Iñaki Otxoa de Olza 2008ko maiatzaren 22an zendu zen. Bost egun pasatu zituen hil edo bizi Annapurnan, eta han geratu zen betiko. Mendizaleak egindako bideari segida emateko asmoz sortu zuten handik urtebetera SOS Himalaia fundazioa. Elena Sagasetak (Iruñea, 1979) txikitan ezagutu zuen Otxoa de Olza, eta egun fundazioko koordinatzailea da. Bihar Altsasun eginen duten Hiru Mendizerrak ibilaldian Otxoa de Olza oroituko dute. Parte hartzera deitu du Sagasetak.
Noiz egin zenuen bat SOS Himalaia fundazioarekin?
Duela bost urte. Iñaki [Otxoa de Olza] txikitan ezagutu nuen. Auzo berean hazi ginen, Iruñeko Urdazubiko Monasterioa karrikan. Hamaika tokitan egiten genuen bat, eta Iñakiren izeba bat, gainera, nire irakaslea izan zen. Gogoan dut Iñaki Ziudadelan aritzen zela eskalatzen, eta hari so gelditzen ginela. Haren ibilbidea jarraitu nuen; hemengoa zen, ezaguna nuen, eta gustatzen zitzaidan haren berri jasotzea hedabideen bidez. Hil eta gero, fundazioa sortu zuten, eta fundazioak egindako bideari ere jarraitu diot. Orain bertako langilea naiz, eta urtean behin joaten naiz Nepalera.
Herri hori ezagutzen zenuen aurretik?
Ez. Mendiaren inguruko mundu hau ere ez nuen batere ezagutzen. Niretzat erronka bat izan da mundu horretan murgiltzea.
«Iñaki Otxoa de Olzaren balioak inoiz baino beharrezkoagoak dira gaur egun. Iñakiren lanaren, mezuaren eta balioen berri eman nahi dugu».
Fundazioaren helburua da Iñaki Otxoa de Olzak hasitako bideari segida ematea. Nola ari zarete helburua betetzen?
Iñakik amets bat bazuen: dirua bildu nahi zuen kirol proiektu baten bidez, Himalaiako haurrak laguntzeko eta bere bidaia guztietan haur horiei nolabait itzultzeko haiek eman ziotena. Proiektu erraldoi bat zen, Iruñetik atera nahi baitzuen bizikletaz, Nepalera joan, Kangchenjunga igo eta korrika itzuli. Iñaki hil eta gero, inor ez zen proiektu horri segida emateko gai, eta, ondorioz, familiak fundazioa sortu zuen: dirua biltzeko eta Iñakik hainbertze maite zituen Himalaiako herritarrak beren bidean laguntzeko.
Otxoa de Olzaren memoriari eusteko bide bat ere bada fundazioa?
Bai. Duela hamasei urte zendu zen, eta egungo gaztetxoek ez dute ezagutzen. Horretaz ohartu naiz ikastetxeetan egiten ditugun hitzaldietan eta bertzelako saioetan. Tristea dela iruditzen zait, Iñakiren balioak inoiz baino beharrezkoagoak direlako gaur egun. Iñakiren lanaren, mezuaren eta balioen berri eman nahi dugu.
Zeintzuk dira balio horiek?
Elkartasunari eman nahi diogu garrantzia; komunitateak eta kolektiboak indar handia dutela nabarmendu nahi dugu. Galtzen ari dela sumatzen dugu. Lehen, taldean joaten ginen mendira, baina, orain, bidea erakusteko dauden aplikazioekin, ez duzu bertze inoren laguntza behar, eta jende anitz bakarrik joaten da mendira. Mendira joatea komunitatea ehuntzeko bide bat zen, baina hori galtzen ari gara. Iñaki mendian gaixotu eta hil zenean, jende pila mugitu zen hura salbatzen saiatzeko. Elkartasun handia erakutsi zuten mendizaleek, eta hori da guk sustatu nahi duguna.
Hori da Otxoa de Olzaren omenezko mendi martxaren helburua?
Bai. Iaz egin genuen lehendabizikoz, Irurtzunen. Ez dugu martxa propio bat antolatu; asmoa da herrialdean urtero antolatzen dituzten martxak baliatzea, eta aldiro bat egitea Iñakiren omenez. Aurten Altsasuko Hiru Mendizerrak ibilaldiari egokitu zaio. Mendizaleek parte hartzeko ordaindu behar duten kopurutik bi euro fundazioari emango dizkiote.
«Hasieran, 13.000 euro inguruko aurrekontua zen, eta, orain, halako bi; ahalik eta azkarren hasi behar ditugu lanak, haurrak ezin baititugu utzi eskolarik gabe denbora luzez»
Zertarako erabiliko duzue diru hori?
2015eko lurrikarak eragindako kalteak nabarmenak dira, oraindik ere, ibar anitzetan. Makalu inguruan egiten dugu guk lan, eta azken urteotan egindako bidaietan ohartu gara lurrikarak hainbat eraikinetan eragindako pitzadurak gero eta handiagoak direla. Lehen Hezkuntzako eskola gehienak egoera kaskarrean dira. Kalikakoa, batez ere, hagitz egoera txarrean dago. Bi eraikin ditu, eta gure asmoa zen lehendabizi bat berritzea, eta, gero, bertzea. Tuterako Udalaren diru laguntza lortu genuen horretarako, bertzeak bertze. Kontua da orain jakin dugula obra ezin dugula bi fasetan egin, bi eraikinak lotuta daudelako, eta biak batera eraitsi behar ditugu. Hasieran, 13.000 euro inguruko aurrekontua zen, eta, orain, halako bi; ahalik eta azkarren hasi behar ditugu lanak, haurrak ezin baititugu utzi eskolarik gabe denbora luzez. Aurten jasoko dugun guztia erabiliko dugu Kalikako eskola berritzeko.
Batez ere, osasunaren eta hezkuntzaren esparruko proiektuak egin dituzue orain arte. Arlo horiek lehenetsi nahi dituzue?
Bai, eta hango herritarrak inplikatu, haiek gida ditzaten arlo horietako prozesuak. Makaluko ospitalea egin dugu. Eraikin zahar bat berritu dugu, eta ospitale izateko hornitu. Ebakuntza gela bat falta zaigu, baina otsailetik Nepalgo mediku bat ari da han lanean. Hezkuntzan, eskoletan ari gara lanean, eta Iñaki Otxoa de Olza bekak banatzen ditugu. 70 umek baino gehiagok jasotzen dute beka bat egun. Lanean segitu nahi dugu, eta Iñakik egin nahi zuenari segida eman.