesionalizatuko direla: «Garbitzaileak beharko dira, zaintzarako langileak…Beharrak sortu ahala jende gehiago sartuko da proiektuan». Gizarte zerbitzuen lan poltsaz gain, elkarteak ere bere lan poltsa propioa sortu du. Izan ere, hori da egitasmoaren bertze helburu nagusi bat: kontratatzen dituzten langileei baldintza duinak bermatzea. «Zaintzan eta garbiketan aritzen den jende asko beltzean dabil oraindik ere, eta guk hori amaitu nahi dugu», adierazi du Xabier Barinagarrementeriak.
Orotariko zerbitzuak
Proiektua Leitzan jaio bada ere, zerbitzuak Leitzan ez ezik, Areson, Goizuetan eta Aranon ere eskaintzea da taldearen asmoa. Baina irisgarritasun arazoak direla medio, Leitzan eta Aranon hasiko dira, oraingoz, eta pixkanaka hedatuz joanen dira bertze herrietara. Zerbitzu horiek beharren arabera eskainiko dituztela azaldu du lantaldeak; premiazkoena, ordea, otorduen kudeaketa dela erran du Xabi Barinagarrementeriak: «Adineko jendea, bakarrik bizi direnak edo, besterik gabe, presaka bizi den jendeak arazoak izan ohi ditu eguneko otorduak prestatzeko».
«Hiru profil desberdin gara, baina denetik egiten dugu: kudeaketa lanak, hornitzaileak, bazkideak…».MAITE BARINAGARREMENTERIA Zaindu Leitzaldea elkarteko kide eta langilea
Era berean, behar horretatik abiaturik, bertze zerbitzu batzuk eskaintzen dituzte. Esaterako, erosketa egin eta etxera eramatea, etxe garbiketak, zaintza zerbitzuak, etxeko konponketa ttipiak… Teknologia berriei dagozkienak ere eskainiko dituzte: «Esperientziak erakutsi digu jendea galdu egiten dela gestio telematikoak egiteko orduan, eta ez soilik edadekoak», dio Maite Barinagarrementeriak. Orotariko formakuntzak ere eskaintzen dituzte, ostegunetan.
(ID_17126707709845) Zaindu Leitzaldea elkartearen sukaldea.
Iruñera joan-etorriak egiteko zerbitzua da orain erronka handietako bat, lantaldearen arabera: «Ospitalera, administraziora…; ohikoa da hiriburura joan-etorriak egitea, eta, autorik ez baduzu, garraio publikoa urria da». Taxi zerbitzua kontratatzea pentsatu zuten hasieran, baina Osasunbidearen esku hartzea ezinbestekotzat jo dute: «Herritar batek 08:00etan badu ordua eta bertzeak 13:00etan, ezinezkoa da biak batera kudeatzea. Gure proposamena da osasun zerbitzuak mendialdeko herritarrentzako orduak batera programatzea». Dena den, Leitzan zaintzaren inguruan udalak sustatu duen parte-hartze prozesuan eginen dute proposamena, besteak beste.
Gonbit zabala
Zerbitzuak jasotzeko baldintza bakarra, berriz, bazkide egitea da. «Interesdunak euro bat ordaindu beharko du urtean; prezio sinbolikoa jarri dugu», esan du Lertxundik. Edonor egin daiteke bazkide, eta mundu guztiarentzako zerbait dela azpimarratu dute.
Lokala nolakoa den ikusi nahi duen orori bertara agertzeko gonbita egin dio Lertxundik: «Ateak zabal-zabalik ditugu, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 17:00etara; etorri gurekin infusio bat hartzera, eta ezagut gaitzazu!».